argia.eus
INPRIMATU
Fermin Erbiti
"Kazetaritzan edukiak alboan utzi dira"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko uztailaren 12a

Kazetaria zara ofizioz, komunikazioaren arloan diharduzu egun. Irratian aritu zinen iraganean...
Aurren-aurreneko saioa Radio Nacionalen egin nuen (irribarre egin du). Bi orduko saioa egiten genuen egunero euskaraz. Harrigarria zen orduan, baita gaurtik begiratuta ere. Halere, Navarra Hoy egunkarian hasi nintzen kazetaritzan. Gustura aritu nintzen, eta ondoren Telenavarran ere bai. Ni naiz, Iruñean, Espainiako TVEn saio bat euskaraz egin duen bakarra teknikari guztiak erdaldunak izanda (irri egin du). Bestalde, geroago, Euskadi Irratian hiru astetan behin Sormenari lehio literatur-saioa egin genuen Jon Alonso eta biok. Euskalerria Irratian jardun dut eta Euskadi Irratian kolaboratzen segitzen dut. Irratia gustuko hedabidea daukat, bai.

Nola ikusten duzu komunikazioaren esparrua. Zerk libra gaitzake (in)komunikaziotik?
Luze litzateke taxuz horretaz aritzea. Nire ustez azkeneko urteotan teknologiaren aldeko apustua egin da, eta ondo dago, denok dakigu hori garrantzitsua dela. Pentsa, gu idazmakina eskuetan hartuta joaten ginen fakultatera, baita Navarra Hoy egunkarira ere. 1986az ari naiz, ez da aspaldiko kontua ere. Hau da, komunikazioaren esparrua asko aldatu da urte gutxitan. Azken urteetako iraultza teknologikoari esker kazetaritza ona egiteko aukerak ditugu, beste kontu bat da, edukiak nola lantzen diren. Edukiak, neurri batean, alboan utzi dira. Eta halaber, penagarria da kazetarien lan egoera, lotsagarria. Bestalde, prentsaurrekoetan maila handiko kazetaririk ez da ikusten, eta hori tristea da. Gure kazetariaren isla da hori, kazetaritza egiteko esperientzia pixka bat duen jendea behar baita, eta oroimena ere bai.