Amaia Izko

"Presoek normalizazio prozesuan parte hartzeko aukera itxita dute"

  • Iruñea, 1971. Zuzenbidea ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako (AAB) kide izana. AEKn ikasi zuen euskara, baita AEKn irakasle aritu ere. Iruñean hasi zen abokatu lanetan 1996an. Harrezkero preso politikoen alde jardun du beti.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2011eko uztailaren 10a
Amaia Izko.
"Orain atxiloketak baretu direnez, horri garrantzia eman diote. Izan ere, atxiloketa prebentiboen kasuak gelditu izan dira nolabait, ez baitzuten inor kondenatzen".Josu Santesteban.

Hamabost urte daramatzazu euskal presoen aldeko lanetan. Zein da zure esperientzia?

Abokatu lanak baditu bi mutur, oso markatuak. Batetik, presoekin harremana dago, baita hauen familiekin ere. Bizi, ikasi, ikusi dudanak asko aberastu nau, harreman politak ditut alde horretatik. Beste muturra guztiz kontrakoa da: errepresioaren lekukoa izatea gertu-gertutik gogorra da. Auzitegi Nazionalaren mundu iluna ezagutzeak, torturak eta sufrimenduak ikusteak, pertsonak “politikoki” nola tratatzen dituzten ikusteak ukitzen zaitu. Auziak oso arin izaten dira askotan eta horren tarte gutxirekin aritzeak larritzen zaitu, preso eta familiekin zein inpunitatearekin aritzen diren ikusteak mintzen zaitu. Nik alde goxoarekin geratu nahi dut, noski.

Non daukazue zailtasun gehien abokatuek?

Ia den-dena erabakita izate horretan. Nahiz eta batzuetan lorpen judiriko batzuk dauden, konturatzen zara dena kontra daukazula. Beste alor batzuetan ere ez dute erraza ziur aski, baina mundu honetan laguntza juridikoa jasotzeko oso tarte txikia dago. Zuk prestatu dezakezu zure lana edota auzia ondo, arduraz, baina zure ahalegina Auzitegi Nazionalean mespretxuz hartzen badute... Ertzak oso definituak dira, haiek [magistratuak edo epaileak] nekez ateratzen dira tarte horietatik.

Gatazkaren bilakaeran, abokatuak ere atxilotuak izan zarete Espainiako Estatuan. Zeren ondorio da hori? Zein da zure interpretazioa?

Ez da gauza berria, ni hasi nintzenean [1996an] abokatu batzuk espetxetik pasata ziren jada: Txemi Gorostiza, Josemari Elosua, Alvaro Reizabal... Betidanik egon da abokatuak kriminalizatzeko saiakera. Guk juridioki lan egiten dugu, eta, aldi berean, salaketa lan handia egin ere: sumatzen ditugun irregulartasunak, torturak, eskubideen urraketak, horien guztien bozgorailu gara. Beste batzuk ere ari dira noski, baina gu gara lehen eskuko lekukotasunak jasotzen ditugunak, eta horregatik saiatzen dira hori ekiditen.

(...)
Dena den, azken urteotan, ez bakarrik ETAri edo kale borrokari begira, giza sektore zabalak ere kriminalizatzen saiatu dira. Sektore politiko eta sozialak izan dira errepresioak ukituak, zentzu horretan ere areagotu da gure aurkako errepresioa. Abokatu piloa izan da atxilotua: Iñako, Joseba, Iker, Jon, Arantxa, Aritz, Haizea... Zazpi abokatu, talde berekoak, oso denbora gutxian. Horretan elementu bat ageri da: preso asko isolatu dute eta abokatuei presoekiko bideak itxi dizkiete, hauei, presoen lagunei edo senideei. Abokatuek presoen laguntza juridikoa askotan muturreko egoeretan landu behar dute hartara.

Zertan da egun legea? Lege prebentiboa deitua, adibidez, garai bateko Lege Antiterrorista zelakoaren aldean?

Atxiloketa prebentiboaren kontzeptua Barne-arazoetako ministerioa hasi zen erabiltzen. Hau da, delitu egin baino lehenago atxilotzen duten pertsonari aplikatzen zaio: “Ez du ezer egin, ez dakigu ETAn sartu den, baina asmoa duela sumatu dugunez, atxilotu dugu”. Noski, hori ez da kontzeptu juridiko bat, beraiek alarma edo beldur egoera bat zabaltzeko erabili duten modua baizik. Berez, Espainiako Estatuaren zuzenbide kodearen kontrakoa da erabat. Alegia, inork deliturik egin badu, atxilotu edo dei dezaten epaitegira, baina hori ez dute inoiz egin noski. Atxiloketa asko, ehundaka, prebentibo kontzeptu pean egin dira, eta horietako %10 izan da kondenatua. Eta espetxean denbora luze egon dira.

Berriki, Auzitegi Gorenak atxiloketa prebentiboei buruzko iritzia eman du.

Auzitegi Gorena poliziaren deklarazioez aritu da, baina legeaz ez du ezer berezirik esan. Orain atxiloketak baretu direnez garrantzia eman dio horri. Izan ere, atxiloketa prebentiboen kasuak gelditu dira nolabait, ez baitzuten ia inor kondenatzen.

Torturen kasuak hizpide: aldaketarik eman al da Lege Antiterrorista indarrean zegoen garaitik gaurdaino?

Egon den aldaketa bakarra hauxe da: espreski zegoen Lege Antiterrorista ez dago espreski izendatua, baina legedi arruntean sartuta dago: ez dago atxilotuaren inkomunikazioa nolakoa izan behar duen agintzen duen lege bat, baina lege arruntean egoera horiek sartuta daude. Atxiloketa hauei “inkomunikatuak” deitzen zaie. Atxilotuak eskubide batzuk beharko lituzke, alegia, bere familiak jakitea non dagoen atxilotua, familiak berak aukeratutako abokatuak lagundua izatea. Atxilotuak hiru egun pasa ditzake atxiloketa arruntean, eta kasu honetan bost egunetan. Bost egun komisaldegian, eta kartzelan ere beste bost egun inkomunikatua egon daitekeela aurreikusten da. Berezitasunak horiek dira, eta praktikan ere badaude. Bereziki Euskal Herrian atxilotua egon edo Madrilen atxilotua egon.

Zein dira inkomunikazioaren xedeak?

Inkomunikazioak bilatzen du, batetik atxilotua babesik gabeko egoera batean jartzea, eta, bestetik, inpunitatearen harresia jartzea. Atxilotua erabat isolatuta dago, bakartua, errealitatetik aldendua bost egunez eta gauez, atxilotu dutenek baino ez dute ikusten. Berak badaki inork ezin diola lagundu, eta horrek babes ezaren sentimendua sortzen dio. Egoera horretan, erabat ahul bihurtu duten pertsona batengan ematen da tratu txarra. Baina, aldi berean, inkomunikazioak inpunitatea ziurtatzen du, atxiloketak irauten duen bitartean kanpoko edozein eragin ekidinez, eta ondoren, ikerketa erabat baldintzatuz, ez baitago jakiterik nork parte hartu duen galdeketetan, nork eman dituen kolpeak, nork mehatxuak egin, edo non, noiz edo nola gertatu diren kasu guztietan ukatuak izaten diren egitateak.

Torturak ekiditeko bitartekoak jarri omen dira, alferrik ordea.

Bai, eta neurri asko eta era askotakoak beharko dira torturarekin amaitu ahal izateko. Horietako batek inkomunikazioa bertan behera geratzeko balio izan behar du, halabeharrez. Izan ere, inkomunikazioak irauten duen bitartean, tortura ahalbidetzeko ezin egokiago den markoa dagoelako, edota, horregatik, tortura egoteko arriskua, gutxienez.

Abokatu batek zein sentimendu ditu torturatua ikustean?

Bada, batez ere, inpotentziaren sentimendua. Niri kontatu dizkidaten gauzek oilo ipurdia jarri didate, espetxetik oihuka egiteko gogoz ateratzen zara, negar puntuan. Izugarria da, nik sentitzen dut ezin dudala pertsona hori lagundu juridikoki, eta abokatua naiz. Pertsonalki ahalegintzen zara, baina juridikoki itxita daukazu bidea. Egoera salatzen duzu, baina dena duzu kontra. Badakizu kasua artxibatuko dutela edozer gerta ere, nahiz eta zauriak agerikoak izan, ez duzula errekonozimendu juridikoa jasoko. Hori zama izugarria da. Abokatu zaren heinean laguntza juridikoa eskaini nahi diozu, eta politikoki eta sozialki ere nahiko zenuke pertsona hori torturatua izan dela errekonozitzea, modu orokorrean bada ere. Salaketa publikoa egitea garrantzitsua da. Horretan saiatzen naiz. Eta badakit gatazka honetan presoak ez direla sufritzen duten bakarrak.

Amnesty Internationalek (AI) torturak salatu ditu.

NBEk eta AIk askotan esan diote Espainiako Estatuaren Gobernuari inkomunikazioa ez datorrela bat eskubideen errespetuarekin, zerbait egin behar duela. Baina ez die batere jaramonik egiten. Azkenean zerbait egin behar izan du, ez kasu guztietan. Azken urteetan Auzitegi Nazionaleko epaile batzuk, ez denak, hasi dira protokolo bat erabiltzen, Estrasburgoko protokoloak agintzen duena betetzeko. Hasi dira erabiltzen, besteak beste, atxilotua kamaraz grabatzeko, konfiantzazko mediku bat izateko eta familiarrek atxilotua nola dagoen jakiteko. Horiek dira neurriak, poztekoak, hasi dira aplikatzen, baina jarri dute “azeria oiloak zaintzen”. Kamerak guardia zibilen eta polizien esku jarri dituzte. Grabaketak egitea agintzen zaie baina pasiloa eta ziegako atea hartzen dituzte irudietan, edota atxilotuen oinak. Horrek ez du ezertarako balio, eta halere, neurriak indarrean ezarri direla diote. Bada ez. Tortura egon badago, eta gainera protokoloa gure kontra erabiltzen dute, atxilotuaren kontra erabiltzen dute.

Beraz...

Bai, bistan da, horrek guztiak zerbait ezkutatzen du. Areago, epaileak agintzen du atxilotua hogeitalau orduz grabatzea, baina ez dute betetzen. Horrelako neurriak ikusita inkomunikazioak bukatua beharko luke, baina, hasteko, kontua da zeinek duen neurrien kontrola, poliziek berek baldin badute... Neurriek polizien eskutik baita epaitegiaren eskutik at beharko lukete. Tortura babesteko Estatuko herri defentsorearen eskutiko tresna bat jarri zuten indarrean, baina ez du balio, balio lezake horrelako neurriak martxan jarri eta ziurtatzea, baldin eta holako tresna bat gizarte zibileko erakundeen esku balego. Hortik etorri ahalko litzateke konponketa moduko bat.

Zergatik eman dio gizartearen parte handi batek bizkarra torturen egoerari eta hauen salaketari?

Gizarteak erantzun handia eman du torturen kontra, teorian jende guztia asaldatu beharko lukeelako, baina pasibitate handia ere ezagutzen dugu, eta pasibitatetik bizkarra ematera pasa da azken urteetan, areago Espainiako Estatuan, baita justifikatzeraino ere. Hori egia da. Errealitatea da. Baina ez dut uste hemen gertatzen dena isolatua denik munduan gertatzen denetik, mundu osoan diskurtso ideologiko mailan pauso handiak eman dira eskubideen urraketetan, eta horrek eraman du jendea asko pentsatzera terrorismoaren aurka torturak balio duela, hemen are gehiago gatazka pil-pilean dagoelako. Espainiako Estatuak lan ideologiko handia egin du, baita torturaren arloan ere. Batetik, tortura blindatzeko. Tortura beraiek izendatzen dute estrategia errepresiboaren barruan tresna garrantzitsutzat, hori logikoki legalitatetik at dago, sistema blindatuta dago, babestua, erabili behar bada ondo erabiltzen dute, eta kosturik gabekoa da Estatuarentzat, ez baita legala, delitu larria delako, baina blindatzen dute ikuspegi juridiko eta politikotik eta ukatzen dute, eta jarraian diote guk asmatzen dugula Estatua desligitimatzeko. Jende askoren aurrean lortu dute tortura ez existitzea, lortu dute apostu ideologiko hori aurrera ateratzea, eta bestetik, urratsak are kezkagarriagoak dira justifikatzen dituztelako. TVko dokumental batean polizia ikasleei galdetu zieten torturaz: “Behar baduzu, testuinguruaren arabera, erabili behar da” zioten. Nola ote? Bada, anestesia lan handia egin delako.

Nola daude behin betiko preso kondenatuen kasuak?

Presoen kolektiboaren 27 lagun inguruk aplikatua dauka bizi osorako zigorra [Parot doktrina deitua]. Nafarroan sei preso dira, eta beste askok ere 30 urte espetxean pasako dute. Maukatik ateratzen duten neurria da, noski. Preso asko ateratzeko esperantzaz zeuden eta ez dakite noiz bukatuko duten espetxealdia. Nafarroan, Unai Gaztañagarena izan zen lehen kasua. Ateratzear zela aplikatu zioten Parot doktrina delakoa. Presoak prest daude aurrera egiteko, laguntza asko daukate, baina bilatzen duten eragina ondo bilatua dago, presoa suntsitzeko modua da.

Antton Troitiñoren kasuan zer gertatu zen?

Auzitegi Nazionalak zioenez, kausa bakoitzean behin-behinean egindako denborari zenbatu eta gehitu behar zitzaiola, hori ez zela horrela aplikatzen. Legeak horrela dio, ez zen horrela egiten, ez zen zenbatu behin ere. Antton Troitiñorekin aplikatu zuten. Konstituzionalak esan zuen legea aldatzen ez zen bitartean zenbatu behar zirela urteak. Auzitegi Nazionalaren 3. sekzioak ez du lege berezirik aplikatu nahi izan, orduan Gorenak preso politikoekin halako zerbait gertatu denean legea aldatu dute, legearen interpretazioa aldatuz. Troitiñoren kasua ikusita, legea aldatu dute legearen interpretazio ezberdinak ekiditeko.

Nolakoa da ETAren su-etenean edo bake prozesuan presoen egoera?

Nik Aljerrekoa ez nuen ezagutu, baina Lizarra-Garazi eta Loiolako negoziazio prozesuekin aldera ditzaket oraingoa. Lizarrako garaian Auzitegi Nazionalak tarteak ireki zituen: presoak askoz errazago ateratzen ziren behin-behineko askatasunean eta zigorrak arinagoak ziren, epaiketetan nola-halako adostasunak izaten ziren. Ziklo hori itxi bitartean HBko Mahai Nazionala atxilotu zuten eta kondenatu. Auzitegi Nazionalak bailogabetu zuen ebazpena. Baina dena pikutara joan zenean, magistratu bati entzun nion irratian: “Okertu gara, ez gara konturatu gerra garaietan garrantzitsuena dela bahituak izatea”. Ondoren ikusi duguna gogoeta horretatik etorri da, Loiolako prozesuan nahiz orain ere, ez dute ezer mugitu. Judikaturatik ere bahituei etekin ahalik eta gehien ateratzen ahalegindu dira, presio gehiago eginez, egoera baldintzatzeko, presoen betiko egoerari eusten diote.

Presoek nola bizi dute egoera?

Errealitatean txertatu daude, eta lasaitasunez hartzen dute, arretaz begiratzen diote gertatzen denari, baina kontziente dira estatuen hatzaparretan daudela. Esperantzak denok ditugu, “ea oraingoan lortzen dugun hau aurrera ateratzea” pentsatzen dute, baina Sevillako gela ziztrin batean sartuta zer pentsatuko duzu? Badakite ezin dutela ilusio faltsurik egin, haiek erabiliak direla presio moduan eta mendekuak jasotzen lehenak direla.

