Joxe Ulibarrena Arellano Azkoien herrian (Nafarroa) jaio zen 1924ko urtarrilaren 25ean. Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan ikasi ondoren Valladoliden hiru urte izan zen tailugile ezagunen tailerretan. Handik Parisera joan zen beka bati esker. Han lau urte eman eta gero Venezuelara abiatu zen hemengo giro itogarritik aldenduz. Caracaseko Euskal Etxean aritu zen kultur eragile. Zazpi urte geroago, 1959an, itzuli eta abian jarri zuen Nafarroako Pedro Mariskalaren Fundazioa bere hiru seme-alaba nagusiekin. 1964an lehen museo etnografikoa zabaldu zuten Berriobeitin. Ondoren bigarren emaztearekin hainbat urtez Alacant aldean bizi izan zen antigoaleko gauzen salmentan, dekorazio lanak eta eskulturak egiten. Iruñera itzuli ziren adinez oso aurreratua zegoen Joxeren ama zaintzera. Orain dela 25 urte Artetara eraman zuten museo etnografikoa eta gaur egun eskulturak egiten, ikerketa etnologikoak garatzen eta museoan lanean dihardu. Felix Urabayen, Aita Adoaingo Esteban, Vianako Printzea, Raimundo Lanas jota kantaria, pilotaria, laialaria eta Getzeko Noaingo Batailaren oroigarria, dira bere eskultura ezagunetariko batzuk. Horretaz gain hamar bat liburu baino gehiago eman ditu argitara.