EBko sozialdemokraziaren porrota

Behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dugu edozein eratako krisialdi batek bere alde baikorrak ere badituela. Izan ere, jendeak bere egoera larria jasaterakoan buruari eragiten dio eta proiektu berriak asmatzeko “aukera” izango omen du. Horrela izan daiteke, baina ez dut uste “aukera” berri horiek jende guztiek eta enpresa orok izango dituztenik. Enpresa askoren “aukera” langileen gain gauzatuko da; langile batzuk kalean utzita eta beste batzuei soldatak murriztuta. Horietako adibide mingarrienetakoa Espainiako Telefonicarena izango da. “Aukera” berriak mozkin oparoagoak ekarriko dizkio, baina kalean sei mila langiletik gora utziko ditu; eta lanik gabe geratuko direnek, diru publikoa jasoko dute. Hara “aukera” paregabeko baten adibidea!

Europako, Espainiako edo edonongo agintariek esaten digutenean neurri ekonomiko gogorrak hartu behar direla ongizatezko estatua bermatzeko, ziria sartzeko asmotan dabiltza. Horretan ez izan zalantzarik. Izan ere, Europako sozialdemokraziak aspaldi esan zigun gure herrialdeetako ongizatezko estatua, munduko garatuena eta eredugarriena, indartuta ikusi nahi bagenuen, euro eremuan sartu behar genuela; horretarako, 90eko hamarkadaren hasieran, Espainian sozialdemokrazia agintean zegoenean, Maastrichteko hitzarmenak eskatzen zituen baldintzak bete behar ziren. Ondorioz, langabeziarako diru laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu zituzten, erretiro-pentsioak zaildu eta abar; hots, aurreko urteetako egoera ekonomikoa okertu egin zitzaien herri klaseei, errentaren birbanaketatik gutxiago esleitzen baitzitzaien, aberatsenak, aberatsago izatera heldu ziren bitartean.

Halaber, aurreko mendeko azken urteetan, euroa indarrean jarri behar zela eta, EBko estatu kideei aurrekontu publikoen estabilizazio plana ezarri zitzaien. Noski, ez herritarrek eskatuta hauteskundeen bidez, baizik herritarrek aukeratu ez zituzten EBko goi-kargudunek behartuta, europar demokraziaren ahulezia begi bistan geratuz. Ondorioz, gastu sozialek berriro behera egingo zuten eta egoera hori, gure artean, osasun eta hezkuntza sistemaren endekapena ekarri zuen, gerora gehiago okertuko zirenak.

Mende honetako lehen hamarkadan, norbanakoen egoera, oro har, eustea ahalezkoa izan zen ekonomiaren susperraldiari esker. Izan ere, bai kontsumitzaile arruntak, baita erakunde publikoak ere, gai izan dira beren gastu mailari eusteko, baina erabat zorpetuta, eta ekonomia batek ezin du luze iraun hain oinarri ahulekin. Gainera, krisialdia hasi aurretik, oparoaldian, inoiz egin behar ez diren neurri fiskalak hartu ziren: zergak murriztea, alderantziz egin beharrean. Guztiau dela eta, berez zerga-sarrerak murriztu egin zaizkigu eta gastu maila jaistea besterik ez zaie geratzen gobernuei, merkatuek eskatzen dituzten eskakizunak bete nahi badituzte. Beraz, zalantzarik gabe, gure ongizate estatuak beste jipoi bat jasoko du eta jadanik hori nabarmen geratzen ari da osasungintzan, hezkuntzan, erretiro pentsiotan, eta beste arlo sozial askotan.

Azpimarratu behar da, bestalde, murrizketa neurri horiek ez zeudela jasota Espainiako alderdi sozialistaren programan. Zapatero sinetsita zegoen bere alderdi politikoak erakunde ekonomikoekiko autonomia gordeko zuela. Baina iazko maiatzean “zaldi gainetik erori zitzaigun” eta premisa neoliberalak besarkatu zituen, bere aurretik beste sozialdemokrata askok egin zuten bezala. Hortik aurrera galgarik gabe doa goitik behera, hori baita, azken finean, europar sozialdemokraziaren helmuga: emeki-emeki ongizate estatua desagertzeko bidetik eramatea. 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude