Aturriren ohe ohian

  • Baiona, Capbreton eta Port d’Albret-eko jendeen artean, Aturri ibaiaz jabetzeko mendeetako borroka eraman zen. Jakina, baionarrek irabazi zuten, errekaren aho berria Bokalen finkatuz. Ondresko oinezkoen blog batean aurkitu genuen lehen aldiz ibilaldi harrigarri horren aipamena: arras zehaztua ez zen arren Bokaletik Ondresera joan zitekeen Aturriren ohe ohiaren aztarnetatik, Garros eta Turc deituriko urmaeletaraino.

Hossegorreko aintzira.
Hossegorreko aintzira.Itxaro Borda

1571ean, Charles IX.a Frantziako erregeak, baionarren negar-auhenak entzunik, Louis de Foix ingeniariari Aturri Lapurdin kokatzeko lanak manatu zizkion. Derragula ideia 1565az geroztik airean zegoela eta aurreneko ikerketak Domingo Iparragirre euskaldunak jorratu zituela. Halatan, diru franko sartu zen Tross­oateko diga luzearen eraikitzeko eta 1.800 metroko urrakoaren zulatzeko. Galerna izugarriek eta Capbretoneko herritarren erasoek zaildu zituzten obrak. Lanak aitzina zihoazela uholde mirakuilutsuak ibaiari itsasorako zintzurra zabalduko zion Bokaleko ahoan. Ubidea sakontzeko ekintzen gastu astunegiengatik oldartu ziren baionarrak, gertakarien lekuko Aturriz desjabeturiko landetarrak irri trufariz zeudela.

Landetarrentzat, Angelutik Port d’Albreteraino garaien arabera, duna eta inta artean zebilen Aturriren desbideratzea ohointza argia izan zen. Literatura markatu zuena. Rosny idazleak 1391n Itsasoa lehian nobela plazaratu zuen eta zazpi urte beranduago Fernand Lotek Ibaia ebatsi zuen gizona. Euskaldunek aldiz euskarazko kantutegiko amodiozko abestirik ederrenetakoa sortu zuten, Baionan egurrez altxatu barra goraipatuz. Aturriren antzera burutik ezin kendua.

Barnealdeetatik errekaz garraiaturiko ekonomia aberatsa garatzen zen ibaiaren azalean, ezpondetan edo portuetan. Capbreton, demagun, Donibane Lohitzunerekin batera, baleazale ausartez mukuru zegoen. Joana Labrit Nafarroako erreginak ontzien habia gisa apailaturiko Port d’Albret-ek ez zuen Louis de Foixen obretatik lekora anitz iraun. Azken hamarkada hauetan udatiarrei esker berpizten doa hargatik. Vieux Boucau eta Capbretonen ageri dira aitzinako egur eta burdinazko digak. Ezen Baionako barra XIX. mendean harri gotorrez zurkaiztu baitzen, itsas ahoko hondar mendiak dragatu behar ziren eta diren bitartean. Batzuek diote lan astun eta erraldoi horiek ibaia desbideratu nahiaz baionarrak gaztigatzeko direla. 

Ebatsitako ibaiaren hondarrak

Ibai bahitu bakarrenetarik bat da Aturri. Bokalez haratagoko landa eremuari interesatzean karta geografikoak bilatzen hasten gara. Baionako elkarte zientifikoaren adiskideen aldizkariak 1925eko René Cuzacqena dakar. Askotan erabili den plana, oinezko ibilbideak asmatzeko edo historia izugarriaren inarrosteko. Hossegorreko aintziraren hegian ere aurkitzen da bat. Ohartzen gara halaz Landa maritimo osoko lakuak eta urmaelak Aturri ohiaren beso hondarrak direla: Moisan, Pinsolle, Hossegor, Turc eta Garros. Pinuen artean, noiztenka ur beltzen usain bortitzaz baizik nabaritu ez daitezkeen putzuak ahantzi gabe. Funtsean, Aturriren landetar memoria ezabatu zen, kasik arras, Herbehereetan bezala, ur biltokiak, itsasorako ubideak eta geroago barta eta gune istiltsuak arbolez estaliz.

Napoleon III.ak bozka arazi 1857ko legeak herriei manatzen zien lurren lehortzeko baliabideak bideratzea, eta xarak pinuz landatzea. Zuhaitz mota hori aspalditik zetzan Landetan, arraxinaren eta bikearen tratuaren iraunkortasuna goraipatzen delako Erdi Arotik gaur arte. Aturri desbideratu bezain laster baserritarrak hasi ziren peza bustiak idortzen enperadore txikiaren ordreen aiduru egon gabe. 1870etik goiti egiazko hobekuntza sentitu zen, paludismo arriskua urrunduz bereziki. Baina ohiko artzain zutoindunek lana galdu zuten, landaketen karietara funtsak pribatizatu zirelako. Etxetiar bihurtu ziren, pinu-gatz biltzaile, oihanzain. Bigarren gerratik hona exodo erruralaren trenak hantu zituzten, beraien haurride euskaldunekin batera.

1883ko maiatzaren 25ean piztu ziren Aturriren ohe ohiaren hondar aztarnak ezkutatuko zituen lehen burdin olharen tximiniak. Bokale-Tarnozeko ingurua berehala industrializatu zen, eskualdea hautatu baitzen ingelesen ikatza eta hegoaldeko euskal meategietatik igorri burdina itsasoz sartzen ahal zirelako moldatuak izateko. Langileak etorri ziren milaka errokan altxatu fabriketara. Bokalen jada desagertzear dagoen metalurgiaren kultura proletariora hedatu zen. Karia horretara ikusgarria da Notre Dame des Forges elizaren horman agertzen den burdin beharginen tresnekin zizelkatu amabirjinaren eta haurraren irudia.

Bitartean Capbreton, gouf itsas leizearen pareko alargun kontsola ezina, ahulduz joan zen. Napoleon III.ak portua sotiltzeko obrak akuilatu zituen. Estakada ospetsuarenak adibidez. Sardina arrantzako ontzi apurrak zenbatzen dira oraino luxuzko bustilekuaren aldamenean. Vieux Boucau bezala udatiarrekiko harremanetatik hazten dabil Capbreton, artatzeko bainuak eta surf ekimenak direla medio. Ez dezagula ahantz eranstea bertan dituela erroak cabernet izeneko mahats sortak.

Aturri, landetarrek galdutako urrea

Aturri ibaia 335 kilometrotan harilkatzen da Ahunamendietan jazarriz, Tarbes, Aire, Grenade, Sant Sever, Akize, Baiona trabesatuz, itsasoan Bokalen urtzeko. Erreka franko irensten ditu bidean zehar. Esku-zabalekoa izenez, uholdez suntsitzen ez dituenean, hegiak aberasten ditu. Landetarrak ulertzen ditugu. Urrea zitzaien ihes joan Louis de Foixen ametsa bete zenean. Baionarren gutizia bekaitza, naski, ez zuten sekula barkatu, landetarren eta euskaldunen arteko gaurko lehiaketak, zeingehiagokak eta pataskak aintzakotzat hartuz.

Historia eder horren hatzak xerkatzeko goizik esnatu behar da. Ahalaz egun eguzkitsu batez. Bokale eta Tarnoze bitarteko gune urbanizatuetan ibiltzean ez zaigu erraz, hor, behin, erreka alfer eta bihurri bat isuri zela irudikatzea. Bokale gainera hupatu orduko ageri dira, igandez ere, Atlantikoko altzairutegien keak, itsasoaren marruma hurbil hautematen dela. Bokaletik Tarnozerako hiriartetik ernatu ordez, hobe dugu menturaz antzinako ibiltari zailduen xendretarik lerratzea, hura baita segur aski Aturriren ohe ohiaren zigiluaz seinalatua karta zaharretan. Baina ez da huts egin behar Tarnozen, munduan geratzen daitekeen Lénine etorbidearen astalkatzeko plazer berezia.

Baionatik Soulacera zihoan erromatar bidea hartzen dute Santiagora doazen beilariek ere. Guk berdin eginen dugu, dagoeneko Landetako departamenduak itsasertzetik marrazturiko txirrinbide txukunaz baliatuz. Sable eta oihan artean, Aturri ohiaren pare. Hemezortzi kilometro daude Baionatik Capbretonera eta arratsalde apalean RDTL autobus konpainiarekin itzuliko gara.

Hiritik oihanera

Trossoateko digaren bostehungarren urteburua ospatzen duen harriaren maldatik mirets dezakegu Aturriren desbideratzeko eraman zen obragintza osoa: harri mizeniarrak metatu ziren eta ibaiaren besoa hautsi, inguru-mingururik gabe, itsasora zuzen isur zedin. Forges auzoan gero kapitalismo sozialaren irakaspenen arabera langile pobreentzat altxatu eskola, egoitzak eta behiala azaldu eliza ikusiko ditugu. Agudo ordea, oihanak irentsiko ditu gure urratsak. Haizeak pinuak balakatzen ditu, isiltasuna eta itzal abegikorra troxatuz. Txirrindularien pistaren atarian, Tarnozeko lurretan gara jadanik.

Metro auzoko hondartzatik uhinen gaziaz gozatuz han eta hemenka erein urmaelak saihesten ditugu. Ondresko Garros eta Turc-ekoak ez daude urruti. Anguillères ubidea ezkerraldean eta Boudigau erreka gidari, bospasei kilometro egin eta Capbretonen gara. Ikusten ahalko ditugu lehenagoko biztanleek zein abilki antolatu zuten Aturriren ohe malguaren lur bilakatzea. Capbretonen nahi izanez gero Hossegorreko aintziraren ezpondatik segitu dezakegu, beti txirrinbidetik, Nafarroako Henrike II.a erregeak “mon port d’Albret” izendatzen zuen Vieux Boucaura iristeko.

Ibaiaren hatz ezabatuetatik lerratzean, izerdi eta hatsanka, historia ukigarriaren ontasun kulturalaz jabetzen gabiltza. Baionako lanak ohoratzen dira liburuetan. Aturriren behialako hedapenarekiko ezer gutxi agertzen da ordea, ebasketa, landetarrek salbu, denek ahantzi nahi bailuten.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude