Zerrenda bozkatuenean ez, koherentzian dago gakoa

Gipuzkoako Diputazioa
Gipuzkoako Diputazioa

ZERRENDA bozkatuenaren argudioa kontuan hartzekoa da gobernuak osatzerakoan, zalantzarik gabe; besteak beste, gehiengo garrantzitsu batek zer uste duen kontuan hartzea beti izan behar duelako pisuzkoa demokrazian. Garrantzitsua bai, baina ez da erabakigarriena, beste gehiengo batek zerrenda bozkatuarena garaitzen badu, zilegi da eta kito. Aspergarria eta zentzu bakoa da hauteskundez hauteskunde bizi behar izaten dugun zerrenda bozkatuenaren eztabaida.

Ez da kontua zerrenda bozkatuena bai-ez, mamia edukietan eta gardentasunean dago. Zilegi litzateke Gipuzkoan EAJk PSE eta PPrekin gobernatzea, baina ez koherentea, ez delako hori izan herritarrei kanpainan saldu diena –guztiz kontrakoa, “batu gaitezen haien aurka”–. Hiru indar horiek ados daude hainbat proiektutan: Pasaiako kanpo portua, erraustegia, AHT… eta horrek akaso justifikatuko luke batzea. Baina EAJk badaki herri proiektu bat hiruzpalau azpiegitura baino askoz garrantzitsuagoa dela: demokraziaren oinarri den erabaki eskubidea, euskara eta euskal kulturaren garapen serio eta sistematikoa, zentzuzko bake prozesu bat… eta gai horietan, oro har, herritar jeltzaleak gertuago daude Bilduzaleetatik popular eta sozialistengandik baino.

Nafarroan, esaterako, erabat koherentea litzateke zerrenda bozkatuena den UPNri Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udaletan aginte makila kentzea, hori delako hain zuzen, oposizioak kanpainan zehar saltzen duen mezu nagusietakoa. Gero, aldiz, saldutako mezu horrekiko koherente ez dena PSN da eta hala doakio. PSOEk, adibidez, nola saldu dezake koherentzia hauteskunde kanpainan krisiari aurre egiteko egin dituenak egin ondoren? Ezinezkoa da eta, ondorioz, boto emaileek zigortu egiten dute.

Hau guztia, zalantzarik gabe, brotxa lodiko irakurketa da. Baina gobernu hautaketen une hau halakoxea izaten da, erabaki potoloena; fintzearena agintzen hastean etor liteke, agintariek horretarako gaitasuna badute bederen, eta ez da ohikoena izaten. Egia esan, gure herriak bizi duen gatazka egoerak ez du brotxa finaren politika horretan laguntzen, alderdien nagusikeriak ere ez, gehiengo osoa dutenek ere adi ibili behar dute brotxa lodiekin…

BILDUN direnak badute gobernu esperientzia zabala: EAri buruz ez dago azalpen handirik eman beharrik; Alternatibako jendea ere horretan aritu izan da EBtik edo, azkenotan, bakarrik; eta ezker abertzaleak ere tradizio luzea du… udaletan. Hor dago erronka, ezker abertzaleak lehenengoz goberna ditzakeela Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako Udala moduko erakundeak. Eta orain artekoek egin badute, berak ere egin dezake, duda barik, baina erronka gaitza du aurrez aurre. Aurreko guztiek gizarte honetan asko agintzen dutenen adostasunarekin gobernatu dutelako eta Bildukoek botere faktiko eta loby zenbaiten aurka egin beharko dutelako.

Ezin zaio eskatu iraultzarik Bilduri, ezta gobernatzen duen gizarte eremua krisitik atera dezan ere, ezin du: baina bozkatu dutenek beste estilo bat antzeman beharko lukete behintzat. Adibidez, gobernatzen dituen instituzioak bake prozesuaren zerbitzura ekarriz. Gure etxea den Lurrarekiko beste begirune bat erakutsiz, desarroilismoari galga jarriz; krisiarekiko borrokan, gutxien dutenak babestuz eta dagoen aberastasuna hobeto banatzearen irizpidea lehenetsiz. Ulertuz proiektu txiki eta ertainetatik bultzatzen dela nagusiki gizartea, bai ekonomi eremuan eta baita kulturan ere.

Eta guztia gardentasunetik. Gertuko adibide batekin azalduko dut azken puntu hau. Duela hilabete batzuk euskarazko hedabide ez publikoen sektoreak zera galdetu die –galdera parlamentarioen bidez– gure herriko instituzio nagusienei (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta hiru diputazioak): “Zenbat diru gastatu duzue publizitatean 2008, 2009 eta 2010ean eta zein mediotan jarri da publizitate hori?”. Gobernu bakar batek ere ez dio erantzun gure eskaera zehatzari txukun eta batzuk erantzun ere ez dute egin; eskatutakoari gehien hurbildu dena Nafarroako Gobernua izan da, 2010eko datuak eskainiz (publikoak dira Interneten). Zein da datu horiek eskuratzeko arazoa? Zerbait gorde nahi da? Ez dago dena erakutsi beharrik, baina eskatutakoan argi erakustea ezinbestekoa da.
 


ASTEKARIA
2011ko ekainaren 05a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude