Txertoa izan zen, duela 25 urte, Anarkherria plazaratu zuen lehenengo argitaletxea. Harrezkero, birritan egingo zuen Likiniano Kultur Elkarteak eta urteurrena ospatzeko Txalapartak aterako du urrian. Testuak hainbat aldaketa eta egokitzapen izan dituen arren, ez da berdin gertatu euskal irudikarian hain inportantea den alde grafikoarekin. Liburuaren azaleko ikurrin pirataz ari gara adibidez, garezurra nagusi duen bandera gorri-beltzaz. Marrazkiak Jimmy Olaizolak egin zituen eta Jakue Pascualen hitzetan, “marrazkiak pentsatzerakoan Jimmyk oso ikuspegi zabala eta globala zeukan. Berak gauzatu zuen komunean genuen estetika apurtzaile hura. Denon buruan zegoen piraten kontua, ez baitago pirata baino libertarioagorik, normala da askatasunaren aldekoekin lotzea”. Ikurrin horrek mota guztietako egokitzapenak ezagutu ditu hainbat esparrutan: surflariek, futbolzaleek edota gaztetxeek, adibidez, eurenganatu egin dute.