argia.eus
INPRIMATU
Iparralde eta Hegoalde hizpide
Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko uztailaren 14a

Zuberoa eta Iparralde hizpide hartuta, zure hitzak dira hauek: “Lotura egiteko mundu zabalarekin lehenik jakin behar dugu nor garen gu, eta Iparraldean ez dut uste dakigun”.

Eman dezagun, Iparraldeak ez du bizi Hegoaldeak bizi duen egoera, egoera turistikoa, Donostiak bai, baina hemen ezin dugu Hegoaldean bezala turismoa kontrolatu. Jendea heldu da, etxeen prezioak goiti doaz. Hautetsiek erranen dute hori edo beste, baina jendea heldu da legalki, jendeak baimenak eskuratzen ditu. Jende hori alde edo aurka bozkatu arte denbora pasako da, batzuek jubilatuak dira bestetzuk gazteak, ez dute hemengo bizitzan parte hartzen. Ni joaten banaiz herri auzo batera ez dut parte politiko zuzena hartuko berehala, funtsean bakea nahi dute. Jende horrek dirua eta botera daukate eta gu txipiak gara. Kostaldeak badu barnealdearen beharra, bere itxuran, euskalduntasunean bizi nahia, jende batzuk ere heldu baitira nortasunaren xerka. Barnealdekoek badakigu zer garen, zer nortasuna dugun? Garapen Kontseiluan egiten ari da horri buruzko lana. Atharratzeko kantonamendua zer da kostaldean, adibidez?

Iparralde eta Hegoalde hizpide: Badago dioena Euskal Herria eraikiko bada, ekonomiaren bidetik eginen dela, kulturaren bidetik baino? Akort?

Zuberoa bizi da Hegoalderik gabe hasteko. Kultur arloan laguntza batzuk heldu dira Hegoaldetik, Euskaltzaindia ere hor dago, Madrilek laguntzen du, funtsean Erreta Akademia baita. Egitura oso gutxi dira Hegoalde eta Iparralde estaltzen dituenak. 1993an nire lantegiaren gerentea nintzen, lanak eraginen zuela helburuz. Jendeari lana ematen bazaio herriari lana eta lantegiak ekartzen zaizkio, gizarteak hori ikusten du. Finean ni ez naiz PCko edo PSekoa, alta, Mauleko bi herenek alde horretara bozkatzen du. Euskal Herria egiteko euskal lantegi asko badago, herriko edo tokiko akzionistekin, horrek eraginen du.

Gaindegiak ekonomiari buruzko mahai ingurua antolatu zuen iaz. ARGIAk “Muga bat... bi errealitate?” adierazi zuen erreportajean.
Zuk erran zenuen Eduardo Zubiaurrek (Adegiko presidentea) ez zuela Iparraldeko sare ekonomikoa ezagutzen...

Bai, hori erran nion, eta horrela ezin zela lan egin. Gure errealitateak ezagutzeko helburuz Donostiako eta Baionako Merkataritza ganberek lan bat egin behar dute elkarrekin. Elkarren arteko egitasmoa lantzen ari dira Hegoaldeko eta Iparraldeko lantegien arteko ezagutza egiteko. Bada beste ekimen bat ere: Zazpiak eraiki. Maulen Hegoaldeko eta Iparraldeko lantegien arteko harremana lantzeko bilera bat izan da. Lehenbizi elkar ezagutu behar dugu, ikusi, nor garen, zer egiten dugun. Badira nortasuna pusatzen duten aldeak, baina behar da gauzatu, gauzak bideratu... Bada muga bat.