Uda

Uda harro hasi da, gehiegi estutuz agian, baina denak beroa dela eta kexaka ari direnean, ez dut guztiz sinesten; metroan izerdi patsetan ere –edo batez ere–, begiradak irrist egiten du goizeko sei eta erdietan ere keinu arinez luzitzen dugun arroparen ezintasunetan zehar, eta aurten gutxi –bat ere ez– ibiliko ditudalako agian, ordu txikitan txosnatan ehun pisutsurik gabe, dantzan, eta dantza mugimenduagatik sortzen den brisara epelaren mira sentitzen dut.

Beñat, zure proposamena nire eszenan nahiko antiklimatikoa suertatzen da: Alaitz eta Maider? Saiatu naiz ulertzen zergatik jarri nahi dizkiezun halako oztopoak nerabeen hormonazko pasioei, eta, esatera noanak min handia egiten dit: nire garaiaz gogoratzen saiatu naiz (udan, pena da beti nerabeago ez izatea), ea Alaitz eta Maiderrekin izandako ligeren bat konta nezakeen edo. Eta bale, onartu beharko nuke, Txanogorritxurena entzungo banu adibidez, niri ere irribarretxo tontoren bat irtengo zitzaidala beharbada. Baina, bat edozer onartzeko prest dago kontua biografia baten puncha salbatzea denean. Eta uste dut, nire sedukzio gaitasun lehendik mugatuek arrakasta aukera handiagoa luketela Shakirarekin, Alaitz eta Maiderrekin saltoka baino, saltoka baino.

Udalekuetara dagoeneko haur moduan ez, sukaldera joaten nintzenean (honek kontatzen du erasmus bezala?), Ken Zazpi zen neskatoen artean Bisbali konpetentzia egiten zion bakarra, letrak filosofikoak baziren, Bisbalenen neurrira zirela agian, (agian). Gaia aldatuz, edo ez hainbeste, nor litzateke iraindua baieztapen/konparaketa horretan, Ken Zazpi edo Bisbal? Naturaltasunez hartzen dugu gure famatuen inguruan, hala balira bezala hitz egitea? Izan daiteke euskal artista bat artista arina, komertziala eta halakotzat onartua? Espektakuluak sortzen duen produktu bat gehiago bezala? Edo Juanjo Olasagarrek Deian seinalatzen zuen eran, guztiari sinbolo kategoria ematen diogu? Eta sinboloz gehiegi hornitzen denari elizak erakutsi du behin baino gehiagotan umorea nola ozpintzen zaion. Gogoan dut Xabier Larrañagaren zutabe bat, Xabier Lete hil zenekoa, zeinetan figuraren inguruko eraikuntza sinboliko faltsua seinalatzen zuen, eta hargatik jaso zituen isekek, Beñat, zuk ezker abertzalea (ezker abertzaleko zenbait, oso gutxi, bat edo bi) kritikatzeagatik jasoak, laztanaren mailan uzten dituzte. Eta hain gauza sinbolikoek ez dute balio txosnan alberdanian ibiltzeko.

Ramon Saizarbitoriari Arantxa Iturbek eginiko elkarrizketan (zorionak) komentatzen zuen idazleak, iruditzen zitzaiola beharbada Euskal Herrian Telecincok izaten duen audientzia nabarmen altuen azalpena izan litekeela telezabor propiorik ez izatea (ez dut gustuko telezabor hitza, zehaztasuna falta zaio, Piquerasen informatiboak adibidez ez baitakit seinalatzen dituen). Eta txutxumutxuz harago, euskal guztiaren balio gorenak uzten digu pertsonaiaren proiekzio publikoa eta beraren kausak publikoki aztertzen? Ez dugu behar dagoeneko, gure “gizartea eta jendea” sailen bat, saraoetako sekretutxoak –trapu zikinak, arrosak eta beltzak– kontatzeko? Orain udan gainera, poesia egunak eta txosna dantzak hainbeste konfunditzen gaituzten honetan.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude