argia.eus
INPRIMATU
“Herri baten egiteko Gaindegia beharrezkoa da”
Mikel Asurmendi @masurmendi 0000ko ren 00a

Gaindegiaz zer bilana egiten duzu?

Aurreko bozen ondorioz, Gaindegiak ezin izan du hemen dirua jaso botere publikoen aldetik. Bi hilabete azken hauetan agian hatsa hartu dute berriz, ez dakit. Gaindegia behar-beharrezkoa da, baina lehen-lehenik ezagutu behar dugu elkar. Ezin da lehenik ideologiaren esparruan lan egin, ez badugu elkar ezagutzen. Gestioaren esparrua ezagutzera heldu behar dugu. Jendearen eta lantegien datuak, ikerketak egin. Han badira hamar hemen bederatzi, han badira zazpi, hemen... Han hau egiten da, hemen beste hau, elkar ezagutu behar dugu. Ezagutzeak ekartzen du giltza nolabait. Gaindegiak sator lana egin behar du, datuak emeki-emeki bilduz. Datuak higitzen dira, eta berriz neurtu eta ekarri behar dira, bost urtetan behin. Eta horretarako jendea behar da, herri baten egiteko Gaindegi beharrezkoa da.

Udalbiltza ekimena zapuztu zen iraganean. Egun hartuko zenuke Udalbiltzaren egitura?

Zein Udalbiltza? (Irriak)

Bon, hastapenean bakarra zen.

Mauleko auzapeza naiz, zendako ez? Halere, Udalbiltzak milioi bat libera bildu zuen eta ekarri zuen, eta udalak “zuberotarrek ez dute deus eskatu. Nondik heldu da diru hori? Zeren egiteko?” galdetu zuen. Beraz, lehenik politikoki elkar ezagutu behar dugu.
Berriki, Amurriotik lantegi bat Donapaleura etorri da, gauza ona. Frantziako trenbideetan sartzeko eta inbertsioa egiteko hemen zabaldu behar zuen lantegia, Parisen egiteko partez Donapaleun egin dute, eta hobe, Euskal Herria egiteko. Frantziako administrazioak gogor fama du, korapilatsua da. Baina hor bada bide bat egiteko. Gehiago pentsatzen dut bide horretan, herriek bat egin dezaten, zendako ez? Zeren egiteko da kontua. Autobusa bat bete mauletar eta Amurriora joan, zergatik ez? Asteburu on bat pasatzeko, ongi. Haiek ere hona heldu berriz, ongi. Baina gero? Maule uztartua da Tuterarekin. Erdaraz mintzo gara. Tuterako eta Sohütako ikastolen arteko harremana izan da, amini bat euskaraz, baina gainetako guztiak gaztelaniaz. Jaia egiteko untsa, baina...