argia.eus
INPRIMATU
Ez dizkizute

Joxemari Ostolaza 2011ko uztailaren 20a

Gauzak errazten. Orain urte batzuk, guk geuk muntatu kanpamentua genuen ostatu, koadrilako arotzek landu burdinazko egitura azkarrek haizete bortitzenetan ere zutik irauteko adina fundamentua bazutelarik. Erreka genuen bainu eta aska. Asteko artikulua eskuz idatzi eta beheko herriko postara joko genuen faxez igortzera. Orain gure seme-alabei sekulakoa iruditzen bazaie ere, orduan telefonoz hitz egiteko ere kabina publikoak zeuden herrietara jotzen genuen natural-natural. Ez genituen gureak erretransmititzen, konplikatuegia zen. Gaur, txaletetik ikusten ditugu bakandutako kanpalariak. Ez dituzte guk genituen egiturak, ez dute koadrilarik, ez dute arotzik. Arinago eta askeago dabiltza munduetatik, autonomoagoak dira, sos gutxiagorekin eremu zabalagoak korritzeko gauza dira. Zakutan daramate eguneko prentsa, herrietako kabina eta posta. Ez dute boligrafo beharrik. Nik ere garaian garaikoa izan nahi izaten dut. Portatila daramat. Artikulua airez bidali nahi izaten dut. Movistarrek Orangera igortzen nau, honek gogoak ematen dionean egiten dit zerbitzu, oberbukina omen dago aire honetan, ez dit kasurik egiten. Sakelakoaz errezitatu beharko diot erredakzioari hau, heldu den astean argitaratua nahi baldin badut ikusi.