argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Azkarate
"Betebehar legalek 20 urte beteko dituzten arren, oraindik ez da itsas eremurik babestu"
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2021eko ekainaren 30a

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko (EBEO) kidea da Iñaki Azkarate. Baionan aurkitu genuen, Donostiatik Miarritzera arteko korridore ekologikoaren aldeko proposamena besapean.

Nondik dator Biologoen Elkargoaren eta Oceanaren arteko elkarlana?

Lehen kontaktuak 2009an hasi ziren. Itsasoan dugun babes hutsunea dela eta, nazioarteko eragile baten laguntza behar genuela ikusten genuen EBEOn, estatu mugez harago, Europar Batasuna eta Natura 2000 Sarea baitira gure testuingurua. Zentzu horretan, itsas kontserbazioan izen ona eta baliabideak dituen nazioarteko erakundea da Oceana, eta Madrilgo Gobernuak finantzatuta, Kantauriko itsasertza Bidasoaraino aztertua du.

Gure betebehar etikoa gauzak mahai gainean jartzea da, Jaizkibelen zein habitat eta zein espezie dauden esatea. Erabakia beste batzuen esku dago.

Itsas korridore izendatzeak, babesa emateak, zer esan nahi du?

Natura 2000ren baitan denetik dago. Badira basabizitzaren eredu diren eremuak eta badira jarduera ekonomiko jasangarriagoa ametitzen dutenak, Jaizkibel mendia kasu. 2.000 hektareatik gora daude Sarean, baina egurra ustiatzen da eta turismoa ere sartzen da, golf zelaia dago…

Guk itsasoan proposatzen duguna ez da erabateko debekua; hori, gainera, administrazioak esan beharko du, esatekotan. Guretzat, petrolio-portua eta itsas erreserba bateraezinak dira. Aldiz, artisau arrantzak ez luke ezer eragotziko.

Zein da protokoloa?

Maila administratibo ezberdinak daude. Bruselara jo dugu lehenik, zeren Natura 2000 Sareko eremuen kudeaketa estatuei dagokie, baina onarpena eta gainbegiratzea Bruselak egiten du, Habitat Zuzentarauaren bidez. Parisera ere jo dugu. Itsas korridoreak bi estatuen arteko harremanak lantzea eskatzen duelako. Eta Madrilen ere izan gara. Printzipioz konpetentziak estatuenak direlako. Konpetentziak autonomietara heltzen dira, baina proposamenak estatuek egiten dituzte eta gainera, itsasoari dagokiona ere Madrilen esku dago.

Gipuzkoako Foru Aldundira ere jo dugu, Batzar Nagusietara…. Esparru administratibo guztietan eta mahai guztietan jarri dugu proposamena.

Zein da epea?

2012an Europako Natura 2000 Sareak osatuta behar du, bai lurrean eta bai itsasoan. Nahi genuke urtebeteko epe horretan Jaizkibel-Uliako itsas erreserba kontuan hartzea. Korridorea gero helduko da.

Jaizkibel Atlantikoko itsasertzeko eremu aberatsena da biologikoki, eta baita mehatxatuena ere. Geologikoki ere aztertu da, eta horren arabera, Deba, Zumaia, Mutriku eta Getariako geoparkeraino ere luzatu egin beharko litzatekeela uste dugu, eta Lapurdiko flisharekin bat egin beharko lukeela, geologikoki ere unitatea delako.

Betebehar legalek 20 urte beteko dituzten arren, administrazioek ez dute itsas eremurik proposatu oraindik. Eta horretarako gaude gu, gogorarazteko.