Artopila behintzat

"Denek batera hilarazi eta berez hil zen” erran beharko?

Itxuroso jaio zen orain zortzi urte eremu nafar baikor hura. Hiri kontzeptu berri bat ematen zuen, egoki integratua berezko paisaiarekin: mendi-mazelek, opakuek, eguterek, lautadek, ibaialdeek, soroek, parkeek, auzoek, kolore anitzetako landareek eta tankera desberdinetako eraikinek osaturiko multzo berri bat, ia idilikoa, proiektu baten maketa ezin erakargarriagoa irudi.

Tamalez, maketa hutsean gelditu zen proiektua. Elkarri mokoka hasi ziren laster diseinatzaileak. Ibaialdeetako estetikaren zaleak izan ziren lehenak proiektutik ateratzen, beraiek erdi nahita, bertzeek erdi egotzirik. Mendi malkarrak zein hariztiak lehenesten zituztenek kolore berde uniformedunagoa eman nahi izan zioten eremu berriari, baina hauek ere laster hasi ziren norgehiagoka maketa berregokitzerakoan. Harizti zaleak izan ziren hurrengoak proiektutik irteten. Mendi-maldetako paisaiaren zaleek, nagusi berauek handik hona, malkarrak soro, parke eta muino suabe eta amultsu, baina betiere berde-berde bihurtuko zituztela agindu zuten, hasierako maketaren izpiritua akituko ez zutela. Gutxiago jada hasierako aniztasunetik, baina bazirudien zertxobait gordetzen zuela jaio orduko estilo prometagarri hartatik, eta ausaz egunen batean berreskuragarri izanen zela oraindik ere hura. Edonola ere, proiektuaren heriotza igartzen joaten zen pausoz pauso, maketak erakutsitakoa gauzatu ordez, osagaiak galdu ahala.

Bezero asko inguratu ziren proiektura hasiera-hasieratik. Gainera, maketak aurkezten zuen egitasmoak bazuen bertze erakargarritasun bat: diseinatzaileek ez ezik, bezeroek ere izanen omen zutela lekurik parte hartzeko hura gauzatu orduan. Eta parte hartu zuten. Hori bai, diseinatzaileek uzten zieten neurrian bakarrik. Beraienak eta bortz egin zituzten etengabe diseinatzaile lehiakideen arteko bideak eta zubiak eraikitzen, hasierako maketa gauzatu ahal zedin. Alferrikako lana lehiakideak auzolanean jartze aldera; ez hain alferra, ordea, agonian dagoen proiektuari bizi-itxura eman eta esperantza guztiak ez iraungitzeko.

Alta, honez gero, bertze proiektu eta maketa berde-berde bat, berdetasun zale guztiak bildu nahi dituena, aurkeztu da, bertze bulego diseinatzaile batek egina, eta hemen hizpide dugun aurrekoa oztopotzat baizik ikusten ez duena. Berde bainoago oraindik berdotza agertu arren, honetara bildu ziren harizti zaleak, eta orain berri ñirñir kilikagarria, eutsiezin izateraino kilikagarria ere, egin bide die muino berde zaleei. Ataka estuan daude, hortaz, lehen proiektura inguraturiko hainbat bezero, kolore anitzetako eremuaren zale horiek. Eta urrats bat aurrera ematea erabaki dute: berde guztiak batean bildu beharrean, berdetik kolore gehiagotara zabaltzeko beharra ikusten temati, euren bulego diseinatzaile propioa irekitzera deliberatu dira, lehen proiektua eta haren alde gelditzen diren indarrak bizkortzeko asmoz. Zaila, baina merituzko asmoa, inondik ere.

Ez dakit. Bistan dena, maketa hura ez igeltsuz, ez plastilinaz ez zuten eraiki hasierako diseinatzaileek, ogi-ore bihurtu gabeko irinaz baizik. Ez dakit legamia injektatzeko gai izanen diren Zabaltzen estudio berri gogotsukoak eta ez dut nire burua bulego arautu batean sarturik ikusten. Baina, gaurko bi diseinu hauetako baten bezero izatekotan eta kolore anitzak agintzen zituen maketa lehenetsi nahian ni ere, argi daukat: ogirik ezean, artopila behintzat.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude