argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Nazioaren eta gizartearen kontrako eraso berria

Juan Mari Arregi 2011ko ekainaren 16a

Espainiako Gobernuak inposatutako lan, pentsio eta negoziazio kolektiboen erreformak –azkeneko hau Espainiako Legebiltzarrean tramitatzeko zain–, antisozialak eta antinazionalak dira euskal herritarrentzat. Negoziazio kolektiboaren erreforma, CCOO, UGT eta Espainiako patronalaren arteko hausturaren ondoren ezarri zen joan den astean, eta langileen kontrako eraso berria izan da, lan malgutasun eta prekarietate gehiago ekarriko baitu, eta patronalaren interesei onura ugari. Horrez gain, Lan Harremanetarako Euskal Markoaren kontrako eraso eta bortxaketa ere izan da. Hau da, Erabakitzeko Euskal Esparruaren kontrako eraso eta bortxaketa. Ondorioz, gure langileek eta sindikatuek euren lan baldintzak nola eta non negoziatu erabakitzeko eskubidearen kontrako erasoa da.

Euskal sindikalgintza abertzalea Madrilen manifestatu zen –Kanarietako, Kataluniako eta Galiziakoarekin batera–, negoziazio kolektiborako erabakitze esparrua errespetatu dadin exigitzeko. Orduan salatu zuten orain gertatu dena. Horrela, inposatutako negoziazio kolektiboaren erreformak, CCOO eta UGTren ordezkaritzaren monopolioari mesede egin dio. Patronala eta administrazioa sindikalgintza burokratiko eta paktu zaleaz aprobetxatuko dira, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste herri batzuetako sindikalgintza errebindikatzaile eta mobilizatzaileari izkin eginez. Modu berean, erreforma horrek, goitik beherako egitura burokratikoa sortu du, eta Euskal Herrian gehiengoa den sindikalgintza abertzaleari, galarazi dio kolektiboki negoziatzea bere herrian.

Erreforma hori Espainiako Legebiltzarretik igaro behar da orain. Erabakitzeko Euskal Esparrua defendatzen dutela diotenek aukera ezin hobea dute defentsa hori praktikan jartzeko, euskal langile klasearen bizi-kalitateari eragingo dion negoziazio kolektiboaren erreformaren kontra azalduz.