Oraingo prozesuan presoek parte hartzeko aukera ikusten al duzu?

Beren ahotsa beraiena da, beren mintzakideak dituzte izendatuak... Kolektiboa ahalegintzen da hitz egiten ahalik eta eragile gehienekin, baina normalizazio prozesuetan atea itxi izan zaie eta egun ere itxita daukate. Presoen kolektiboa inoiz baino sakabanatuagoa dago, hau da, espetxe bakoitzean binaka daude, salbuespena da bi baino gehiago izatea modulo batean. Horrek ez du laguntzen beren parte-hartzea, beraien eztabaida lantzea. Hori saihestu nahi dute, baina haiek prest daude parte hartzeko.

EPPKtik kanpo badago talde bat Langraitzeko espetxean...

Tira, Estatuak apustu egin du kolektiboa apurtzeko, eta ondorioz Langraitzeko presoen egoera Estatuaren eskutik heldu da, eta horrek beldurra ematen dit. Uste du, preso horien jarrerak egoerari kalte egiten diola.

 Aurore Martin kasuaz eta Portu eta Sarasolen egoerari buruzko ikuspuntuak.

Kanal honetan artxibatua: EPPK

EPPK kanaletik interesatuko zaizu...
2016-04-18 | Topatu.eus
Milaka herritar mobilizatu ditu Bilbon "Amnistiaren norabidean, presoak eta iheslariak etxera" manifestazioak

Preso ohiek deituta, milaka euskal herritar gerturatu dira igande eguerdiz Bilboko La Casillara. Preso Politikoen Nazioarteko Egunean hauen aitorpen politikoa egin eta gatazkaren konponbidean duten garrantzia nabarmendu dute.


Konponbiderako bidearen oztopatzea salatu eta protestak iragarri ditu EPPK-k

“Konponbidearen bidea oztopatua dagoen bitartean, kartzelako egoera gero eta gordinagoa da”, EPPK-k Berria eta Garara igorritako agiriaren arabera. Erakundeak adierazi du Espainiako Estatua “eginahalak eta bi” egiten ari dela konponbidea ixteko; eta Frantziako Estatuaren lankidetza duela horretarako. Bere aldetik, gaixo dauden presoen egoera salatzeko protestak iragarri ditu Kolektiboak.


2015-07-21 | Mikel Asurmendi
Politika
Inventarium

40 urteko diktadura frankistaren ondoren, beste horrenbesteko demokrazia aldia beteko da aurki. Demokrazia izan edo ez izan, indarrez hasi eta ahituz joan den gatazka armatuaren testuinguruan bizi izan dugu aro politiko hau.


2015-07-03 | ARGIA
EPPKrekin elkarrizketa
Espainiako Gobernuak dispertsioarekin jarraituko du presoek “EPPKren dogmei” eusten dieten bitartean

Espainiako Estatu Segurtasun idazkari Francisco Martinezek euskal preso politikoen kolektiboari erantzun dio esanez “zorroztasun osoz” ezarriko duela legea.


Iņigo Urkullu
"ETAk jakin behar du ez desarmatzeak kostu bat dakarrela bere presoentzat"

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez espetxe politikak lagun dezake ezker abertzaleak dituen “korapiloak” askatzen.


2015-06-30 | Sustrai Colina
EPPK-rekin elkarrizketa
"Gure marra gorriak dira engaiatu ginen borrokari bizkar ematea, damutzea eta salaketa"

Mikel Albisu eta Marixol Iparragirrek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bozeramaileetako bik, ekainaren 11n Parisko Asanblada Nazionalean ospatu zen Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioan parte hartzeko eskaera egin zuten, baina epaile frantsesek bertaratzeko baimena ukatu zieten. Argiak aukera izan du haiek elkarrizketatzeko, galdetegi bidez.


2015-06-29 | ARGIA
EPPKrekin elkarrizketa ARGIAn

Aste honetako ARGIAren azalaren aurrerapena jarraian. Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin elkarrizketa. Asteartean elkarrizketaren aurrerapena irakurgai izango da webgunean, eta asteazkenetik aurrera elkarrizketa osoa.


2015-01-09 | Nerea Ibarzabal
EPPK, Jaurlaritzaren birgizarteratze plana eztabaidatzeko prest

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) oharra kaleratu du ostiralean, Eusko Jaurlaritzaren “Zuzen Bidean” birgizarteratze plana eztabaidatzeko prest daudela adieraziz.


2014-11-13 | ARGIA
EPPK-ko presoek bakarkako kexak aurkeztuko dituzte, Euskal Herrira gertura ditzatela eskatzeko

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideek bide berria hasi dute, Euskal Herriko espetxeetara gertura ditzatela eskatzeko, Radio Euskadik jakinarazi duenez. Lehen aldiz, hainbat presok bakarkako kexak helaraziko dizkiote Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis de Castrori, salatuz sakabanaketak giza eskubideak urratzen dituela.


50 euskal preso inguru aske geratu daitezke Frantziako espetxealdia kontuan hartuta

Espainiako Auzitegi Nazionala 50 preso ingururen kaleratzea aztertzen ari da Frantzian igarotako espetxealdia aintzat hartuta, Noticias taldeko egunkariek argitaratu dutenez. Langraiz bideko Josu Garcia Corporales presoa izan daiteke aldaketak eragindako lehena; tramite guztiak eginda, edozein unetan askatu dezaketela jakinarazi dute.


2014-03-12 | ARGIA
Presoak hasi dira Euskal Herrira ekartzeko eskaera indibidualak egiten

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gorakoak hasi dira, Euskal Herrira hurbildu ez ezik, aske geratzeko eskaera ofiziala egiten. Ondoren, eskaerak multzoka egingo dituzte EPPK-ko kideek, kartzelan daramaten denboraren arabera eta hemendik ekaina bitartean.


2014-02-17 | ARGIA
EPPK-k kolektiboko presoak banan-banan Euskal Herrira eramateko eskatu du

Marixol Iparragirrek eta Jon Olarrak EPPKren izenean proposatu dute Espainiako Estatuko kartzeletan dauden kolektiboko presoak Zaballako espetxera eraman ditzatela. Konponbiderako urrats garrantzitsua litzatekeela diote Berria eta Gara egunkariek plazaratutako elkarrizketan.


2014-02-08 | ARGIA
ETAk bake prozesua indartzeko “urrats esanguratsuak” iragarri ditu

Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.


2014-02-07 | Xabier Letona
Arkaitz Bellon, heriotza baten ilunak

Arrazoi askorengatik hil daiteke pertsona bat eta batek daki zerk eragin duen Arkaitz Bellonen heriotza. Baina puntu ilunez josia dago.


2014-02-06 | ARGIA
Bellonen heriotza bat-batekoa izan da, autopsien behin behineko emaitzen arabera

Arkaitz Bellon elorriotarrari egin dizkioten bi autopsien behin behineko emaitzek diotenez, presoa bat-batean hil zen, arrazoi naturalek eraginda. Cadizko Institutuko forentseek konfiantzazko medikuekin egin dituzte autopsiak. Txostenaren behin betiko emaitzak zenbait egunen buruan ezagutuko dira.

Bellonen gorpua gaur arratsaldean atera liteke Euskal Herrirantz.

 


2014-01-28 | ARGIA
Arantza Zulueta: "Ezker abertzalea zatitzea da espainiar estatuaren amets gorena"

Ezker abertzalea zatitzeko bere figura erabiltzen ez duela utziko dio Arantza Zuluetak Garan argitaratutako iritzi artikuluan. EPPKren bitartekari taldeko kideen aurkako operazioan atxilotu zuten, eta ondoren, Espainiako hedabideek berari buruzko informazioa atera zuten. Hedabideok zioten ezker abertzaleko ildo politiko nagusiaren aurka zegoela besteak beste, eta horretarako poliziak egindako entzuketetatik ateratako adierazpen solteak baliatu zituzten.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA