argia.eus
INPRIMATU
Etxekoa, faborez

Edu Zelaieta Anta 2011ko ekainaren 14a

Ez dakit zehazki noiz, baina duela urte sailtxo bat etxekoa zen guztia modan jarri zen. Ostatu nahiz jatetxeetan, esaterako, etxeko postreak “berreskuratu” ziren. Bai eta postrearen ondokoak ere: (oso) gutxi ohi dira etxean egindako patxarana hautatzen ez dutenak, horretarako parada egonda. Ziurrenik, horrela jokatzen duen bazkaltiarrak mahaikideen presioa aise nabarituko du, etxeko patxarani muzin eginez gero.
Ez dakit zehazki noiz, baina duela urte sailtxo bat formazio autodidaktak indarra hartu zuen, bide estandarrago edota akademikoagoaren zenbait gabezia salatuz. Horrek nork bere bidea jorratu beharra ekarri zuen, nork bere bilaketak abiaraztea. Hala ere, oker interpretatuta edo, badira autodidaktaren titulua harroxko erakusten dutenak, etxeko formazioaren apologia sutsua egiten dutenak.

Neure burua autodidakta samartzat dudan eta patxarana maite dudan honetan, kontutxo bat nahiko nuke ekarri mahai honetara: etxean egindako patxarana etxe bakoitzeko legearen arabera egiten da, den-denak diferenteak izanik. Onak, txarrak eta erdipurdikoak. Autodidakten pareko.