argia.eus
INPRIMATU
Pausa

Joxemari Ostolaza 2011ko abuztuaren 31

Egiten du astekari honek abuztuan, eta geldialdiak herdoiltzen dizkit neurez aski lehor izaten ditudan garunak. Oriotarren Mirotza bezain geldo dabilkit gogoa, hala ere, ekin eta jarrai egin behar ardura betetze aldera. Garan irakurri dut hain ugaria zen euskal futboleko atezainen harrobia krisiak harrapatuta bizi dela. Eta niri, Martin Garitanoren irudia ekarri dit gogora. Nonahitik ari zaizkio jaurtitzen baloiak zientoka eta batera, Roberto Carlosek bezain bortizki, Iniesta bezain bihurriki goitik behetik, alde batetik eta bestetik bere burua kokatzeko ere astirik eman gabe. Prestakuntza egokienak ere, ez lioke inori bermatuko tamainako bonbardaketaren aitzinean arrakasta. Eta defendatu beharreko atearen erraldoia izugarriagoa litzateke atezain bakar batentzat. Eskubaloilari aluenen taktikaz ari zaizkio jaurtitzen, burura eta beldurtzeko asmoz, zelaia abandonatu dezan. Argi dute nora jaurti, golak non sartu. Momentuz, badirudi hitza dutela soilki baloi. Denborak esango. Holako erasoen aurrean hockeyko babes jantzia ere hutsa luke Garitanok osorik irauteko, kideez inguratu, zelaia okupatu eta jaurtitzaileak neutralizatu ezean. Denon beharra izango du partida gainditzeko. Adi gazteak, prest gazte izanak, epelen ondoren hotzak datoz.