argia.eus
INPRIMATU
Fermin Etxegoien
"Ikusiko duzu nork irabaziko duen Euskadi Saria, Bildu Lakuara ailegatzen denean"
  • Deabruaren abokatua zen lehen. Abokatuaren deabrua da orain.

Sustrai Colina 2011ko abuztuaren 30
Fermin Etxegoien
Fermin EtxegoienIñigo Azkona

Hemen, aldeanismotik aldenduz, unibertsaltasuna aldarrikatzen duen anti-heroi arrakastatsua!

Et et et... Bat nator, soil-soilik, “arrakastatsu” hitzarekin. Ez ni nahastu, mesedez, oraingo gazteekin. Gu Erasmus izan ginen avant la le-ttre (ingelesa jakin gabe).

Erasmusa ala lehen eleberria idatzi eta Espainiako Kritikaren Saria, Euskadi Saria eta abar jaso dituen espabilatua? Ez duzu lotsarik?

Lotsarik? Jota al zaude? Sariak irabaztea gozada bat da, argal egotea bezalakoa; go-za-da bat. Gomendatzen dizut...

200 hitz baino gutxiagorekin osatuta dagoen nobela batekin sariak irabaztea, jendeari aurpegira barre egitea da, ordea. Utikan!

200 hitz, ez beti ongi antolaturik –askotan, gaizki antolaturik–, batek baino gehiagok ohartarazi didanez. Eskerrak irakurleak –milaka irakurle!– ez diren konturatu.

Esango dute berriz sariak eta koiuntura politikoa estuki loturik daudela...

Guztiz egia da; ikusiko duzu nork irabaziko duen Euskadi Saria, Bildu Lakuara ailegatzen denean (laster, beraz).

Telebista kritiko pipertua, musika aditu gatzatua... Orojakile ozpindua ala saltsa guztietako perrexila zara zu?

Lola Floresek esaten zuen moduan, sinesgarritasun piperrik gabe, “langile xalo bat besterik ez naiz”.

Langile xalo bat, ala Ekaitz Perfektuetan barrena, Gazteako uhinetan garamatzan marinel zaharra?

Pop musika arte minor bat da, edozein ergelek egin dezake kantu on bat. Pop kantu onak urteotan egiteari eustea, ordea... Segundoa eta mendea gurutzatzen diren tokian behar luke Ekaitz Perfektuak.

Segundoa eta mendea gurutzatzen diren tokian, erdal esaera hauxe; ofizio asko dauzkana, pobrea seguru!

Oparotasun materialaren semea naizenez gero, ez dut infernurik espero.

Ai ene, hizkuntzak erretratatzen gaituen garaiotan, ni erdal esaerak euskaratzen... Larria al da mediku jauna?

Lasai; nire burua ezagutzeaz, pozik –enchanté– nago neu ere.

Zure burua hainbeste ezagutzen baduzu, esadazu egia: zuk handitan euskara teknikaria izan nahi zenuen.

Euskara teknikari guztien ama, menturaz... Tira; Xabier Amurizaren Euskara Batuaren Bigarren Jaiotza da bidea, zinez diotsut.

Enfin, oñatiarra bazara behintzat. Diozunez, munduko jende “soportableenetakoa”...

Aldaparik igo gabe, Oñatitik mundura irteteko... San Prudentzioko zubia zeharkatu beharra dago. Logikoki, askok nahiago izaten dute buelta-erdi eman.