kezkak

Mariano Raxoi Alderdi Popularreko presidenteak solemne-solemne adierazi du ez duela gauza onik espero Donostiako alkatearengandik. Tira, eskubide oso-osoa du bere iritzia adierazteko. Nik ere, adibidez, ez dut gauza onik espero Iruñeko alkatearengandik. Susmoa dut, halere, Bilduren ustezko zilegitasun falta nabarmendu nahian erran zuela Raxoik erran zuena.

Bildu hauteskundeetara ailegatu izana eztabaidagai izan dute Espainiako zenbait telebistatan: ona ote den, zer dela-eta lortu duten lortu duten arrakasta, zer gertatuko ote den Donostian (kazetari guziek ez dute apokalipsia baztertzen). Egunkarietan, lerro-buru handietan eman dute Bilduren emaitzen berri. Bilatuz gero, ordea, erraz aurki genitzake balizko bertze mintzagai batzuk: Público kazetaren arabera, hauteskunde hauetan (Bilduko ez diren) aukeraturiko ehun kargudun –zinegotzi, alkate, parlamentari– ingururi ustelkeria delituren bat leporatzen zaie; epaileek ez dituzte oraindik errugabe edo erruduntzat jo, alegia. Bitxia da, baina ez dut horri buruzko eztabaidarik ikusi telebistan.

Eskuineko telebista batean, Maria San Gilek bere kezka azaldu zuen abertzaletasunak eskuratu dituen emaitzak ikusita. Bere kezka eta bere haserrea. ETAri nahitaezko erreferentzia eginagatik, argi samar gelditu zen jende anitzek botoa abertzaleei eman izanak kezkatzen duela San Gil, bertze edozerk baino gehiago. Ondoan zituen hiru kazetariek, lerdea litroka zeriela, bat egin zuten San Gilen ikuspuntuarekin. Valentzia aldean, ustelkeriaz lepo egon arren, Castellonen hegazkinik ez duen aireportu bat eraiki arren, Alderdi Popularrak inoizko emaitza hoberenak lortu ditu. Valentziako hori, alabaina, ez bide da kezka iturri.

Xelebrea, benetan, batzuen pentsamoldea. Bilduk Donostian egin lezakeena kezkagarriago da bertze batzuek egin dutena eta egiten segituko dutena baino. Auzitegi Konstituzionalak Bildu errugabetzat jo eta horren zerrendak onartu zituen; PPko eta PSOEko zenbait hautagairen errugabetasuna ikusteko dago oraindik. Haatik, zenbaiten ustez, Bildu bozkatzeak egiten dio kalte demokraziari; Camps eta Fabra bezalakoei botoa ematea, ordea, demokrazia honen osasunaren erakusgarri da nonbait.

Edonola ere, iduri du normalizazio bidean gabiltzala. Poliki-poliki, Bildu Esquerra Republicanak Kataluniari buruzko debateetan duen papera hartzen ari da euskal politikari buruzkoetan. Edo paper hori ari zaizkio ematen. Hemendik aitzinat, Bilduren aitzakian, polizia onarena eta gaiztoarena egiten ahalko dute tertulietan. Polizia gaiztoak Bildu ETAren mundutik datorrela gogoraraziko du behin eta berriz, eta, beraz, baztertzekoa dela. Polizia onak, berriz, Bilduk independentismoa ordezkatzen duela erranen du, eta gaineratuko du independentismoarekin ados egon ez arren, aukera hori errespetatu egin behar dela (eta ondoren, kasik deus erranen ez balu bezala, alde onak eta txarrak kontuan hartuta, Euskadin bi “alderdi handien” arteko hitzarmen baten alde agertuko da).

Independentismoa, Espainiaren ikuspuntutik, eritasun bat izanen da. Ozenki salatzekoa, edo isilka-misilka sendatzekoa, baina eritasuna. Horregatik, nik ere San Gilen kezka daukat; Donostian zer gertatuko ote den, alegia. Baina, San Gilek ez bezala, eta Raxoik ez bezala, nik gauza onak espero ditudalako Donostiako alkatearengandik. Eginen duen politikan asmatzea nahiko nukeelako.

Irrati batean, Carlos Iturgaitzek aipatu zuen euskal herritarrek kezka normalak dituztela: lan egin, dirua irabazi, Mediterraneora oporretan joan... Nahiago nuke hala balitz. Momentuz, nire kezka ez-normal horrekin segituko dut. Ea eritasuna izurrite bihurtzen den. 


ASTEKARIA
2011ko ekainaren 26a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude