Charles F. Hockettek hizkuntzalariak, animalien eta gizakion lengoaiaren arteko erlazioak aztertzen ari zela, hizkuntza naturalen ezaugarriak zerrendatu zituen. Soziolinguistika Klusterrak euskaratutako bertsioan, hamabost ezaugarri horietako bat honaxekoa zen: “Hiztunak bere burua entzuteko gaitasuna du”. Joder, horixe egia! pentsatu nuen, nire artean, hura irakurritakoan.
Izan ere, garbi dago, garbi dagoenez, geure burua entzuteko gaitasuna dugula. Askotan falta zaiguna, ordea, besteek, gainerakoek esandakoa entzuteko edo aditzeko gaitasuna da. Zenbat aldiz ez ote den gertatzen hiztuna bere burua entzunez gozatzen aritzea, pozik eta harro bere erretorikaz eta etorriaz; eta, aitzitik, entzuteko txanda iristen denean, aditzen baino gehiago, ondoren esan behar duena pentsatzen, mamitzen eta fintzen aritzea.
Entzutea, izan ere, esatea baino ariketa zailagoa dela iruditzen zait. Askotan behintzat. Jendaurrean hitz egiteko eta egoki komunikatzeko ikastaroak eta tailerrak nonahi ikusten ditugu, eta, zinez, beharrezkoak eta lagungarriak izan litezkeela uste dut. Berezkotik izanen du akaso hiztun eta hizlari onak, baina teknika eta baliabide onak eta eraginkorrak ere egon badaude, eta ikasi eta landu daitezke.
Baina horiek bezain beharrezkoak eta lagungarriak izan litezke entzuten edo aditzen ikasteko ikastaroak eta tailerrak. Isilik egotea eta belarriak zabaltzea baino gehiago baita entzuten jakitea. Ziur nago erakusteko eta lantzeko moduko teknikak ere badirela egiteko horretarako, eta niri behintzat eskaintza zehatzik iritsi ez zaidan arren, izanen da gisakorik hor barna. Gehientsuenok, iruditzen zait, eskertuko genuke arlo horretan hobetzeko aukera izatea. Norberarentzat mesede izanen litzateke entzuten dizutela sumatzea, eta zure hurkoak ere eskertuko lizuke benetan adi zaudela eta hizketan inorentzat ari dela jakitea. Entzun dezagun geure burua, horrenbestez, baina arreta bera –edo handiagoa– jar dezagun ondokoak esaten digun horretan.
Hasieran aipatutako Hocketten zerrendan badago beste ezaugarri aipagarri bat. Bistakoa da, baina hala ere zerrendan sartzeko modukoa iruditu zitzaion hizkuntzalari estatubatuarrari. Hauxe da: “Hiztunak gezurra esateko gaitasuna du”. Horrek ere emanen luke ikastaroren bat antolatzeko adina, baita gisa honetako kolaboraziotxo bat idazteko ere, baina beste baterako utziko dugu.