"Erbestea inposatu ziotela transmititu zigun aitak"

  • Gotzaina da Kubako Holguin eskualdean. Erbesteratze politikoaren ondorio da, aitak atzerrira bidea hartu behar izan baitzuen Espainiako gerra inzibila eta gero. Bost anai-arrebaren artean, kubatar hazi zen, baina ez ditu saltzekoak aita-amak erakutsitakoak.

Emilio Aranguren Etxeberria
Emilio Aranguren EtxeberriaZaldi Ero

Holguin eskualdeko gotzaina zaitugu Kuban. Euskaldunak zenituen gurasoak…

Bai aita eta bai ama, gipuzkoarrak ziren biak, sortzez. Aita, Daniel Eugenio Aranguren Mendizabal, Erreizabal etxekoa, Brinkola ondoan, Legazpin. Ama, ez handik oso urrutikoa, Mutilokoa. Gure etxeko giroan, Santa Claran, esan nahi dut, jakinaren gainean geunden familian euskaldunak genituela denak: aitona-amonak, osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak… Beti jakin izan genuen haiek Euskal Herrian bizi zirena. Umorez, ironiaz eta adarrean, esaten ziguten Euskal Herria Espainiatik iparraldera eta Frantziatik hegoaldera zegoela. Herria zela, alegia. Gure aita zena ez zen deskuidatzen bere anaia fraideari idazten zionean Zarautza. Halaxe idazteko agintzen zigun: Fray Pedro de Aranguren / Convento de los frailes franciscanos / Zarauz, por España, adieraziz Espainiatik barrena igaro behar zela eskutitza. Esaterako, igande arratsaldeak familia biltzeko eguna genuen beti, eta gure arreba gazteak beren lagunekin irteten hasiak zirenean ere, igandeak etxekoentzat gorde behar izaten zituzten: gurasoak eta bost seme-alabok, elkarrekin. Bi irteera ohi genituen aukeran: bata, Santa Claratik berrogeita hamarren bat kilometrora, laku bat; hantxe egiten genuen merienda, askaria. Bidean, berriketa genuen lagun. Beste irteera, Placetas aldera genuen, frantziskotarrek komentua zuten herrira. Han bai, gure aitak bakarrik uzten gintuen, ez gu bakarrik uztearren, ordea, bera fraide lagunekin euskaraz hitz egitera joateko baizik. Guk, bitartean, ibilalditxoa egiten genuen. Txangook ez ziren alferrikakoak. Laku hartara joan, edo Placetasera, bidean izaten zen solasaldian beti agertuko zen Euskal Herria, oroitzapena, baina oroitzapen bizia. Ez naiz debalde ari: Euskal Herrira joan nintzen estreinako aldian, 1985eko abenduan, 35 urte nituela, lehengusu-lehengusinei esaten nien: “Motxorrora joan nahi dut… Arantzazura joan nahi dut, baina gure aitak ibiltzen zuen bide zaharretik…”. “Ezagutzen al duk, bada, inguru hau?”, esaten zidaten Legazpiko senideek. Lehen aldia nuen Euskal Herrian, baina gure aitak behin eta askotan esanak barruan neramatzan.

Gurasoak itzuli ziren inoiz Euskal Herrira, Legazpira?

Bai, 1980an. Eta Kubara itzuleran, nostalgiarik ez, baina sustraiekin berriz ere bat egin izanaren gustua ekarri zuten. Hain da horrela, 1981ean, hil baino minutuak lehenago, esan zidala aitak: “Egunen batean Euskal Herrira joaten bahaiz, Euskadira, esan Kuban hil naizela, bigarren etxe izan dudala, bertan jaio direla nire seme-alabak, baina han dudala bihotza, Legazpin”. Horiexek haren hitzak, azken ordukoak. Aitarena ez zen politika nahia –nire iritziz, beharbada hortik ere izango zen baina–, nazionalismo sentimendua baizik. Ikurrina etxekoa genuen. Gure lagunak etorri eta hura zer zen galdetzen ziguten, eta guk esplikatzen. Fedeari dagokionez, Arantzazuko Amarekiko debozioa sartu ziguten. Eta han izan nintzenean, Arantzazun, ez nuen etsi harik eta amabirjinak duen zintzarria jo nuen arte. Gogoan dut aitak, Legazpira egin zuen bidaiaz gero, esan zigula txikitako eta gaztetako lagunak ikusi omen zituela, politikak bata besteagandik apartatu zituenak, nonbait, baina haiekin bat egiteko gauza izan zela, bere burua “berraurkitu” zuela esaten zuen gure aitak, eta nahiago lukeela denek ere beren burua berraurkitzeko aukera izango balute.

Zer diozu amaren gainean, Mutiloko andre hartaz?

Emilia Etxeberria Murgiondo. Legazpi partea dela diote Barkaiztegi, eta hangoa zen ama. Urruti ez, Lierniko ermita dago. Oso polita. Hantxe esan nuen meza… Legazpi, Mutiloa, Segura… hortxe hirurak. Aita toleranteagoa zen gure ama baino. Duintasuna azpimarratzen zuen beti gure amak. Ez zuen epelkeriarik onartzen, ur-ardorik. Hari ez joan “bai, baina…”. Ez zitzaion gustatzen! Itzuli-ingururik ez! Ez zuen erruki sentimendurik maite. Are gehiago, gogor kritikatzen zituen, ukatu ere egiten zituen: “Jainkoak bi esku eman dizkigu, eta aurrera egiteko gaitasuna. Aurrera, beraz!”. Ez zen erraz errendituko, emakume tentea zen. Eztabaidaren bat etxean, eta arrebak: “Bai, baina…”, eta amak: “Ez, ‘baina’ ez, ‘baina’ ez!”. Errespetua, duintasuna, exijentzia… gure amak transmititu zizkigun balioak. Eta, anai-arreben artean baten bat berotzen denean, laster esaten diogu: “Ama bezala ari haiz”. Horretaz ari naiz. Aitak inor zigortu, eta zigorra bertan behera uzteko gauza zen. Ama ez, horratik!

Zer utzi dizute euskal guraso haiek ondare?

Nik esango nuke etxea dudala hasiera, lehenengo eskola, lehenengo apaiztegia. Ez zidaten eskolarik eman etxean, ez, tititik hartu nuen, bizi egin nuen. Esaterako, mahaia sakratua da. Floridan ditut arrebak, eta hara joan eta esan izan diet: “Zori onekoak zuek, bazkaltzeko garaian umeak ez zaizkizue-eta telebistaren aurrean jartzen!”. Mahaia, mahaia baino gehiago da. Ez du aitzakiarik. Hantxe biltzen da familia, bere baitara. Gai asko ez dira mahaian hitz egitekoak, mahaiak bere arauak ditu. Aitak, esaterako, bi “etxe” bereizten zituen: etxea, hau da, eraikina; eta etxea, familia. “Eta zertarako diat nik eraikin bat poliki margotua bada ere, etxepe hartako familiarik gabe?!”. Horrela zioen gure aitak. Eta, etxe barruan, errespetua, bata bestearenganakoa. Eta gaur egun, pentsatzen jarri eta galdera egiten diot neure buruari: “Nork erakutsi dik dibertsitatean bizitzen?”. “Etxean!”, dut erantzuna. Bost anai-arrebok zeharo diferente izanagatik ere, familiaren batasuna da nagusi, eta gure ondokoek ere horri eutsi diezaioten saiatzen gara denok. 70eko hamarkadaren bukaeran, berriz, Euskal Herriko osaba-izebak Kubara etorri zitzaizkigunean, horixe indartu zuten: familia. Legazpin esan nuen 1985eko abenduan, meza esan nuenean, nolatan ez ziguten gurasoek euskaraz erakutsi… Jakina, hitz batzuk ikasi genituen, eta euskaraz agurtzen dugu elkar senideok. Egunon, zorionak, ondo lo egin, eskerrik asko… gure hiztegiaren parte dira. Sanitatea zen, bizitzari aurre egiteko jarrera. Gizarte jarrera ere bai! Gure etxean inoiz ez zitzaion aterik ireki diskriminazioari. Inoiz ez. Beltza, arraza beltzekoa, etxekoa genuen. Kale bereko laguna, Tino genuen. Beltza. Gurasoek diru pixarren bat ematen zigutenean, Tino ere handik gonbidatzeko esaten ziguten beti. Eskuzabaltasuna. Lagunartea zaintzea… Gerora ulertu dut, baina ez dut dudarik: gure aitak sozialista eitea zuen.

Santa Claran bizi zinetelarik, diferente ikusten zenituzten zeuen buruok?

Ezetz esango nuke. Hemen, inor hiltzen denean lore-koroa jartzeko ohitura dago. Guk ez genuen horrelakorik ezagutzen, eta gure aita hil zenean, arrebak galdetu zidan ea koroarik onartuko genuen. “Faborez, Toni, ez gaitun orain bazterrak nahasten hasiko. Jendeak ager dezala bere nahigabea nahi duen eran!”. Eta koroak bidali zituzten, eta haietan, “Aita” ageri zen, euskarazko moldean. Haientzat ere, gure aita ez zen Daniel, “aita” baizik, hitzak zer esan nahi zuen ez bazekiten ere. Baina guri horixe esaten entzuten ziguten, “aita” eta “ama”, eta horrelaxe hartu zuten hemengo lagunek ere.

Nola kontatzen zuen, zuen aita Danielek, erbeste politikoa?

… Kontatzen zuena kontatzen zuen… Frantzia aldeko euskal herri batean egon zela ezkutatuta. Gure arreba zaharrena, 1935ean Legazpin jaioa, mendiak igaro eta inoiz edo behin ikusi zuela gerra hasi zenean, ezkutatuta. Aitaren arreba Mariak zaindu zituen gure ama eta gure arreba txiki hura, Bengolean, Kubara etorri ziren arte. Erbeste politikoa… Behin edo behin esan nion aitari, ez zuela aitona-amonarik, osaba-izebarik, lehengusu-lehengusinarik… eta, aitak, aurpegia itzuli zuen. Seguru nago negarrari eman ziola. Erbestea gauza behartua izan zuen, nahi ez zuena, gauza contra natura bat. Hori bai, transmititu zigun aitak: erbestea inposatu egin ziotela. Egia da hona heldu eta harrera ona izan zuela, eta hartu zuten haiek gogo onez estimatu zutela gure aitaren lana…

Gurasoek batere eraginik izan zuten zu apaiz izan zintezen?

Ez berehala! Are gehiago, kontu hori etxean lehenengo aldiz aipatu nuenean, 15 urte nituela, aitak ezetz esan zidan. Ikastetxe erlijiosoan ikasi zuela esan zidan, eta 15 urterekin zer nahi nuen ez nekiela, mukizua nintzela, zain egoteko. Ordenatu ninduen gotzainak esaten zuen, ni diakono egin aurretik gurasoek hitzordua eskatu ziotela. Esan omen zioten ordu arte beraiek zaindu nindutela, gurasoak izan zirela, baina handik atzera beraren eskuetan, gotzainarenetan, uzten nindutela. Eta apaiz egin eta urtebetera, neure parrokiara bidali ninduten, Santa Clarara. Bada, gurasoek bertako parrokiara joateari utzi zioten! Eguberri eta Pazkotan baino ez zitzaizkidan etortzen. “Parrokoaren aita ni? Ez, ez, ez!”. Salestarrenera joan zen!

1976an ordenatu zintuzten apaiz, dakidanez, eta gotzain zara 1991z gero.

40 urte nituen orduan. Cienfuegos-Santa Clarako gotzain laguntzaile izan nintzen lehenengo. Hamalau urte han, eta Holguineko gotzain izendatu ninduten gero, ekialdean.

Kuban, ekialdetik mendebaldera ohi dator jendea. Kontrako norabidean joan zinen zu.

Bai. Ekialdetik mendebaldera datozenei “palestinar” izena ematen diete. Aldiz, mendebaldetik ekialdera doazenei, “nague”. Arraza adiera du hitz horrek, mestizaia adierazle da. Eta halaxe esaten didate niri, “nague”. Oso elizbarruti handia da Holguinekoa, milioia eta zazpiehun mila lagun ditu, bi probintziatan banatuta: Holguin bera, eta Las Tunas. Oso inguru pobrea da. Azukrearen industria hondoratu zen, eta ez da onik. Holguin iparraldeko kaiak ez dabiltza, itsasontzirik ez. Eskerrak nikelari! Baina nikelak ere ez gaitu zeharo salbatzen… Elizbarrutiari berari dagokionez, han izan genuen lehenengo gotzainak zenbait azpiegitura eraiki zuen, eta hari tiraka bizi gara. Cienfuegos errazago zen, Habanatik hurrean, erosoago, baina pozik naiz Holguinen.

Elizak nahiko lan badu Kuban. Estatuak, Iraultzaren Defentsarako Komiteak, CDRak, ez dituzue laguntzaile onak.

Nire helburua elizbarrutia egonkortzea da, erlijio bizitza. Apaiz asko atzerrira joan dira. Beste batzuk, atzerritik etorri eta hemen izaten ditugu, baina aldi labur batean. Egonkortzea behar dugu, beraz. Emakumezko erlijiosoak non kokatu, azterkizun da, haien presentziak egonkortasuna izan dezan. Laiko berrien prestakuntza ere hor da, indartu beharrekoa. Horiek ditugu lanak, nahiz eta ezer sustatzeko gaitasun handirik ez dugun. Nekazariek osatzen dute elizbarrutia, haiei erakutsi beharra dago, eta lagundu. Karitatea da gure lanik handiena, esango nuke, eta giza balioak lantzea. Hiri handien inguruetan gertatu den anarkian lan egitea dagokigu: nekazari giroko jendeak hirira jo du, bertan bizitzen jarri da, anabasaren erdian, eta ez da giro hor laguntzen. Duela hiru urte Nike urakana izan genuen, eta zeharo txikitu zituen Holguineko zazpi herri. Nazioarteko laguntza banatzen parte hartu zuen gure elizak, eta hura heldutasun ariketa benetakoa izan zen! Gizartearen beste sektore askorekin lan egin behar izan genuen, hau da, hemendik atzera egin beharko dugun bidea erakutsi zigun, garai bateko aurreiritziak bazter utzita.

Bost anai-arreba zarete, bi Kuban, hiru AEBetan. Zer diozu diaspora horretaz?

Gogoan dut aitak esan zidana, 1980an Euskal Herrira egin zuen bidaiatik itzuli zenean: “Beti esan dut, behin emigratu duenak ez du bi aldiz emigratuko”. Alegia, ez zitzaiola burutik pasa ere egin AEBetara migratzea. AEBetara joate hau odoluste ikaragarria da guretzat. Ez da “halako urtetik halako urtera bitarte” jendeak alde egitea, etengabekoa da, horregatik diot odolustea dela. Gazteek alde egiten dute, eta gazte ez direnek. Seme-alabek ondoan nahi izaten dituzte gurasoak, baina 50 urtetik gora dituen horrek migratzea ez da naturala, ilusiorik gabe doa, badaki seme-alabentzako zama izango dela. Hemen, berriz, hutsunea uzten digu, hemengo senideetan, auzoko lagunetan, eta –eliztarra naizenez–, baita elizan ere. Ez nago jendeak migratzearen kontra, baina hori ez da soluzioa, hori konpondu egin behar da.

Nortasun agiria

Emilio Aranguren Etxeberria (Santa Clara, Kuba, 1950). Holguin eskualdeko gotzaina da 2005etik hona. Daniel Aranguren zuen aita, Legazpiko alkate izana Errepublika garaian. Gerra ostean erbestera bidea hartu zuen, emaztearekin eta alaba txikiarekin. Kubara migratu zuen familiak, non Danielek bi anaia zituen fraide frantziskotar. Beste lau seme-alaba izan zituzten uhartean. Gazteena, Emilio, amaren izena daraman apaiz kriolloa, kubatar bezainbat euskalduna. Pentsatu ere ez gailegoa –espainola–, izatea. “Eeez!”, esaten du orduan, aitak erakutsitako moldean.

Azken hitza
Escambray Legazpi

 “Noiz edo noiz Escambrayra eraman izan gintuen aitak, Santa Claratik hegoaldera. Hara heldu, ikusmirari begira jarri eta esaten zigun: ‘Honexek du Euskal Herriaren antzik handiena’. Mendi ilarak, arbolak, tontorrak… seinalatzen zituen”.

Hamarretakoa

“Bazen neska bat, beraren etxean batere jatun ona ez zena. Gure etxera etorri, eta gogotik jaten zuen! Neska haren amak gurearekin hitz egin eta han ari ziren, nola zitekeen hura. ‘Zuenean jaten du, gurean ez! Dioenez, gehiago gustatzen omen zaio hamarretakoa, bazkaria bera baino’. Hamarretakoa zer ote zen jakin gabe, alegia. Amak, berriz, ohitura horixe izan, hamarrak alde horretan, ‘Tira, etorri, hamarretakoa!’. Arrautza bateko tortilla izango zen, pla-pla egina, baina horixe gustatzen neska hari. Hamarretakoa!”.
 

Txapela, lauburua

“Aitak ez zion bizian txapela erabiltzeari utzi. Are gehiago, anaiak eta biok bana dugu. Hotz egiten duenean ez dut erabiltzeko lotsarik. Ez dut neure burua ederresteagatik janzten –monería hitza ematen dugu Kuban–, ohituragatik baizik. Ez zait arrotz gertatzen, askotan jantzia dudalako. Nire gotzain-armarrian, esaterako, familiaren batasuna erakutsi nahi izan nuen, batasun horren ordezkari nintzela adierazi, eta, horretarako, errege-palmondoaren sustraietan –kubatartasunaren ikurra da palmondo hori– bost lauburu ezarri nituen –bost anai-arrebok gara, jakina–, familiaren batasuna erakusteko asmotan. Hori dugu abiapuntu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude