Pertsonaren sasoiak

Aurrenik aitortu behar dut ez nagoela obsesionatua nire bizitzak hartu duen ibilbide berriaz. Ezer azaldu badezaket, okertzeko beldurrik gabe, zera da, orain bezain aske ez naizela sekula sentitu. Urtebetea eman dut jada lan profesional-ardurarik gabe eta badirudi ohitu egin naizela bat ere sufritu barik. Egun batetik bestera aldatu egiten duzu giltza, eta konturatu orduko gorputzak ez ezik buruak ere egoki erantzuten dio egoera berriari. Ez duzu kulpa-sentimendurik; ezta zure baitan inongo garaipen subjektiboren arrastorik sumatu ere. Ia-ia pertsonaren egoera perfektua.

Gazte zinela, derrigorrez aurrerantz jo behar hark ezker-eskuinera begirarazten zizun, bidean topa zenezakeenak zer-nolako kolore edukiko balu ere. Eta esan behar dut, eremu gordin eta artean osatu gabe hartan barrena egiteak zailtasun handiak zituela, etorkizunak ez baitu inoiz argazki zehatzik eskaintzen, irudi lausotu eta erdi difuminatua baizik. Maparik gabe egin behar da, beraz, aurrera gaztaroan, mugarriak non dauden asmatzea konplikatu samarra gertatzen delarik. Kolpeak ere halakoak izaten dira, baina, azken finean, horixe bera da bizitzan gora egitea, arriskua kalkulatu ondoren urratsa ematea, alegia, batzuetan zorua lastozkoa izan daitekeela ohartu gabe. Bizitzaren balantzea eskarmentuz betea dago, eta denak ezin daitezke atseginak izan.

Behin gaztarotik bigarren sasoia dei genezakeen aldira pasatu ginenean, lehen geltokiko ezagutzaz ongi jantzita gindoazela pentsatzera iritsi ginen, bizitzari buruzko jakiturian umezurtz hutsak ginenaz artean ere jabetu gabe. Dena den, aholkuak emateari ekin genion, horretarako ordaintzen ziguten-eta. Seme-alabak hezi genituen, perfekzioan egin genezakeelakoan. Eta hodei ertz berriak marraztu genituen, buru gainekoak nahikoak ez zirela uste baikenuen. Gure bizitza-espazioa zenbat eta erosoagoa, bigunagoa, erakargarriagoa, besteenekin alderatuta ustez hobeagoa izanda, askoz mardulagoa zen gure ego berekoia. Begiak itxita ibili ginen, entzumena kanpo zaratak murriztua, eta bide egokitik gindoazela iruditu zitzaigun, besteak baino ausartagoak ginelako. Hautatze-uneak ziren gure bidegurutze partikularra, baina asmatuko bagenuen derrigorrez zegoen arriskatu beharra. Beti zegoen, ordea, ainguraren bat, bidaia luzea eragozten zuena.

Bigarren sasoiaren hondarretan ardura sartu zitzaigun eta eroso sentiarazten zigun mundu haren amaiera hurbilak “ai, ene!” errukarri bezain dardaragarria oihukarazi zigun. “Hau bukatzen ari da!” beldurrezko hasperen batean begiak ireki zitzaizkigun eta entzumena zorroztu. Eta aholku bila hasi ginen, ordurarte pilatutako eskarmentuak ez zuela formula magikorik eskaintzen bat-batean ohartu izan bagina bezala. Nora jo ez genekiela, hirugarren sasoiaren atera hurbiltzen ari ginen, nahi baino azkarrago.

Eta iritsi zen eguna... Baita igaro ere. Gure bizitzaren erritmoa aldatuta, noraezean ibili ginen hastapenetan, planteamendu berrietarako gai izango ote ginen galdetzen geniolarik geure buruari. Baina galdeketa ez zen lar luzatu, hirugarren sasoiko nolakotasunetara prestatuta ez baginen ageri ere borondatezko ariketan oinarritzen baita norabide aldaketa, eta gertu geunden txaluparen lema geure eskuetan hartzeko, bizitzaren itsaso zabalean barrena segitzeko. Nahiz eta ezertxo ere ez genekien bidai berriaz.

Hirugarren sasoiko marinelak gara une hauetan. Gizarteak daraman martxan seguru nago laster batean laugarren sasoi bat ere asmatu beharko dela, gero eta mugarri luzeagoak dituen adin-barrutiko bazterrak jendez betetzen ari baita. Orain arteko itsasaldiak eman didan satisfakziorik handiena izan da, nire itsasontziko lemazain bakarra naizela, eta ez nago prest eskubide horri uko egiteko.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude