ATILA Y LOS UNOS ::Zuretzat gurekin... Javi (DVD)
Bonberenea Ekintzak
iraupena ::1h15´
prezioa ::10€
Musika ikuskizunarekin eta katxondeoarekin batuta ulertzen duzu?
Bai. Jendea ez da kontzertuetara zehazki musika entzutera joaten, dibertitzera baizik. Horregatik ahalegin guztiak egiten ditut ondo pasa dezaten. Agertokira motorrean, vikingo jantzita, argi-zuziekin… igo izan naiz, denetatik egin dut. Beti izan naiz aratuste zalea eta buruan txapel bat jarrita, zeharo eraldatzen naiz.
DVD hau da 25 urteotako ibilbidean egin duzuen grabaketa bakarra.
Bai. Grabatzeak ez du zentzurik guretzat zuzeneko taldea garelako. Oso gaizki abesten dut, ez dut konpasa ondo eramaten, eta askotan taldeak ni jarraitu behar izaten nau alderantziz beharrean. Horregatik, ez nuen grabatu nahi, baina Bonbereneakoek konbentzitu gintuzten.
Nolakoa izan zen DVDan jasotzen den kontzertua?
Javiren heriotza kolpe gogorra izan zen guretzat, eta prestatzen ari ginen jai berezia Javiren omenezkoa bihurtu zen. Ez zuen gutxiago merezi: taldeko motorra zen eta lagun ugari zituen. Kontzertua oso hunkigarria izan zen eta arrazoi horregatik taldekideontzat oso zaila. Baina inguruan jende asko daukagu beti laguntzeko prest, eta itzela izan zen.
Zer iritzi daukazu gaur egungo taldeei buruz? Jarraitzen dituzu?
Zerbait berezia transmititzen didan oso talde gutxi daude. Talde askok indar guztiak jartzen dituzte modan egoteko ahaleginean eta protagonista bilakatzean; eta, jakina, horrela ez dute jendearekin, entzuleekin, hartu-eman berezirik lortzen. Bestalde, musikaren mundua oso ustela dago eta inbidia dezente dago. Guk taldearekin lagunak besterik ez ditugu lortu, eta horregatik zoriontsuak gara.
Bonberenean grabatu eta beraiekin kaleratu duzue DVDa.
Bai. Bonberenea deskubritu nuenetik, nire bizitza desberdina da. Leku guztietatik makilakadak jaso badituzte ere, lanean ikaragarriak dira. DVD honen emaitza beraiei zor diegu.