"Presoek normalizazio prozesuan parte hartzeko aukera itxita dute"

  • Iruñea, 1971. Zuzenbidea ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako (AAB) kide izana. AEKn ikasi zuen euskara, baita AEKn irakasle aritu ere. Iruñean hasi zen abokatu lanetan 1996an. Harrezkero preso politikoen alde jardun du beti.

Amaia Izko.
"Orain atxiloketak baretu direnez, horri garrantzia eman diote. Izan ere, atxiloketa prebentiboen kasuak gelditu izan dira nolabait, ez baitzuten inor kondenatzen".Josu Santesteban.

Hamabost urte daramatzazu euskal presoen aldeko lanetan. Zein da zure esperientzia?

Abokatu lanak baditu bi mutur, oso markatuak. Batetik, presoekin harremana dago, baita hauen familiekin ere. Bizi, ikasi, ikusi dudanak asko aberastu nau, harreman politak ditut alde horretatik. Beste muturra guztiz kontrakoa da: errepresioaren lekukoa izatea gertu-gertutik gogorra da. Auzitegi Nazionalaren mundu iluna ezagutzeak, torturak eta sufrimenduak ikusteak, pertsonak “politikoki” nola tratatzen dituzten ikusteak ukitzen zaitu. Auziak oso arin izaten dira askotan eta horren tarte gutxirekin aritzeak larritzen zaitu, preso eta familiekin zein inpunitatearekin aritzen diren ikusteak mintzen zaitu. Nik alde goxoarekin geratu nahi dut, noski.

Non daukazue zailtasun gehien abokatuek?

Ia den-dena erabakita izate horretan. Nahiz eta batzuetan lorpen judiriko batzuk dauden, konturatzen zara dena kontra daukazula. Beste alor batzuetan ere ez dute erraza ziur aski, baina mundu honetan laguntza juridikoa jasotzeko oso tarte txikia dago. Zuk prestatu dezakezu zure lana edota auzia ondo, arduraz, baina zure ahalegina Auzitegi Nazionalean mespretxuz hartzen badute... Ertzak oso definituak dira, haiek [magistratuak edo epaileak] nekez ateratzen dira tarte horietatik.

Gatazkaren bilakaeran, abokatuak ere atxilotuak izan zarete Espainiako Estatuan. Zeren ondorio da hori? Zein da zure interpretazioa?

Ez da gauza berria, ni hasi nintzenean [1996an] abokatu batzuk espetxetik pasata ziren jada: Txemi Gorostiza, Josemari Elosua, Alvaro Reizabal... Betidanik egon da abokatuak kriminalizatzeko saiakera. Guk juridioki lan egiten dugu, eta, aldi berean, salaketa lan handia egin ere: sumatzen ditugun irregulartasunak, torturak, eskubideen urraketak, horien guztien bozgorailu gara. Beste batzuk ere ari dira noski, baina gu gara lehen eskuko lekukotasunak jasotzen ditugunak, eta horregatik saiatzen dira hori ekiditen.

(...)
Dena den, azken urteotan, ez bakarrik ETAri edo kale borrokari begira, giza sektore zabalak ere kriminalizatzen saiatu dira. Sektore politiko eta sozialak izan dira errepresioak ukituak, zentzu horretan ere areagotu da gure aurkako errepresioa. Abokatu piloa izan da atxilotua: Iñako, Joseba, Iker, Jon, Arantxa, Aritz, Haizea... Zazpi abokatu, talde berekoak, oso denbora gutxian. Horretan elementu bat ageri da: preso asko isolatu dute eta abokatuei presoekiko bideak itxi dizkiete, hauei, presoen lagunei edo senideei. Abokatuek presoen laguntza juridikoa askotan muturreko egoeretan landu behar dute hartara.

Zertan da egun legea? Lege prebentiboa deitua, adibidez, garai bateko Lege Antiterrorista zelakoaren aldean?

Atxiloketa prebentiboaren kontzeptua Barne-arazoetako ministerioa hasi zen erabiltzen. Hau da, delitu egin baino lehenago atxilotzen duten pertsonari aplikatzen zaio: “Ez du ezer egin, ez dakigu ETAn sartu den, baina asmoa duela sumatu dugunez, atxilotu dugu”. Noski, hori ez da kontzeptu juridiko bat, beraiek alarma edo beldur egoera bat zabaltzeko erabili duten modua baizik. Berez, Espainiako Estatuaren zuzenbide kodearen kontrakoa da erabat. Alegia, inork deliturik egin badu, atxilotu edo dei dezaten epaitegira, baina hori ez dute inoiz egin noski. Atxiloketa asko, ehundaka, prebentibo kontzeptu pean egin dira, eta horietako %10 izan da kondenatua. Eta espetxean denbora luze egon dira.

Berriki, Auzitegi Gorenak atxiloketa prebentiboei buruzko iritzia eman du.

Auzitegi Gorena poliziaren deklarazioez aritu da, baina legeaz ez du ezer berezirik esan. Orain atxiloketak baretu direnez garrantzia eman dio horri. Izan ere, atxiloketa prebentiboen kasuak gelditu dira nolabait, ez baitzuten ia inor kondenatzen.

Torturen kasuak hizpide: aldaketarik eman al da Lege Antiterrorista indarrean zegoen garaitik gaurdaino?

Egon den aldaketa bakarra hauxe da: espreski zegoen Lege Antiterrorista ez dago espreski izendatua, baina legedi arruntean sartuta dago: ez dago atxilotuaren inkomunikazioa nolakoa izan behar duen agintzen duen lege bat, baina lege arruntean egoera horiek sartuta daude. Atxiloketa hauei “inkomunikatuak” deitzen zaie. Atxilotuak eskubide batzuk beharko lituzke, alegia, bere familiak jakitea non dagoen atxilotua, familiak berak aukeratutako abokatuak lagundua izatea. Atxilotuak hiru egun pasa ditzake atxiloketa arruntean, eta kasu honetan bost egunetan. Bost egun komisaldegian, eta kartzelan ere beste bost egun inkomunikatua egon daitekeela aurreikusten da. Berezitasunak horiek dira, eta praktikan ere badaude. Bereziki Euskal Herrian atxilotua egon edo Madrilen atxilotua egon.

Zein dira inkomunikazioaren xedeak?

Inkomunikazioak bilatzen du, batetik atxilotua babesik gabeko egoera batean jartzea, eta, bestetik, inpunitatearen harresia jartzea. Atxilotua erabat isolatuta dago, bakartua, errealitatetik aldendua bost egunez eta gauez, atxilotu dutenek baino ez dute ikusten. Berak badaki inork ezin diola lagundu, eta horrek babes ezaren sentimendua sortzen dio. Egoera horretan, erabat ahul bihurtu duten pertsona batengan ematen da tratu txarra. Baina, aldi berean, inkomunikazioak inpunitatea ziurtatzen du, atxiloketak irauten duen bitartean kanpoko edozein eragin ekidinez, eta ondoren, ikerketa erabat baldintzatuz, ez baitago jakiterik nork parte hartu duen galdeketetan, nork eman dituen kolpeak, nork mehatxuak egin, edo non, noiz edo nola gertatu diren kasu guztietan ukatuak izaten diren egitateak.

Torturak ekiditeko bitartekoak jarri omen dira, alferrik ordea.

Bai, eta neurri asko eta era askotakoak beharko dira torturarekin amaitu ahal izateko. Horietako batek inkomunikazioa bertan behera geratzeko balio izan behar du, halabeharrez. Izan ere, inkomunikazioak irauten duen bitartean, tortura ahalbidetzeko ezin egokiago den markoa dagoelako, edota, horregatik, tortura egoteko arriskua, gutxienez.

Abokatu batek zein sentimendu ditu torturatua ikustean?

Bada, batez ere, inpotentziaren sentimendua. Niri kontatu dizkidaten gauzek oilo ipurdia jarri didate, espetxetik oihuka egiteko gogoz ateratzen zara, negar puntuan. Izugarria da, nik sentitzen dut ezin dudala pertsona hori lagundu juridikoki, eta abokatua naiz. Pertsonalki ahalegintzen zara, baina juridikoki itxita daukazu bidea. Egoera salatzen duzu, baina dena duzu kontra. Badakizu kasua artxibatuko dutela edozer gerta ere, nahiz eta zauriak agerikoak izan, ez duzula errekonozimendu juridikoa jasoko. Hori zama izugarria da. Abokatu zaren heinean laguntza juridikoa eskaini nahi diozu, eta politikoki eta sozialki ere nahiko zenuke pertsona hori torturatua izan dela errekonozitzea, modu orokorrean bada ere. Salaketa publikoa egitea garrantzitsua da. Horretan saiatzen naiz. Eta badakit gatazka honetan presoak ez direla sufritzen duten bakarrak.

Amnesty Internationalek (AI) torturak salatu ditu.

NBEk eta AIk askotan esan diote Espainiako Estatuaren Gobernuari inkomunikazioa ez datorrela bat eskubideen errespetuarekin, zerbait egin behar duela. Baina ez die batere jaramonik egiten. Azkenean zerbait egin behar izan du, ez kasu guztietan. Azken urteetan Auzitegi Nazionaleko epaile batzuk, ez denak, hasi dira protokolo bat erabiltzen, Estrasburgoko protokoloak agintzen duena betetzeko. Hasi dira erabiltzen, besteak beste, atxilotua kamaraz grabatzeko, konfiantzazko mediku bat izateko eta familiarrek atxilotua nola dagoen jakiteko. Horiek dira neurriak, poztekoak, hasi dira aplikatzen, baina jarri dute “azeria oiloak zaintzen”. Kamerak guardia zibilen eta polizien esku jarri dituzte. Grabaketak egitea agintzen zaie baina pasiloa eta ziegako atea hartzen dituzte irudietan, edota atxilotuen oinak. Horrek ez du ezertarako balio, eta halere, neurriak indarrean ezarri direla diote. Bada ez. Tortura egon badago, eta gainera protokoloa gure kontra erabiltzen dute, atxilotuaren kontra erabiltzen dute.

Beraz...

Bai, bistan da, horrek guztiak zerbait ezkutatzen du. Areago, epaileak agintzen du atxilotua hogeitalau orduz grabatzea, baina ez dute betetzen. Horrelako neurriak ikusita inkomunikazioak bukatua beharko luke, baina, hasteko, kontua da zeinek duen neurrien kontrola, poliziek berek baldin badute... Neurriek polizien eskutik baita epaitegiaren eskutik at beharko lukete. Tortura babesteko Estatuko herri defentsorearen eskutiko tresna bat jarri zuten indarrean, baina ez du balio, balio lezake horrelako neurriak martxan jarri eta ziurtatzea, baldin eta holako tresna bat gizarte zibileko erakundeen esku balego. Hortik etorri ahalko litzateke konponketa moduko bat.

Zergatik eman dio gizartearen parte handi batek bizkarra torturen egoerari eta hauen salaketari?

Gizarteak erantzun handia eman du torturen kontra, teorian jende guztia asaldatu beharko lukeelako, baina pasibitate handia ere ezagutzen dugu, eta pasibitatetik bizkarra ematera pasa da azken urteetan, areago Espainiako Estatuan, baita justifikatzeraino ere. Hori egia da. Errealitatea da. Baina ez dut uste hemen gertatzen dena isolatua denik munduan gertatzen denetik, mundu osoan diskurtso ideologiko mailan pauso handiak eman dira eskubideen urraketetan, eta horrek eraman du jendea asko pentsatzera terrorismoaren aurka torturak balio duela, hemen are gehiago gatazka pil-pilean dagoelako. Espainiako Estatuak lan ideologiko handia egin du, baita torturaren arloan ere. Batetik, tortura blindatzeko. Tortura beraiek izendatzen dute estrategia errepresiboaren barruan tresna garrantzitsutzat, hori logikoki legalitatetik at dago, sistema blindatuta dago, babestua, erabili behar bada ondo erabiltzen dute, eta kosturik gabekoa da Estatuarentzat, ez baita legala, delitu larria delako, baina blindatzen dute ikuspegi juridiko eta politikotik eta ukatzen dute, eta jarraian diote guk asmatzen dugula Estatua desligitimatzeko. Jende askoren aurrean lortu dute tortura ez existitzea, lortu dute apostu ideologiko hori aurrera ateratzea, eta bestetik, urratsak are kezkagarriagoak dira justifikatzen dituztelako. TVko dokumental batean polizia ikasleei galdetu zieten torturaz: “Behar baduzu, testuinguruaren arabera, erabili behar da” zioten. Nola ote? Bada, anestesia lan handia egin delako.

Nola daude behin betiko preso kondenatuen kasuak?

