Argentinan ez sojak xomorrorik, ezta laborariek osasunik

  • Hamar urte daramatzate kexuka Amerikako jende askok, labore transgenikoei hegazkinetatik botatzen zaizkien herbizida, pestizida eta bestelako pozoiek bizimodua hondatzen dielako. Baserri inguruetan bizi dira asko, baina ugari dira hirietako periferietakoak ere. Gaixotasun beldurgarriak nola ugaritu diren kontatzen dute.

Argazki txikia
Argazki txikia "“Indymediari hartua"“ gogorra da oso, baina ez gezurrezkoa: ama gaztearen besoetan ageri den haurra malformazio larriekin sortu da eta horiekin bizi beharko du. Interneteko bilatzaileetan pittin bat miatu besterik ez dago horrelakoak eta gogorragoak aurkitzeko, soja, arto eta arroz soroz bete dituzten Argentinako eremu handietan, lehen zelai eta baso izandakoetan, bizi diren herrietan eginak. Alorrak bertako biztanleen etxe atarietaraino iristen direnez, hegazkinetatik jaurtitako glisofato ihintzak herritar guztiak igurzten ditu, urtean hamabost-hogei aldiz. Irudi handia, hegazkinez burututako fumigazioen kontrako manifestazio bat biltzen duena, Insurrectas y Punto blogean aurkitu dugu.

Glisofato, Cipermetrina, 2.4D, Endosulfan, Atrazina, Clorpirifo... Horiek dira Argentinan eta zabalean hartuta mundu osoan labore transgeniko berriekin zabaldu diren botiken izenak. Bertako baso gehienak eraitsita, aziendak –nor gogoratzen da antzinako milioika behi argentinarrez?– urrituta eta alorretan aspalditik ereiten ziren landare anitzak murrizturik, ugaritu diren bakarrak pozoiak dira. Eta horiekin batera, haien lurrinak arnasten dituzten herritarren eritasunak.

Joan den apiril bukaeran ehundaka mediku eta osasungintzako langile bildu ziren Rosario hiriko unibertsitatean epidemia berriaz hitz egiteko, Iº Congreso Latinoamericano de Salud Socio Ambiental deitu biltzarrean. Aurretik, Argentinakoek burutua zuten IIº Encuentro Nacional de Médicos de Pueblos Fumigados batzarra.

Gaiaren larria honela laburbildu zuten Rosarion bildutako profesionalek: “Argentinan etengabe fumigatzen dituzten herrietako biztanleen osasunak eraso oso larria nozitzen du. Egoera okertzen ari da gainera egunetik egunera eta leku horietan bestetan baino askoz sarriagotan detektatzen dira gaixotasun larriak, hala nola minbiziak, abortoak, ernalketako arazoak, jaiotzetiko malformazioak dakarzkiten haurrak, eta abar”.

Bai Rosarioko bilkuran eta bai iazko abuztuan Cordoba hiriko unibertsitatean egin zuten lehenbizikoan, dokumentazio latza erakutsi zuten, unibertsitateko irakasleek eta lekuan bertan osasungintzan ari diren medikuek ekarrita.

Argentinako eremu zabaletan dena egiten denez handizka, sojaren hedatzea ere neurri gabekoa izan da. Errepublika hartako soroen erdiak gaur lekale horrek hartu ditu. 1990an lau milioi hektareatan erein bazen, 2010ean 18 milioi hektareak gainditu zituen, ia denak labore transgenikoak. Arroz, arto eta bestelako transgenikoak batuta, denetara 22 milioi hektarea baino gehiago dira.

Jakina soja transgenikoa pozoiarekin ezkonduta dagoela sorreratik, funtsean Monsanto korporazioak Rondup markarekin saltzen duen Glisofatoarekin. Honek belarrak akabatzen ditu; hura genetikoki eraldatuta dago pozoiaren erdian bizitzeko. Belarrak ihartzeko botikaz gain, xomorroak hiltzeko Endosulfan eta gaineratikoak ere zabaldu behar dira alorretan. 1990ean Argentinako lursailetan 35 milioi litro herbizida zabaldu zen; 2010ean 300 milioi baino gehiago.

Monsantoko ugazaben zorionerako, beraiek patentatutako soja haziaren eskaria handitzeaz gain, Glisofatoari aurre egiten ikasi zuten belar eta sastraka askok. Soluzioa haur batek asma lezake: Glisofato gehiago. 1996an 2 litro Rondup zabalduta aski zuen hektarea horrek berak garbi irauteko gaur 10 litro edo batzuetan 20 ere behar ditu.

Herri eta eskualde osoak bizi dira sistema horretan, Buenos Airesko gobernuak nekazaritza guztia agroindustriari oparitu diolako. Horietan –beti bilkura hauetan medikuek dokumentatutako zifren arabera– 12 milioi argentinar bizi dira. Laboreentzako “erremedioak” zabaltzeko era ohikoa hegazkinetik fumigatzea denez, haiek bizi diren etxe, eskola, parke, iturri, baratze eta lantokien gainera datoz 300 milioi litro pozoietako asko.

Hiriburutik ikusi nahi ez dena

Biltzarretan herri fumigatuotan azken urteotan larritu diren bi arazo azpimarratu ziren. Alde batetik, ugaritu egin direla jaiotzetiko malformazioak dakartzaten umeak, haurdun dauden emakumeen nahi gabeko abortuak bezala. Bestetik, ume eta helduetan ugaritu direla bai minbiziak eta bai bestelako eritasun larriak ere.

Iazko abuztuko lehen bilkuran baziren medikuak hogeitabost urtez goiti daramatenak leku berean lanean eta haien esperientziatik ezagutu zitezkeen gaixotasun estatistiketako aldaketak, gobernuak estatistika epidemiologikoetan oso lan gutxi egiten duelako bestela ezagutuko ez liratekeenak.

Esaterako, Maria del Carmen Seveso doktoreak, Chaco departamenduko ospitale batean terapia intentsiboen ardura daukanak, azaldu zituen asko ugaritu direla aipatu arazoak –malformazioak eta kantzerrak– eta baita ere arnasbideetakoak eta alergikoak, haurdun dauden emakume gazteen bestelako konplikazioak bezala. Esan behar da Chaco dela soja transgenikoa modu basatian zabaldu den departamenduetako bat.

Chacon Osasun Ministerioaren ordezkaria den Ana Lía Otañok estadistika zehatzagoak ekarri zituen. Jaiotzetiko malformazioak, esaterako, 1997an 10.000 jaiotzatik 19,1 baldin baziren, 2008an 85,3raino iritsi ziren. Haurren minbizia 100.000tik 8,03 izatetik 15,7ra igo da. Gaixotasunak ugaritzen dira hirietako erdiguneetatik soroen inguruetara hurbildu ahala, fumigazioaren eraginez.

Cordobako bileran garrantzia handia eman zioten haur jaioberrien malformazioei, tartean nerbio hodiaren itxieraren akatsei. Hugo Gomez Demaio neurozirujauak datuez gain argazki beldurgarriak erakutsi zituen. Beste aditu batzuek, aldiz, erakutsi zituzten laborategietan txito eta igel enbrioiak Glisofatoz arinki kutsatuta aurkitutako emaitzak, gizakietan gertatzen diren malformazioak ulertzeko pistak eskaintzen dituztenak.

Pozoien saltzaileek beti argudiatzen dutenez zaila dela demostratzea justu gai jakin bat dela malformazio edo eritasun baten eragilea, aurkeztu dira ikerketa estatistiko zehatzak zalantzak argitzeko. Horietako batzuetan gurutzatu dira malformazioekin sortu diren haurren kopuruak, horiek ernaldu diren hilabetearekin lotzeko, eta pestizidak erabiltzen diren egutegiak. Antza, munduan egin diren gisa horretako ikerketa estatistikoek erakutsi dute landa eremuetan pestizidak eta herbizidak erabiltzen diren hilabeteetan haurdun gelditutako andreen umeek dakartzatela akats larri gehien.

Cordobako 2010eko biltzarrean elkartutako medikuek sei proposamen onartu zituzten, aurten Rosarion berretsi dituztenak. Lehena, gizarteak jakin behar duela “plagizidak pozoiak direla, gaixoarazten gaituzten toxikoak”. Bigarren, landa eremuan bizi diren herritarren osasuna bermatzeko, botikon erabilera mugatu behar dela; ezin onartuzkoa dela urtearen sei hilabetetan hilean hiru aldiz herri osoak lurrineztatzea.

Hiru, debekatu egin behar dela alorrak hegazkinetatik fumigatzea. Lau, airetiko keztatzeak erabat amaitu artean, behartu behar direla herrietatik kilometro batera gelditzera. Bost, aipatzen ditugun botikak debekatu egin behar direla, “benetako arma kimikoak direlako”.
Seigarren puntuan dago guztiaren sustraia: transgenikoetan eta agroindustria erraldoian oinarritutako produkzio eredua auzitan jarri behar dela. Bizi ezinik dirauten milioika herritar horiek gogor mugitu beharko dute horretarako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transgenikoak
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude