argia.eus
INPRIMATU
Elfo Negro
M15ari esker jende askok, alderdirik eta sindikaturik gabe, ekintza zuzena ezagutu du
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko uztailaren 12a

“Ekintza bukatzen da kamiseten josturen parera”. Iraultza telebistaz emango zutela hainbestetan esan digute, erosteko zain gaudela?
Erosoena supermerkatuan saltzea litzateke, baina horrek esan nahiko luke kapitalismoak iraultza bereganatu eta garaile bilakatu dela. Hala ere, kapitalismoak erakutsi du errebeldea dena bereganatzeko gaitasuna duela. Horra hor punka, esaterako. Hortaz, Che Guevara edo beste edozein gudariren kamisetak janzteak ez du ezertarako balio, atzean jokaera koherentea ez badago.

M15a ere kontsumo-gai bilakatuko dela uste duzue?
Pasa gara indarrean dagoen legaltasunaren barruko mugimendu erreformatzaile izatetik kalea berrartzera, eta hori oso interesgarria da: adibidez, etxeak hustea saihestea. Gainera, jende askok, alderdirik eta sindikaturik gabe, lehenengoz asanblearismoa, ekintza zuzena eta elkartasuna ezagutu ditu.

Vitesse esamoldeak garrantzi handia du zuentzat…
Bai. Vitessek Elfo Negro izena ordezkatuko du. Kanta berak interpretatuko ditugu, energia eta intentsitate berarekin, baina beste izerdi mota batekin. “Vitesse” ideologia, abiaduraren eta azelerazioaren ideologia, leku guztietan aurki dezakegu; teknikaren garapenari eusten dion argudioa da. Abiadura horrek gure herrietako berezko kultura eta historia ezabatzen ditu, gure idiosinkrasia alegia. Horretan guztian pentsatzeko metafora da Vitesse.

Zuen kantuek Fer Apoak El Corazón del Sapo eta Kuraia taldeetan abesteko erak gogora ekartzen dizkit. Zer eman dizuete talde horiek?
Ahots melodiak oso gustuko ditugu eta Apoaren taldeetan asko zaindu izan dituzte. Gainera, gaztelaniaz abestutako hardcore-punkean ezohikoa da. Aipatutako taldeek erakutsi digute euskaraz zein gazteleraz kanta handiak egin daitezkeela; eta El Corazón del Sapok, bereziki, erakutsi zigun abesten duzun horrekin koherentea izatearen beharra.