argia.eus
INPRIMATU
Eta hi gehiago!

Juan Ramon Makuso 2011ko ekainaren 28a

Mutikotan, gogoratzen dut, jolas orduetan gure arteko liskarrak, askotan, bukatzen genituela bata besteari sinpleki, tonto! deituz. Erantzuna, berehalakoan, eta hi gehiago! izaten zen, pentsatuz norgehiagoka hor amaitzen zela, nolabaiteko erakustaldi inozo horrekin. Bazirudien horrelako ika-mikarekin arazoa konpondua zegoela. Baina egoera errepikatzen zen hurrengo batean.

Umetan, errealitate hurbila beti gailentzen da; arazoak ez dira aztertzen perspektibarekin, ez eta arazoa errepikatzen baldin bada, zergatik den. Eta badirudi, arazoa, iraganekoa izanda, ez dela existitu. Baina arazoak arazoa jarraitzen du izaten, denon artean arazoari aurre ez diogulako begiratzen.

Egoera hau, nabarmenagoa geratzen da, liskarra, konfliktoa, helduen artean ematen denean. Iraganekoa, okerrean gauzatu baldin bada, ez dugu lotsarik izan behar arbuiagarria izan dela aitortzeko. Hanka sartu dugula. Etikoki gizakiaren garaipena litzatekeelako. Baina berrogei eta hamar urte beteko ditudan urtean, ez eskatu, tonto!, eta hi gehiago! eszena errepikatzea.