Arte pornografikoa

Antton Olariaga

Lars von Trier zinemagileak Cannesen Hitler uler zezakeelako adierazpen polemikoak egin ondoren iragarritakoa oharkabean pasa da. Bere hurrengo filma zuzenean pornografikoa izatea nahi omen du. Zuzentasun politikotik harago joan izana artearen inplosioarekin berarekin berdintzen saiatzen zelako irudipena eman zidan. Beharbada apokaliptiko jartzeko unea da eta, Atxaga “haur eta gazte literaturak literatura osoa irentsiko duelakoan” dagoen bezala, zinemagintza osoaren pornografikotzearen aldarrikatzekoa. Haurrentzako liburu ez lotsagarri bat edo Nafarroa Oinezen abestiaren letra idaztea bezain desafio zaila iruditzen zait “helduentzako” film baten gidoia egitea. Egia da badagoela bidea urratzen eta beharbada batasun osoaren egun handia aurreratzen ere hasi duenik: Virginie Despentes-en Baise-moi edo Michael Winterbottom-en 9 songs; Hedoi Etxarteri gomendatzera inoiz ausartu ez naizen Bruce Labruceren The Raspberry Reich (“masturbazioa kontrairaultzailea da” bezalako kontsignaduna) edo, ez hain radical chic, Travis Mathews-en I want your love laburmetraia nire ustez maitagarria.

Umberto Ecoren ustez, film porno bat film, esan dezagun, konbentzional batetik bereizteko modurik zehatzena elipsiaren erabilera da. Beste nonbait azaldu dudanez eta lagunek maiz entzun behar izan didatenez, halako pelikuletan egin beharrekoa egin ondoren eta hurrengo tour de force iristen den bitartean, zuzendariak minutu batzuk bete behar ditu, betegarri huts, ikuslea indarberritu dadin, eta horretan ekoizleek ez omen dute gidoilaritan edo zuzendari artistikotan diru gehiegi xahutu nahi, badakitelako trantsizio funtzioa baino ez duela betetzen, eta ikuslea zeren zain dagoen. Horregatik, protagonista eskalera bat igotzen agertzen da, lehen solairutik atikoraino. Hain zuzen ere, beste filmetan (salbuespen iraniarrak salbuespen) elipsian emango luketena.

Elipsi gabezi honek arazotsu bihurtzen du, ezinezko ez bada, pornografiaren arte izaera. Ez dago guk bete beharreko hutsunerik. Bizitzaren ekintza guztien atzean dagoen motibazio sentsuala sublimatu ordez, artelan guztiek modu inplizitu edo esplizituagoan –badakizue, kontzeptu horiek– egin ohi dutenez, bestelako fikzioen barne mekanismoa, lehen eragilea, desestaltzen digute. Alde horretatik, artea deitzen ahal bazaio, arte tekniko bat da, ez istorio ez interpretaziorik (nahiz eta, hori ezin baita ukatu, aktoreak, batez ere hitz egiteari uzten diotenean, beren pertsonaietan guztiz sartzen diren, eta, gehienetan, baita ondoko pertsonaien barruan ere), baina, hala ere, ikusleak astintzeko eta eragiteko ahalmen handikoa, hala epe laburrean, nola –seguruenik garrantzitsuago– luzean. Eleberri erromantikoek maitasuna erakutsi ziguten (cf. Madame Bovary) eta zinema ez pornografikoak (nahasgarriki, “zinema” izenarekin ere ezaguna) muxu nola eman erakutsi zigun XX. mende hasieran. Pornoak, inolako zalantzarik gabe, larrua jotzearen koreografia irakatsi digu, imintzioak, hitzak eta guzti.

Lagun batek, goi arnasadun gai batek solasera ekarrita, hala bota zuen: “Ohean, atzetik hartzen duenak maitasuna egiten du (sic) eta ematen duenak bere burua aktore pornotzat dauka”. Septimioren esaldi hari oihartzun eginez: “Idazten duenak maitasuna egiten du (sic), irakurtzen duenak atzetik hartzen du”). Beharbada, oheetan burutzen dugu beste inon ezinezkoa den arte pornografikoa. Argiak, kamera, ekin! 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude