Ekonomiaren lerroarteak

  • 2011ko uda honetako oporrek ez dute arindu egunerokoa bilakatu zaigun kezka: krisialdia. Premia bihurtu zaigu ekonomiarekin zer gertatzen ari den jakiteko mina: jakin nahi dugu zer diren arrisku-primak, kalifikazio-agentziak edo finantza-merkatuak, zergatik diren hain erabakigarriak eta nola eragingo duten gure etxeko ekonomietan. Badakigu egoera ekonomikoa kili-kolo dugula, baina ez ditugu ezagun arrazoi zehatzak.

Ez dugu ulertzen mehatxuaren zergatia: Zer egin dugu (gaizki) herritarrok –langileok, kontsumitzaileok...– egoera honetara iristeko? Komunikabideek helarazten dizkiguten mezu ilun eta kontrajarriak entzuten ditugu sor eta lor, eta erdi ezkutuan datozkigun abisuak interpretatzen saiatzen gara. Argibideak bilatzen ditugu, baina maiz erantzunik eskuratzeko astirik gabe jotzen gaitu krisiak.

2011ko uda honetan Ekonomialari Harrituen Manifestua (Manifeste d’économistes atterrés) euskaratzen ibili naiz. Ez da izan itzulpen-lan arrunta: gaiak, krisiak, zuzenean eragiten du (gehienetan txarrerako) pertsona askoren bizimoduan, eta horregatik, testua ulertu eta itzultzeaz gain, edukia interpretatu behar da, eta gori-gorian dagoen errealitate ekonomikoarekin erkatu. Izenburutik hasita: frantsesezko atterrés hitza esanahi askotarikoa da, eta bere baitan biltzen ditu laztura, asaldura eta haserrea. Baina, nire ustez, ekonomialari frantsesek gehienbat harrimenaz jota idatzi zuten manifestua 2010eko irailean. Harriturik zeuden Europako botere ekonomiko eta politikoek krisialditik irteteko neurri gisara krisialdira bultzatu gintuzten politikak aplikatzen segitzen zutelako. Gutako asko ere harrituta gelditu gara 2011ko uda honetan, finantza-merkatuek sortutako krisialdi honi aurre egiteko XX. mendeko 80ko hamarkadan krisialdi industrialetik ateratzeko proposatutako neurri berberak aipatzen dizkigutelako: beherakadak soldatetan, erraztasunak langileak kanporatzeko, murrizketak gizarte, hezkuntza eta osasun gastuetan...

Manifestuan proposamen horiei aurre egiten dieten ekonomialarien iritziz, berriz, krisialditik irteteko jendearen ongizatea bultzatu beharra dago, krisialditik irteteko, botere ekonomikoek murriztu nahi duten gastu sozial publikoak suspertuko baitu ekonomia, ez jendearen bizi-baldintzak estutzeak. Ekonomialari horiek diote herritarrok hartu behar ditugula ekonomiaren inguruko erabakiak, irtenbideei buruz jendaurrean eztabaidatuta.

Eztabaidatzeko, ordea, gaia zertan den ulertu behar dugu. Manifestuaren helburuetako bat herritarron zalantzak hitzez eta kontzeptuz hornitzea da, ohartu gaitezen bestelako irtenbideak badirela. Egokia dirudi ideiak: albistegiek lerroartean mozorroturik eta bestela bezala helarazten dizkiguten hitz eta kontzeptu trinko eta abstraktu horiek gizartea gero eta gehiago estutzen duen sistema ekonomikoak sortuak dira, eta, zientzia ekonomikoaren gerizpean, sistema hori sostengatzen dute. Sistemak eragindako desoreken zama pairatu behar izaten dugunok eskubidea dugu, eta beharra, sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko, eta sistemaren euskarri diren hitzak ulertzeko. Baina kontziente izan behar dugu krisialdietan ere (eta batez ere krisialdiei esker) mozkinak bereganatzen trebeak direnen hitzak eta kontzeptuak direla, eta horregatik direla batzuetan ulertzeko hain zailak. Eta, hitz horiek ulertu edo ez, denok garela nor zerbait esan eta erabakitzeko, denok baitakigu bereizten jokabide zuzenak eta bidezkoak ez diren egoerak.


ASTEKARIA
2011ko irailaren 04a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude