Paris, 1991ko uztaila. Miguel Indurainek bere lehen Frantziako Tourra irabazi zuen. Baina euskaldunak askoz lehenago hasi ziren Indurainek duela hogei urte lortutako saria eskuratzeko ahaleginetan. Lehena Vicente Blanco “Herrena” larrabetzuarra izan zen, duela 101 urte.
Nerabe zela itsasontzi bateko sukaldari laguntzaile lanetan hasi zen Blanco. 20 urterekin Basauriko La Basconia burdingintza fabrikara aldatu zen, eta, berehala, lan istripu bat izan zuen: burdin barra goria ezkerreko oinean sartu zitzaion. Handik bi urtera, Euskaldunan lanean zela, beste istripu baten ondorioz, eskuin oineko behatz guztiak galdu zituen. Orduan jarri zioten “Herrena” ezizena.
Burdingintza utzi behar izan zuen, eta Olabeagako kaian angulak harrapatzen eta txalupari aritu zen. Oinez ibiltzeko zailtasunak zituenez, bizikletan ibiltzen hasi zen. Pneumatikorik gabeko bizikleta zahar herdoildua lortu, konpondu eta, gomazko gurpilak erosteko dirurik ez zuenez, itsasontzietako soka lodiak ipini zizkion. Federación Atlética Vizcaína zelakoan federatu zen, eta lehenengo lasterketa bizikleta horrekin egin zuen; emaitza ez zen ona izan, jakina. 1907an, ordea, FAVek benetako bizikleta utzi zion eta Espainiako Txapelketan lehiatu zen: hamargarren postua lortu zuen. Eta hurrengo bi urteetan txapelketa hura irabazi zuen. 1910ean ordura arte Euskal Herriko txirrindulariek egin gabeko jauzia egitea erabaki zuen: Frantziako Tourrean parte hartuko zuen.
Ez FAVek, ez Blancok, ez zuten Pariserako bidaia ordaintzeko dirurik, eta, Madrilgo Continental enpresak pneumatikoak eta sos batzuk eman arren, “Herrenak” Bilbotik Parisera bizikletan joatea beste erremediorik ez zuen izan; Tourra lehenago hasi zen bizkaitarrarentzat.
Vicente Blanco uztailaren 2an iritsi zen Tourraren abiapuntura, akituta, erdi gaixo, bizikleta txikituta. Baina bizikleta hobea lortu eta Tourra antolatzen zuen L’Auto aldizkariaren egoitzan izena eman zuen.
Paris eta Roubaix arteko lehen etapan hamargarrena izan zen; harrigarria, egun gutxi batzuk lehenago egindako ahalegina kontuan hartuta. Bigarren etapan Metzeko helmugara iritsi zen, baina hirugarrena amaitu baino lehen erretiratu behar izan zuen.
Vicente Blanco miseria gorrian jaio eta miseria gorrian hil zen. Baina, tartean, oin elbarriekin pedalei eraginez, hemeretzi garaipen lortu zituen; hogei, Tourreko “porrota” kontatzen badugu.