argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak, mittard-ean jarriak

2011ko abuztuaren 31

I
Bertsolaria ez naiz ni eta
aurkeztu nadin hasteko:
abizena dut Bilbao eta
izena, berriz, Eneko;
Paris aldean preso naukate
lau urtez dagoeneko,
baina badaukat istorio bat
zuekin konpartitzeko.
 

IV
Kartzelariek gure kide bat
jipoitu zuten unean
gainontzekooi barrua sutu
zitzaigun derrepentean,
promenade-a blokeatuta
protesta egin ostean
Fleury-ko euskal preso guztiok
gaude orain mittard-ean.  
 

  II
Zigor-ziegatik nabil idazten
hau da gure miseria!
Leiho txiki bat baino ez dago
doi-doi sartzen da argia,
saiatu arren ez dute lortu
zulo bat guztiz itxia…
zirrikitutik sartu da berriz
joan den asteko Argia.
 

V
Osorik bete zuen Gotzonek
bere kondena makurra,
abioira igo eta Madrilen
hartu behar zuen lurra,
han eta hemen kartzelaria
izan ohi denez txakurra,
ukabilkoka eta ostikoz
eman zioten agurra.
 

III
Sarriegiren bertsoei adi
nago zalantzaz beteta,
sorta oso bat fin aurkezteko
zein ote da errezeta?
Asmatzen badut, publikatzean
jar ezazue arreta,
argazki soil bat erakustea
delitu omen da eta.
 

VI
Itsas-labarra hurbil duenak
egiten duen antzera,
botila baten mezua sartuz
bota olatu artera…
Gotzon, zuretzat bidaltzen ditut
nik bertso hauek airera,
animo, lagun, maite zaitugu…
gogor eutsi eta aurrera!


Doinua:  Loa, loa txuntxurrun berde.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Mittard: Frantziar kartzeletako zigor-ziega.
Promenade: Presoek kartzelako patioan egoteko daukaten denbora tartea (egunean 2-3 ordu).
Promenadea blokeatzea: Patioan egonda, berriro ziegara igotzeko aginduei uko egitea.
Fleury: Paris ondoan dagoen kartzela.