argia.eus
INPRIMATU
Azken hitza
Chillidaleku, Oteiza, Ibarrola
Reyes Ilintxeta 0000ko ren 00a

“Chillidalekun izan nintzen behin gonbidatu nindutenean, eta sarreran gazte batzuk kexaka ari ziren ez zietelako sartzen uzten. Protestan ari ziren museoa egiteko mendi hartan dauden hiru baserrietara zihoazen bideak moztu zituztelako. Hori ez dago ongi!

Nik asko ezagutu nuen Oteiza. Berriobeitiko etxean egon zen askotan. ‘Zer interes itxia duzun eskulturarako’ esaten zidan. Eta nik erantzuten nion: ‘Begira Jorge. Nik estimu handian zaitut, baina zuk badakizu zer den eskultura? Jakinen bazenu, egiten duzuna ez zenuke eginen. Klarionekin egiten duzuna, adibidez. Hori ez da eskultura, hori burutazio bat baino ez da. Hori bururatzen zaio beste ezer bururatzen ez zaion norbaiti. Malabarismoa, zirkoan bezala’.

Beste behin Agustin Ibarrolak idatzi zidan Bartzelonako kartzelatik eta bisitan ikustera joan nintzen. Galdetu zidatenean zertaz ezagutzen nuen nik Ibarrola esan nien margotzetik eta eskultura egitetik ezagutzen nuela. Gela batean sartu eta han hiru egun eduki ninduten. Laugarrenean joateko esan zidaten eta hori egin nuen. Azkenean Ibarrola ez nuen ikusi. Orain ez dut Ibarrola horrenbeste estimatzen, egun beste ofizio bat duelako. Jakin nuenean zuhaitzak margotu zituela esan nion: ‘Noizbait ikusi al duzu zuk ama jakintsuago bat, natura baino? Hor dena ongi badago zergatik ari zara zu zuhaitzak margotzen?’. Hori da inoiz ikusi dudan zozokeriarik handiena! Baina nori bururatzen zaio hori egitea, ba zertan ari den ez dakien bati. Moztu dizkizutela zuhaitzak? Pena ematen dit zuhaitzengatik”.