Ez genuen nahi, ez genuen nahi,
baina azkenean drama:
deskubritu da CIAk Carrero
garbitzen utzi izana.
Orain artean ETAk bakarrik
zuen eginaren fama,
baina zalantzan jarri denetik
historiaren bilana,
bada garaia argi uzteko
euskaldunon iragana.
|
Juan Sebastian Elkano (1486-1526)
Elcano ez zen euskaldun jaio,
inork ez du ukatuko:
izen horrekin inoiz ez luke
Athleticen jokatuko!
|
Eneko Aritza (770-852)
Erdi Aroko proba argirik
ez zuenez lortu inork,
orok onartu zituen euskal
Arturo eta Camelot.
|
Gernikako bonbardaketa 1937-4-26
Picassok koadro eskas bat zuen,
inon saltzen ez zuena;
aitzakia bat asmatu eta
akabo haren problema
|
Tomas Zumalakarregi (1788-1835)
Bizardun honek asmatu zuen
lehen patata tortilla;
hortik aurrera… jendea hain da
imajinatzen abila!
|
Linguae Vasconum Primitae, 1545
Elkarrekoek opera prima
kolatu ziguten aise;
zorionez hau ondo irten zen,
ez Veleia bezalaxe!
|
Orreaga,778
Zer Karlomagno eta Errolan!?
Tira, mesedez, porfa, please…
Gu euskaldunak baino ez gara…
ez Asterix ta Obelix!
|
Gabriel Aresti (1933-1975)
Olentzero behin sortu zen gisan
Papa Noel uxatzeko,
guk martiri bat behar genuen
euskalkiak nahasteko!
|
Sabino Arana Goiri (1865-1903)
Asmatu zuen ereserkia,
ikurrina, alderdia…
Bere lan oro asmatua da…
bera ere, alegia!
|
Euskaldun izan gura badugu
egunean-egunean,
batzen gaituen loturaren bat
behar dugu komunean.
Nahi izatea aski lotura
da nire uste xumean,
kontua ez baita zer izan ginen
behinola iraganean,
baizik eta zer izan nahi dugun
gure etorkizunean.
|