argia.eus
INPRIMATU
Frantzian larri lehortearekin

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko ekainaren 15
Lokatza lehortua
Lokatza lehortuaVictor Piriz

Udaren atarian gauden honetan ohitura da herri eta estatu askotan ur-erreserben balantzea egitea. Espainiako Estatua izan da azken hamarkadetan Europan ur-arazo gehien izan dituena, baina aurten ez da horrela izango: bertako urtegiak beren ahalmenaren %80raino daude beteta. Aurten, Europa aberatseko estatuetan dago arazoa.

Guztien artean Frantziakoa da larrien dabilena, azken ehun urteko udaberri beroena izateaz gain lehorrena ere izan baita aurtengoa. 60 departamentutan ur-murrizketak ezarri dira, eta egoera larriena Paris eta Bordele arteko lurraldean dago.

Hori dela-eta, ur-kontsumoari buruzko eztabaida piztu da. Eztabaidagai dira, besteak beste, eskala handiko nekazaritza eta Paris inguruko populazioaren hazkundea; haiei egozten zaie lurrazpiko ura gutxitu izana. Beste behin ere, berandu konturatu dira azken hamarkadetako garapen ereduaren ondorioez.