argia.eus
INPRIMATU
Erakunde publikoei emailuka
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko irailaren 13a

Joan den astean jaso genuen buletina, bostehungarrena. Denbora ez doala alferrik esplikatuz zikindu zitekeen orrialde hau, esanez, adibidez “bostehun Literatur Emailu; alajaina; marka da gero”; eta eskerrak ere emango genizkieke Armiarma.com atariaz arduratzen diren lagunei horrelako zerbitzu txukunarengatik; eta artikulua nahikoa koipeztatua ez balego ordurako, errematea ere eman geniezaioke “ea beste bostehun ere etortzen diren txintxo-txintxo, banaka-banaka, astero-astero, gure bihotzetako e-postetara” bezalako kurtsikeriaren bat jarriz –ofizio gutxiko kazetariok askotan idazten baititugu tankerako bukaera borobil ustekoak artikulua nola amaitu ezin asmatuz gabiltzanean–; sindudarik gabe, elkarri bizkarrekoak eman eta denekin ondo geratzea izaten da prezeptiboa hau bezalako efemeride-artikuluetan.

Ez daukazu ba gogorik, hara. Eta ez Armiarma.com egiten dutenek merezi ez dutelako, ez, zalantza daukazulako baizik, ea zu ote zaren, erabiltzaile bakarti anonimo hori, horrelako zerbitzua klik bitan eta doan edukitzeagatik eskerrak ematen hasi beharko litzatekeen lehenengoa. Are, zalantza daukazulako horrelako webguneak eskatzen duen bilaketa, sailkatze eta digitalizatze lan eskerga argitaletxe batek (Susak) hartu behar ote lukeen bizkar gainean eta ez erakunde autonomiko, foral, unibertsitario edo, sikiera, lokalen batek. Ez ote diren horrelako instituzioak, hain zuzen, Literatur Emailuak bostehungarrenera iritsi izanagatik zorionak, eskerrak eta bibak partitzen hasi beharko liratekeen aurrenekoak, beraiei egitea tokatzen zaiena –eta egin ez dutena– besteek egin dutelako. Zorionak beraz, baimenik gabe emana bada ere, haien partez.