Abiapuntua

Maiatzeko hauteskundeen ondotik, Barcinak pozaren pozez jarraitzen du harat-honat, oraingo honetan erregina koroaturik. “Gaztelaua Nafarroako erregina”. Horra maiatzeko hauteskundeek ekarri digutena, egiazki ez baitzen bertzelako aukerarik, PSNren manerak ezagututa. Duela lau urte, jende anitzek zintzoki pentsatu zuen aldaketa Nafarroa Bairen eta PSNren eskutik etorriko zela, baina aukera hura PSNk zapuztu zuen. Orain, aldaketa hainbat tokitan gertatu da, eta Bildu izan da eragile nagusia. Ez, ordea, Nafarroan. Hauteskunde gauean bertan izan zen Bilduk hiriburuko Labrit pilotalekuan antolatutako jaitik buru makur atera zenik. Mendebaldeko emaitzak goraka ospatzen ziren bitartean, bi datuk hoztu egin zuten jende askoren gogoa; Iruñeko eta Nafarroako emaitzek, alegia. Bozen ondoko egunetan, arrangura mingots eta hits berbera jalgi zen adineko iruindar frankoren ezpainetatik: “Orain dela lau urte, bazirudien Nafarroa Bairekin lortuko zela, eta orain, Bildurekin, baina kia! guk ez dugu aldaketarik ikusiko! Zuek, ez dakit”. Egia erran, inoiz aldaketarik gertatzen bada, ez da PSNren eskutik etorriko, Alderdi Sozialista Nafarroako erregimenaren barne muinetan iltzez txertatua baitago; horretan, behintzat, iduri du batzuk eta bertzeak bat datozela.

Nafar Parlamentuko emaitzei erreparatuta, aurrerapausorik izan da. Konparazio batera, Iruñerriko, inguruko eta Pirinioetako herri txiki askotan gehiengoa dira Nafarroa Bai eta Bildu, betidanik eskuindarrek botoak esportaka lortu izan dituztenean. Erriberari dagokionez, ordea, gauzek bere horretan diraute, salbuespenak salbuespen; Erriberak eremu latza izaten segitzen baitu jende euskaltzale eta abertzalearendako, baina, kasu! baita Ezker Batuak eta Batzarrek osaturiko Ezkerra koalizioarendako ere. Hala ere, NaBai 2011, Bildu eta Ezkerraren artean 18 eserleku erdietsi dituzte Parlamentuan; ez da aski, jakina, Nafarroara aldaketarik den mendrena ere ekartzeko, baina zerbait bada, eta zerbait gehiago ere izan daiteke: abiapuntu bat, alegia. Argi dago, horrenbertzez, hiru talderen arteko oinarri soziala zabaldu beharko dela, hirurak izanen baitira beharrezko etxean botoa ematera joan gabe gelditu direnak mugiarazteko, PSNko boto-emaileei keinua egiteko, Erriberako jende aurrerazalea aldaketara ekartzeko.

Baina, ezer baino lehen, talde bakoitzak bere etxea ongi antolatu eta txukundu beharko du, eta alkate-makila eskuratu duten udaletan ongi gobernatu; horrexek sekulako garrantzia baitu, bai eta Bilduk Gipuzkoan eginen duen kudeaketak ere. Azken buruan, inor ere ez dago sobran. NaBaik, esate baterako, bide puska bat egina du, ez da izen hutsa, izana ere badu, eta, erakutsi du gauza dela bertzelako jendea euskaltzaleen eremura erakartzeko, eta balizko gehiengo berri horrek holako indar baten beharra ere izanen du. Bertzela erranik, ezker abertzaleari sekula botoa emanen ez lioketen zenbait sektore eroso egon litezke holako indar baten baitan edo NaBairen balioak bere egiten dituen talde baten baitan.

Aldaketarako bidean, halaber, ezinbertzekoa izanen da ETA behin betiko desagertzea, mehatxatu orok behingoan atseden har dezan, eta, era berean, Bilduri botoa emandako EAko nafar jendeak lasaitu ederra har dezan. Eta, joan den eguneko komunikatua irakurri ondoren, jende horrek eta bertze anitzek lehen bezain deseroso jarraitzen dute, Bilduko buruek komunikatua alde guztietatik laudatu arren.


 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude