argia.eus
INPRIMATU
Udako ipuina
Bidaiari txepelaren gida
  • Zilarrezko ezteiak ospatu behar dituzte Miriamek eta Txentek. “Normala” zera litzateke: biek elkarrekin norabait bidaiatzea. Ez dute hori egingo ordea. Tira, Txentek bai, baina bakarrik abiatuko da Erromarantz. Horra Xabier Mendigurenen Il viaggiatore pusillanime ipuina nondik nora abiatzen den. Datorren astean jasoko duzue opari, Argiarekin.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko uztailaren 19a
Xabier Mendiguren
Xabier Mendiguren

“Bidaiatzea aberatsen kapritxo izatetik guztiz orokorra izatera nola igaro den ikusi dut” azaldu du Mendigurenek ipuinaz galdezka hurbildu gatzaizkionean. “Normaltasuna”-rekin topo egin dugu ostera ere. Bikote “normalen” ohitura “normala” bihurtu baita, “normal” ezkondu, “normaltasunez” 25 urte elkarrekin pasa eta “normala den bezala” ospatzeko, bidaia “normal” bat egitea elkarrekin. Ados, ez gara ozpinduko lehen paragrafoan: hau ez da lekurik egokiena ezkontzaz uste duguna esateko eta bidaiatzea ez da berez txarra, baditu alde positiboak ere (“noski, ez naiz begien bistakoa esplikatzen hasiko” diosku Mendigurenek); eta, baietz, ia denok joango garela uda honetan gertuagoko ala urrutiagoko lekuren batera baina… “Baina asko du ergelkeriatik eta presio sozialetik ere”. Eskerrik asko Xabier, gu ez ginen esaldia hain borobil esatera ausartuko.

Kontuak kontu: idazleak berak egindako bidaia batetik dator ipuina. Joan den abenduan Italiako hiriburuan egun batzuk pasa ostean iritsi zitzaion Argiakoon deia, aurtengo Udako Ipuina idatz zezala eskatuz; eta, Erromako egunak buruan fresko zituenez, han kokatutako istorioa harilkatzeari ekin zion. Txenteren ibilerak turismoari eta bidaiatzeari buruzko gogoetekin tartekatzen dira Il viaggiatore pusillanimen. “Beti gustatu izan zaizkit gogoeta eta gertakariak uztartzen asmatzen duten kontalariak; 80ko hamarkadan asko irakurtzen genuen Kundera; joan den hamarkadan Houellebecq... Ez dut horien pare jarri nahi, baina ipuin honetarako bururatu zitzaidan interesgarria zatekeela paraleloki eramatea saio antzeko hausnarketa bat, eta horrekin nolabaiteko zerikusia duen kontakizuna”.

Topikoekin jolas egiten du ipuinak, “ohiko bikote baten ohiko krisia eta tribulazioak” kontatzeko asmorik gabe, ezta Erromaren alderdi erromantikoa esplotatzeko ere. Ironia geruza sotilarekin narratu ditu Mendigurenek Txenteren beldurrak, deserosotasunak, etxezulokeriak. Baina Mendigurenek uste du (eta guk ere bai) denok daukagula barnean Txente bezalako pertsonaia “txepela”, portzentaje diferenteetan bada ere: “Batek egunean bost minutuz, beste batek 20 orduz”.

Baiki, guztiok gara Txente, problema txikienekin itotzen den inozente koitadu pobre hori. Denok esaten dugu noizbait “bertan goxo”, denok saiatzen gara batzuetan ahalik eta arriskurik txikiena hartzen, denok desiratu izan dugu puntu batera iritsita, guztiak berdin jarrai zezala. Baina orduan zerbait pasatzen da; demagun, Txenteri bezala, kartera lapurtzen dizutela. Txikikeria izan liteke, ala katastrofe handiagoen abiapuntua. Hori deskubritzea ordea, irakurleon esku utziko dugu.