Ekonomia izozten eta kaleak sutan

  • Ingelesak luzaz oroituko dira 2011ko abuztuko egun beroez, kaleko istiluak, komertzioak sutan, arpilaketak... Zer gertatu da, ordea, Londresen? Eztabaidan ari dira ea neoliberalismoak txirotasunera kondenatuen errebolta izan den, gaizki hezitako gazteen jolas arriskutsua edo etorkizunik gabeko belaunaldien purrustada.

David Cameron lehen ministro kontserbadorea ziur dago Ingalaterrako hiri nagusietan abuztuan gertatu diren liskarren jatorriaz eta horientzako erremedioez. Gaizki hezitako gazte batzuek, eskubideak bai baina betekizunik ez daukatela uste dutenek, une batez errazera jo ei dute haien kontsumo irrika asetzeko: agintearekiko begirunerik gabe, jolaserako kiskali dituzte bazterrak eta artaldearen babesean lapurretan aritu. Ondorioz, Britainia Handiko estatuak pertsegituko ditu, aurkitu, epaitu eta gogor zigortuko. Gazte kriminalitate afera masibo bat, ez besterik. Ez krisirik, ez bazterketarik, ez politika ekonomikorik.

Baina toryen eta oro har Europako iritziemaile sistemazaleen esplikazioak sinplistak diren moduan –Financial Timesen batek kontsumismoak gidatutako liskar izendatu ditu–, istiluetan politika neoliberalaren aurkako matxinada ikusi nahi luketen batzuen argudioak ere hankamotz geratu dira. Bistakoa da Londresko arpilatzaileek Greziako kale borrokalarien antza gutxi zutela, are gutxiago Madrilgo indignatuena.

Literatura soziologiko aberatsa sorrarazi du Ingalaterrako abuztu beroak prentsan. Merezi du horietan aipatu diren osagai batzuk kontutan edukitzea, zeren eta luzerako gaineratu zaigun krisi ekonomikoan barrena, lehen Parisen eta orain Londresen piztu eta zabaldu direnak bezalako suteak Europan haboro izango baitira aurrerantzean.

Ongizate gizartearen krisi sakona da drama honetako eskenatokia. Britainia Handiko Gobernuak azken urtean esku batez BEZa %20ra igo die herritarrei, eta besteaz mozketa handiak egin eskoletan, polizian, programa sozialetan eta oro har inbertsio publikoa den guztian. Baina langile mugimenduak borrokaz eta sozialdemokraziak botoz lortutakoen galera luzatzen doa azken hamarkadotan, Britainia Handian Margaret Thatcherren garaietatik, eta olatuari aurre egingo dion ezker sendorik ez da ikusten. Oposizioa ahula da indarrez, eta batez ere argudioz, neoliberalismoa hain da nagusitu ideologietan ere.

1960ko hamarkadatik AEBetan ikusi bezala eta geroztik Ingalaterran bertan, Frantzian eta abar, une berezi batzuetan lehertu egiten da sistemak bazterrera kondenatutako jendeen egonezina. Sarritan agintarien –zehazki poliziaren– desmasia bat da eztanda eragiten duena. Londresko Tottenhamen Mark Duggan poliziek kalitzea. Metxa sututa, azkar zabaldu dira garrak.

Suak, orduan, eragile dituen gazteen atmosfera dauka. Hizkera, janzkera, baita musika ere. Ingalaterrako rioten soinu-banda posibleez idatzi duenik bada. Belaunaldi bakoitzak baino auzune edo tribu bakoitzak adierazten ditu sentsazioak bere eredu estetikoan. Honek zailago egiten digu zaharragooi matxinadaren barrunbeak entelegatzea; beti izan da berdin.

Errebolta hauek belaunaldi arazoa ere bai baitaramate osagai. Kontutan edukitzeko analisia egin du honetaz Craig Berryk Open Democracy gunean: Rioting youth? Blame the baby boomers and the state they created (Gazte istilutsuak? Errua aurreko belaunaldiena eta antolatu duten estatuarena da).

 
Heldu gazteen garrak

Ingalaterrako istiluetan gehienik 16-30 arteko gazteek hartu dute parte, enplegurik eskuratzeko itxaropenik ez dutenek eta gurasoena baino bizimodu txarragoa edukiko dutela seguru daudenek. “Frustrazioa haserre bihurtu zaie ikusi dutenean eliteko jendeak, batik bat bankeroek, beren aberastasuna erakusteko duten lotsagabekeria”.

Gazte liskarzaleak bai, baina ez gaztetxoak. Istiluetan nerabeak baino ugariagoak omen ziren heldu gazteak. Hau loturik dago, hala uste du Berryk, helduaroan osoki sartzeko adina atzeratzearekin.

Badirudi hau XXI. mende hasierako berezitasuna dela. Gurasoengandik alde eginda norbere buruaren jabe instalatzeko adina berandutu egin zaie gazteei. Krisiaren larriagotzearekin, enplegua nahiz etxea eskuratzeko aukerak urrundu. Hein berean berandutu zaie gazteoi, antza, osoki helduaroan sartzeko eguna.

Garaiotako beste berezitasuna da dirudunen lotsagabekeria. Owen Hatherley kazetariak Look at England’s urban spaces. The riots were inevitable artikuluan deskribitu du etorkizunik gabeen erreakzioa: “Entzun liskarzaleek kazetariari esaten: ‘herri osoa sutan dago, tio’, ‘aberats jendeari erakutsi diogu guk hemen egin dezakegula nahi duguna’. Sistema gogortu ahala klase ertain zuriko umeek baizik ezin dute eskuratu ikasketa. Bestalde, denek dakite poliziak eta parlamentariak eskupeko dirua jasotzen ari direla, parlamentariek gastuen aitzakiatan diru publikoa ostu dutela. Etsenpluari jarraitu diote. Lapurreta garaia da. Aitzakia da, noski, baina egia ere bada”.

Globalizazioaren kritiko nagusietarik den Naomi Kleinek antzeko argudioekin ulertu ditu Ingalaterrako suak: “Xokaren dotrina. Kaleetan gertatu den gauezko lapurretaren eta egunero eliteek egiten duten lapurretaren arteko lotura” ipini du izenburuan.

Shock Doctrine kontzeptua zabaldu zuen Kleinek, ironiaz alderatu ditu Londreskoak aurretik munduan gertatutako arpilaketekin, Bagdaden, Argentinan eta beste hainbestetan gertatutakoekin. Horiekin ezin dela alderatu Ingalaterrakoa? Kleinen ustez, mundu mailako harrapakatzea ari gara ikusten urteotan, ugazaba handiak egun argitan burutzen dute lapurreta erraldoia. Hauek bazuten zerbaiten susmoa: “Uztailean Wall Street Journal-ek, inkesta bat aipatuz, plazaratu zuen milioidunen %94 ‘kaleko bortizkeriaren’ beldur zela. Ikusi da ez zeudela erratuak. Londresko istiluak ez dira izan protesta politikoa, garbi dago. Baina gauezko lapurretan aritu direnak ziur daude  eliteak egunez ari direla lapurretan. Arpilaketak kutsakorrak dira”.

Ideia horiek ukaku gabe baina pittin bat matizatuz, Stephen Humphrey eta Yoriko Otomo irakasleek honakoa publikatu dute: “Inauteria hiriburuan: zergatik Ingalaterrako istiluek oroitarazten duten Dionisosen errituetaraino garamatzan historia”.  Baliteke hain hutsala ez izatea.

Antzinako karnabal giroan jabegoa desagertzen zen egun batzuetarako, edozein lapurreta zen posible, debekurik ez zen. Sinbolikoki bederen, gizartea hankaz gora iraultzen zen, jendea mozorrotu eta bere onetik ateratzen, mozkortuz, gauzak puskatuz; ohitura onak desagertzen ziren, aldi baterako. Giro hori iruditu zaie atzematea ikerlarioi istiluetako gazteen artean: dibertsioa, algarak, txikizioak, mozorrotzeak, desmasiak, halako talde-estasia.

Antzinako inauteri basak errepikatu bide dira, noiz eta karnabala bera sistemak integratua zuenean. Zapalduen mendeku laburra. Gero mintzatu da Cameron: orain bekatua ordaindu beharko duzue. Fini inauteria... hurrengo txinparta arte.

Kanadako National Post egunkari kontserbadoreak sarean ipinitako irudi honetan gazte bat ageri da, zapiz estalirik aurpegia eta birra bat eskuan, Birminghameko kalean sutan dagoen autoaren aurrean. Poliziak –liskarrak honetatik piztu ziren– hil zuen Mark Duggan-ez gain, abuztuaren 6tik 10era arteko istiluetan bost pertsonak galdu zuten bizia, saltsan zebiltzan gazteetako batzuen esku. 14 herritar eta 186 agente zauritu zituzten. 100 etxebizitzaz goiti erre ziren, Tottenham Hale saltoki historikoaz eta Sonyk Enfielden zuen biltoki erraldoiaz gain. Aseguru etxe britainiarrek kalte materialei 200 milioi liberako balioa kalkulatu diete. Poliziak 3.100 pertsona atxilotu zituen, horietatik 1.100 eramanez epaitegietaraino. Hein batean alderatzeko gisako liskarrak Ingalaterran 2001ean eta 1981ean gertatu ziren.


ASTEKARIA
2011ko irailaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude