Zaragozako alkateak antza denez argi dauka, baina nik ere badaukat nire teoria Donostia hautatu izanaren ingurukoa. Europako erakundeetan kokoteraino daude militarretaz, eskola-porrotaren Espainiaz, kokoteraino presio politikoez, kokoteraino 1986tik negar baino egin ez dutenetaz. Tortura kasuak errebisatzeaz aspertzen eta lotsak gorritzen hasi dira. Hegoaldeko monarkia kirastuak garrantzitsua izaten jarraitzen du biztanle aldetik, baina jada ez da hain beharrezkoa Europaren legitimotasunerako.
Horixe gertatzen da. Europar Batasuna Austrian bukatzen zireneko garaiak joan ziren, nahiz eta galtzaile txarretako asko ez den oraindino horretaz ohartu. Eskatu eta emango zaizue, pentsatzen dute, hala ohituta. Eta ez diete eman.
Donostiak ere programa aspergarri, garesti, motel eta prebisiblea aurkeztu zuen. Etxeko sua etxeko hautsaz estaltzeko elegantzia, denek bat egiteko ahalmena eta euskaldunen seriotasuna aukeratu dituzte, ordea. Nire ustez, potentziala saritu dute, bakearen aukera, beste era bateko Donostia 2016. Saritu dute txundi dezan mundua eta alda dezan ideiarik gabe, loturik dagoen Europa.