Espainiako Ecologistas en Acción elkarteak zabaldutako prentsa-ohar baten arabera, merkurioa gero eta ugariagoa da munduan. Industria da haren igorle nagusia, batez ere ikatzarekin funtzionatzen duten zentral termikoak eta, hein txikiagoan, kloroa ekoizten duten fabrikak. Zenbait prozesu naturalek ere, sumendien erupzioek berbarako, merkurioa emititzen dute, baina askoz kopuru txikiagoetan.
Oso lurrunkorra denez gero, erraz zabaltzen da airetik, eta emisio-puntutik oso urrunera iritsi daiteke. Zati handi bat, azkenik, itsaso, ibai eta lakuetako uretara doa. Han, urarekin kontaktuan, metilmerkurio bihurtzen da, eta horixe da hain justu metal astun honen formarik toxikoena.
Leticia Baselga Ecologistas en Accióneko kideak dioskunez, “metilmerkurioa aurkitu daiteke jaten dugun arrain eta marisko guzti-guztian”. Konposatua pilatu egiten da animalien gorputzetan, eta gero, arraina edo mariskoa jaten dugunean, gurean. KTIei buruz esan dugunak balio du hemen ere: behin barruan dugula, bertan geratuko da. Izan ere, merkurioa ez da sekula desagertzen ingurumenetik. “Edozein pertsonak bere gorputzean daukan metilmerkurio kopuru arrunta milioiko 3-4 partekoa izaten da; zazpitik gora hasten dira arazoak”, azaldu du Baselgak.
Arazo horiek era askotakoak izan daitezke, baina metilmerkurioak, gehienbat, umeei eragiten die. Neurotoxina bat da, alegia, erraz sartzen da burmuinean, eta adin txikikoenen kasuan, haren hazkunde normala oztopatzen du. Hala, atzerapenak eragin ditzake garapen kognitiboan. Aurtengo ekainean, urtetako atzerapenez ekologisten ustetan, Espainiako Elikadura-segurtasunaren Agentziak arrain kontsumoari buruzko hainbat gomendio egin ditu publiko, merkurioaren presentzia dela eta. Arrisku taldeei ohartarazi diete batez ere; kontua da arrisku taldeak populazioaren zati handia direla: umeak, umeei bularra ematen ari zaizkien amak, eta haurdun dauden edo noizbait egoteko asmoa daukaten emakumeak.
Arrain guztiek daukate metilmerkurioa, baina askoz kopuru handiagoak agertzen dira urte asko bizi diren harrapari handietan: atuna, ezpata-arraina, marrazoa... Horiek bereziki saihesteko gomendatzen zaie arrisku taldeei.
Hain kutsatzaile zabaldua eta arriskutsua izanagatik, zaila da haren eragina norainokoa den esatea. “Espainian, konparazio baterako, ez dago merkurioz kutsatutakoen daturik”, dio Leticia Baselgak, “eta horren arrazoia sinplea da: norbera txarto sentitzen hasten denetik diagnostikoa egin arte urteak igaro daitezke. Ez da erraza merkurioa atzematea gorputzean, eta behin hor dagoela jakinda ere, ez dakite oso ondo nola kendu”.