argia.eus
INPRIMATU
Gosetiak
Joxemari Ostolaza 2011ko uztailaren 28a

Oparotasunean. Eredugarritzat zituzten euren buruak, orain berrogeita bost bat urte ezagutu nituen haiek. Talde ttikitan antolatuak, gure auzora etortzen ziren astero ebanjelizatzaileak Afrikara nola. Kirolean eta musikan genuen burua, lanaldi ondorengo eskola teknikoan denbora. Marxistak omen ziren, PCko komunistak. Ez gintuzten erakartzen, haietako buruek ikastea zuten lana, gurasoek edo denbora dohain eskainia. Ezagutzen ez zutenaz mintzo ziren, lanaz, lansarien miseriaz, lantokien militarizazioaz, alferrik galdutako langileen indarraz. Francoren heriotzak eraman zituen PSOEra, jada ez ziren hain komunistak. Botereak kapitalismoaren onuren ederra dastarazi zien, eta honek mantxarik gabeko gizakia bailitzan bere erraietan irentsi. Donostiako erdialdetik atera gabe, bi bat orfeoi osatzeko adina ezagun dut. Eszisioak probokatzea izan dute kirol prestatuena, herritarren sosez kontu korronteak gizentzea musikarik dantzatuena. Eta eskola sortu zuten. Orain Araba aldean izan dute istriputxoa, ohiko labaintze irristatzea. Baina oraingoan seinale ezkutagaitzak utzi dituzte zolatan, hain gailu zamatsuak arrastak maiz berritzea galdetzen du, eta inertzien nagiak akaba dezake. Domage.