Blanco nocturno. Ricardo Piglia. Anagrama (2010). 300 orrialde.
Eleberri poliziakoetan, zenbat eta hildako gehiago agertu, autorea orduan eta baldarragoa dela esan zuen Fernando Savater filosofoak pasa den abuztuan Madrilen, Jorge Luis Borges (Buenos Aires, 1899 - Geneva, 1986) idazle argentinarrari eskainitako jardunaldietan. Ez dakigu idatzi gabeko arau hori nobela beltz guztietan betetzen den ala ez, baina egia da Ricardo Pigliaren Blanco nocturnok Gizon Jakintsuaren hitzak berresten dituela. Onerako, noski. Piglia (argazkian) ere Buenos Airesen jaio zen –1940an–. Hainbat liburu ditu argitaratuak eta Blanco nocturnorekin 2010ean plazaratutako nobela beltz onenaren saria jaso du aurtengo Gijongo (Espainia) Aste Beltzean.
1970eko hamarkada hasieran, Juan Domingo Peronek (1895-1974) Argentinako presidente kargua hirugarrenez hartu aurreko garai gorabeheratsuetan, Tony Durán-ek, Puerto Ricon jaiotako atzerritar galaiak, sexu hirukote gartsua osatu du Ada eta Sofia Belladona ahizpa bikiekin. Buenos Aires probintziako herri bateko familia nagusietako bateko alabak dira, gizon askok desio dituzten perla preziatuak. Mundua deskubritzen ibili dira eta etxera itzultzean Durán e(ra)karri dute. Zaldi lasterketa polemiko baten ostean, atzerritarra hilik topatuko dute haren hotelean. Antza, diru kontuak daude tartean.
Dirua. Ustelkeria. Apustuak. Sexua. Alkohola. Polizia burugogorrak. Kazike aberatsak. Politikari lapurrak. Desertua. Hautsa. Izerdi usaina. Bakardadea. Mugak. Blanco nocturno nobelako osagaiek beste autore amerikar batzuen testuak dakartzate gogora, Txalaparta argitaletxeak fitxatutako Paco Ignacio Taibo II eta Eduardo Antonio Parra mexikarren eta Ramon Diez Eterovic txiletarraren narrazioak, esaterako. Alanbre fin baten gainean dantzan dabiltzan pertsonaia karismatikoak, elkarrizketa biziak (borroka dialektikoak) eta umorea, istorioaren garraztasuna arintzen (ala nabarmentzen?) duen ironia, aipatu autoreen liburuetan errepikatzen diren osagaiak dira guztiak, eta Ricardo Pigliaren nobela ere ez da salbuespena. Onerako.