Presoen kolektiboaren 27 lagun inguruk aplikatua dauka bizi osorako zigorra [Parot doktrina deitua]. Nafarroan sei preso dira, eta beste askok ere 30 urte espetxean pasako dute. Maukatik ateratzen duten neurria da, noski. Preso asko ateratzeko esperantzaz zeuden eta ez dakite noiz bukatuko duten espetxealdia. Nafarroan, Unai Gaztañagarena izan zen lehen kasua. Ateratzear zela aplikatu zioten Parot doktrina delakoa. Presoak prest daude aurrera egiteko, laguntza asko daukate, baina bilatzen duten eragina ondo bilatua dago, presoa suntsitzeko modua da.

Antton Troitiñoren kasuan zer gertatu zen?

Auzitegi Nazionalak zioenez, kausa bakoitzean behin-behinean egindako denborari zenbatu eta gehitu behar zitzaiola, hori ez zela horrela aplikatzen. Legeak horrela dio, ez zen horrela egiten, ez zen zenbatu behin ere. Antton Troitiñorekin aplikatu zuten. Konstituzionalak esan zuen legea aldatzen ez zen bitartean zenbatu behar zirela urteak. Auzitegi Nazionalaren 3. sekzioak ez du lege berezirik aplikatu nahi izan, orduan Gorenak preso politikoekin halako zerbait gertatu denean legea aldatu dute, legearen interpretazioa aldatuz. Troitiñoren kasua ikusita, legea aldatu dute legearen interpretazio ezberdinak ekiditeko.

Nolakoa da ETAren su-etenean edo bake prozesuan presoen egoera?

Nik Aljerrekoa ez nuen ezagutu, baina Lizarra-Garazi eta Loiolako negoziazio prozesuekin aldera ditzaket oraingoa. Lizarrako garaian Auzitegi Nazionalak tarteak ireki zituen: presoak askoz errazago ateratzen ziren behin-behineko askatasunean eta zigorrak arinagoak ziren, epaiketetan nola-halako adostasunak izaten ziren. Ziklo hori itxi bitartean HBko Mahai Nazionala atxilotu zuten eta kondenatu. Auzitegi Nazionalak bailogabetu zuen ebazpena. Baina dena pikutara joan zenean, magistratu bati entzun nion irratian: “Okertu gara, ez gara konturatu gerra garaietan garrantzitsuena dela bahituak izatea”. Ondoren ikusi duguna gogoeta horretatik etorri da, Loiolako prozesuan nahiz orain ere, ez dute ezer mugitu. Judikaturatik ere bahituei etekin ahalik eta gehien ateratzen ahalegindu dira, presio gehiago eginez, egoera baldintzatzeko, presoen betiko egoerari eusten diote.

Presoek nola bizi dute egoera?

Errealitatean txertatu daude, eta lasaitasunez hartzen dute, arretaz begiratzen diote gertatzen denari, baina kontziente dira estatuen hatzaparretan daudela. Esperantzak denok ditugu, “ea oraingoan lortzen dugun hau aurrera ateratzea” pentsatzen dute, baina Sevillako gela ziztrin batean sartuta zer pentsatuko duzu? Badakite ezin dutela ilusio faltsurik egin, haiek erabiliak direla presio moduan eta mendekuak jasotzen lehenak direla.

Oraingo prozesuan presoek parte hartzeko aukera ikusten al duzu?

Beren ahotsa beraiena da, beren mintzakideak dituzte izendatuak... Kolektiboa ahalegintzen da hitz egiten ahalik eta eragile gehienekin, baina normalizazio prozesuetan atea itxi izan zaie eta egun ere itxita daukate. Presoen kolektiboa inoiz baino sakabanatuagoa dago, hau da, espetxe bakoitzean binaka daude, salbuespena da bi baino gehiago izatea modulo batean. Horrek ez du laguntzen beren parte-hartzea, beraien eztabaida lantzea. Hori saihestu nahi dute, baina haiek prest daude parte hartzeko.

EPPKtik kanpo badago talde bat Langraitzeko espetxean...

Tira, Estatuak apustu egin du kolektiboa apurtzeko, eta ondorioz Langraitzeko presoen egoera Estatuaren eskutik heldu da, eta horrek beldurra ematen dit. Uste du, preso horien jarrerak egoerari kalte egiten diola.

 Aurore Martin kasuaz eta Portu eta Sarasolen egoerari buruzko ikuspuntuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude