argia.eus
INPRIMATU
Pasadizoa: Zurikaldai, zapatari diplomatua
Reyes Ilintxeta 0000ko ren a

"Iruñeko adin batetik gorako jendea hartaz gogoratuko da; gizon bizkar oker konkorduna, elbarria, Comedias kaleko loteria-saltzailea, karrikotxe batean ibiltaria. Gurpilei pedalez eragiten zien, baina ez hankekin, eskuekin baizik, pedalak bularraldearen parean baitzeuden. Hantxe ibiltzen zen Alde Zaharrean, Roch tabernatik Bar Espejo-ra.

Ongi jaio zen; baina 18 urtetan izan zuen gaitza, Gaztelako komentu batean fraide legoa zela; ibili ezinik gelditu zen. Iruñera itzulita, zapatak konpontzen hasi, eta bezeroen artean, toreroak izan zituen; besteak beste, Manolete hura; bai, Islero izeneko zezen lepabeltzak Linaresko zezen-plazan hil zuen huraxe bera.

Martzeliano Etxeko Juantxok eman zion goitizena, Zurikaldai, auskalo zergatik. Zurikaldai zapatari diplomatua.

1955ean-edo, Radio Requete sonatuak (egungo Iruñeko Cadena Ser-ek) ekimen bitxia antolatu zuen: boluntarioak eskatu zituen gure gizon konkorduna Iruñetik Lourdesera oinez eramateko; hau da, aulki gurpildun bat bultzatuta. Hiru boluntario agertu ziren: bata, Leringoa; bestea, Paternaingoa; hirugarrena, Etxaurikoa. Abiatzerakoan jendetza handia bildu zen, azken agurra emateko. Aulkia txandaka bultzatzen zuten errepidez errepide, mendatez mendate: Erro, Mezkiritz, Ibañeta… Zurikaldai, beti umoretsu: “Aupa, mutilok: itzultzerakoan, zuek karroan eserita, eta nik bultzatuko zaituztet”. Atzetik furgoneta bat jarraikitzen zitzaien, zer gerta ere. Euria bidelagun, lau gizonak euritako handi baten azpian iritsi ziren Arnegira, propio bidaia hartarako egindakoa. Baionako egunkari batek Zurikaldairen bidaiaren berri eman ondoren, manexak montioka atera zitzaizkion bide bazterrera, animoak emateko, txalotzeko, konkorra ukitzeko, horrek zoriona ekarriko zielakoan. 250 kilometro egin ondoren, noizbait ere Lourdesera iritsita, kobazulo saindua bisitatu ondotik, inguruko gain batean hartu zuten atseden. Bazkalondoren, gure hiru boluntarioak erdi modorro zeudela, ustekabean Zurikaldairen aulki gurpilduna aldapan beheiti hasi zen, gero eta abiada handiagoan. “Ama Birjina Lourdeskoa, Ama Birjina Lourdeskoa, gera nadila nagoen moduan!!” egin zuen oihu, eta, harrizko borda bat jotzera zihoanean, azken unean aulkia jiratu zen, eta gure gizona belar-meta batean sartu zen.

Nonbait, Lourdesko aldia egin ondoren, gauza izan zen zutitzeko eta, nekez bada ere, oinez ibiltzeko, bai eta, omen, entzierroan laster egiteko ere".