Estutu eta hertsatuak

Mundua laua zen garaietan, bazen herri bat festari begira bezala, indarkeriari ere begira bizi zena. Udaldian izaten ziren bertako ospakizun erlijiosoak eta ludikoak, eta udaldian bertan baita bortxaketa izugarrienak ere. Ez jaiegun epel horietan bakarrik; baina, horietan egin zen bereziki nabarmen ezen batzuentzat jolasa zenean abusua eta basakeria, beste batzuentzat olgeta hori errespetu-falta eta min bihurtzen zela; eta inoiz, heriotza, gerora ikusiko dugunez.

Amamaz amama eta aitaitaz aitaita, goitik behera aldatu zen mundua, urteen poderioz. Atzean geratu ziren munduaren lautasunaren sineskeria haiek guztiak. Zientziak ongi asko erakutsi baitzuen biribila zela habitatzen dugun planeta hau. Lurra ezagutu genuen benetan; Ilargia, baita Martitzen ere.

Halere: jaiak jai, eta bortxak bortxa. Kontu horietan, deus ere ez zen berritu. Eta egun, berdin segitzen du denak.

Kaosaren brigadak. Festetarako, zapi zale amorratua da herri hura: jaiak heldu direla adierazteko, painelu bat eramaten dute denek lepoan lotuta. Gorria daramate herritarrek egun batzuetan, beste batzuetan daramate urdina, eta, inoiz, baita berdea ere.

Munduko lau bazterretan legez, udako solstizioaren inguruan izaten dira festa erraldoien arteko lehenak herri hartan. Zapi gorria hartu eta hor abiatzen dira gazteak nahiz zaharrak festara: dela zezenaren aurrean korrika-saioa egitera, dela musika jotzera, dela lagunartean afaltzera.

Modus operandi berarekin, zapi gorria hartu eta lepoan lotuta, hor abiatzen dira kaosaren eta nahasmenduaren brigadak: gainerako herritarrekin nahastuta, ikusezin bihurtzen dira. Ordu txikietan, ordea, oldartu eta nabarmendu egiten dira: batzuk pattarraren kausaz, beste batzuk auskalo zeren kausaz.

Lehendabizi isolatu eta, ondoren, laidoz betetzen dituzte sasiko horiek gainerako herritarrak; gehienetan, emakumeak. Eta hor hasten da emakume festazalearen zama, emakumearen ez beste inorena.

Gogoz kontra hartzen dituzte emaztekiak, barren-barreneraino gogoz kontra, hori beti legez; baina, honatx aspaldiko berrikuntza: bortxatu ondoren, harresietan abandonatzen dituzte, edo auto baten azpian, edo itsasoan... gorputz lerden horiek puztu eta zarta daitezen begi guztien aurrean.

Besta libreak. Asko eta ugariak dira jaiak, nonahi. Baina, ez datoz beti bat batzuen jolasa eta besteen olgeta.
Besta libreak eskatu dituzte emakumeek. Alkoholarekin mozorrotzen diren eskuadroi horiek pertsegitzeko erregutu dute. Auto-defentsa eratu dute. Eta eskatu, agintariei eskatu diete stop-txipa ezartzeko lepoko zapietan. Inoiz gorri, inoiz urdin, edo inoiz berde diren horietan guztietan.

Stop-txipa zer den ez dakienarentzat, esan dezagun gailu bat dela, aparatu elektroniko arrunt txiki eta nanoa, eramailea geldiarazten duena bulkada elektriko indartsu baten bidez. Bulkada elektrikoa aktibatzen da “ez, joder; utzi bakean” esaldia metro bateko distantziara entzuten den aldiro. Hirugarren bulkadak gailuaren eramailea utz dezake betirako inpotente, apo eta aketz; menbru tentekorra ez baitzaio berriz ere zutituko.

Besta libreak eta sexu askea. Zapia lepoan eta zakila zuloan. Zapia lepoan eta alua aluaren ondoan. Nahierara, baina adostasunean. Eguraldi ona, eta aldarte hobea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude