argia.eus
INPRIMATU
Konstituzioaren erreforma
Mikel Zurbano 2011ko irailaren 13a

Estatu eredua liberalizatzea eta birzentralizatzea, hori da erreforma honek bilatzen duena. M15 mugimenduak egindako parte-hartze politikoaren aldeko aldarriei ezin zieten erantzun gordinagorik eman Estatuko bi alderdi nagusiek: ukiezina zen konstituzioa urjentziaz erreformatu –hasierako kontzentzua bera hautsita–, erreferenduma alboratuta. Haatik, ekimenaren bizkortasuna aurrekontu egonkortasunaren aldeko erreforma konstituzionalaren edukiak inolako eragin praktikorik izango ez duenean.

Badira hiru arrazoi baieztapen hau egiaztatzen dutenak. Hasteko, aurrekontuaren egonkortasun “estrukturala” aipatzen da testuan, ekonomia zikloarekin lotzen ez dena alegia. Definizio hau Europako Egonkortasun eta Hazkunde Itunetik aldendu egiten da, zeinak defizit publiko “osoa” %3 gainditzea debekatzen duen. Esan beharrik ez dago itun europarraren baldintza Espainiako Estatuan lege organikoz exijituko den defizit estrukturalaren %0,4 baino zorrotzagoa dela. Estatuko betekizunak, beraz, lehengo itun europarrari men egin beharko dio. Honela, espainiar lege berriaren eragin praktikoa ezereztatu egingo da hasieratik.

Bestetik, urjentziaz onartutako erreformak 2020ko urtea du aplikaziorako urtemuga. Zaila dirudi aurretik egonkortasuna erdiestea, hazkunderako dauden igurikimenak edo espektatibak oso eskasak direlako. Areago, egonkortasuna lortzeko politika fiskal oso murrizgarria jarri beharko dute indarrean eta, jakina, honek hazkunde tasan eragin negatiboa izango du. Ondorioz ekonomia susperraldia gehiago atzeratuko da. Esan gabe doa, neurri zorrotzenak prestazio sozialen murrizketa gehigarrien bidetik etorriko direla atzeraldia berrindartuz gero gastu publikoaren osagai ziklikoa igo ez dadin.

Eta azkenik, aipatu dudan bezala Europa mailan antzeko betekizuna indarrean egon arren ez da errespetatua izan. Esaterako, Alemaniak eta Frantziak ere ez zuten egonkortasun baldintza hori bete joan den hamarkadan hainbat urtez.

Berrikuntza eta eragin praktiko bakarra zera da: Autonomia elkarteak egonkortasunaren mugaren betekizunera zuzenki behartuta geratuko dira lege organikoak horretara behartuta. Eta honek bete-betean eragiten dio Euskal Herriko berezko erregimen fiskalari. Kontzertu ekonomikoa zein hitzarmena eta aurrekontu politika Espainiako araudiaren menpe geratuko dira aurrerantzean, beren izaera bilaterala auzitan jarrita.