Aramaioko ipuinak edadetuen ahotik

  • Arantza Ozaeta eta Divina Arriolabengoak Aramaioko (Araba) hainbat adineko elkarrizketatu dituzte urtetan. Haiek kontatutako bizipenak, legendak, kantak eta ipuinak bildu dituzte.
     

Arantza Ozaeta eta Divina Arriolabengoa.
Arantza Ozaeta eta Divina Arriolabengoa.Irati Sarasua Arabaolaza

“Luzia Arrizabalagak arratsalde batean haurtzaroko 30 abesti kantatu zizkigun, bata bestearen atzetik. XIX. mendera eraman gintuen”, gogoratu dute Arantza Ozaetak eta Divina Arriolabengoak. Bien artean, hainbat urteko tartearekin, Aramaioko ipuin eta kondairen bilketa lan bi egin dituzte herriko zaharrenen baserrietara jo eta istorioak entzunez. Aramaio udalerriak bederatzi herri edo elizate ditu eta haien artean nahiko urrun daude. Zahar batzuk inoiz ez dira beren ingurutik atera eta ondorioz ipuin eta legendek ezaugarri desberdinak dituzte.

Lehenengo bilketan, 2000. urtean, Aramaioko Udalak emandako bekaren bidez, erroldako 80 urtetik gorakoak elkarrizketatu zituzten. Bigarrenean, 2010ean, Eusko Ikaskuntzaren beka zutela, senari eta jendearen gomendioei jarraitu zieten: “Lehenengo bilketan topatutakoa pentsatzen genuena baino askoz hobea izan zen, edadetuak etenaldirik gabe gauzak ñabardura izugarriekin kontatzeko gai ziren, aberasgarria izan zen. Oso narratzaile onak ziren eta ipuin asko bildu genituen. Bigarren bilketan, aldiz, zeharka eta labur kontatu dizkigute gauzak, badirudi ipuina jada ez dagoela norberaren barruan; gogoratzen dute, baina ez dute sentitzen”. Belaunaldi aldaketa izan daiteke arrazoia. Lehenengo bilketan lekuko asko 1915 eta 1925 urte artean jaiotakoak ziren; bigarrenean aldiz, elkarrizketatutako zaharrena 1927koa zen.

Kontakizunen gordailu diren edadetuen adina ikusi eta arriskua begi bistakoa da, kontatzeko daukatena inork inon jaso gabe geratzea, alegia. Gainera, ahozkoak duen arazoa hauskortasuna da: “Badaude ipuinak pertsona bakarrak dakizkienak. Pertsona hori hiltzen bada ondarea berarekin eramango du. Hori saihestu nahi izan dugu”, dio Ozaetak.

Transmisioari behar bezainbesteko garrantzia ez zaiola eman iritzi dute Ozaetak eta Arriolabengoak, eta ipuina jakintza transmititzeko eta hizkuntzaren bidez bidaiatzeko aukera dela uste dute.

Ipuinak ezin kontatu

Galdetegia prestatzeko orduan, Joxemiel Barandiaranek egindako etnografia lanetan ipuin eta kondairei zegozkien galderetan oinarritu ziren. Lehenengo jasoaldian ez bezala, 2010. urtean, elkarrizketatutakoek ipuinak kontatzeko zailtasunak zituzten eta bestelako gaiak jorratzera jo behar izan zuten: eguneroko bizitza, jolasak eta gerra garaiko bizipenak. Ozaeta eta Arriolabengoari metafora bat kontatu zieten adinekoek: Eibarko eskopetekin hil zirela ipuinetako pertsonaia guztiak, hau da, mundu materiala iritsi zenean amaitu zirela sinesmen guztiak.

Bi elkarrizketatzaileentzat harrigarriena da edadetuak gaztaroko kontuez oraingoak baino hobeto oroitzen direla: “Bilketek egiaztatu digute zahartzaroan gauzak kontatzeko beharra duela jendeak, inoiz kontatu gabekoak esaten hasten dira, ezkutuan izandakoak azaleratuz. Gure ustez, egin beharrekoa da gainera”.

Bi jasoalditan transkripzio fonetikoa egin dute. 2000. urteko lanean audioa baino ez zuten erabili eta asko damutu ziren, ñabardura ugari galtzen zirelako. Hori ikusirik, bigarren aldian argi izan zuten bideo kamerarekin joatea beharrezkoa zela. Ahotsak.com-ek, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzeko egitasmoak, jada indarra eta esperientzia zuen eta eurekin harremanetan jarri ziren. Alor teknikoan lagundu zieten, kamerak utziz eta edizio digitalak egiten lagunduz. Ozaeta eta Arriolabengoak bildutako materiala igorri zieten, ahotsak.com webgunean jar zezaten.

Arrasateko dragoia

2000. urtean egindako lanean 24 pertsona elkarrizketatu zituzten, guztiak 80-85 urte ingurukoak, eta horiengandik jasotakotik bi eduki hautatu zituzten argitaratzeko: Arrasateko dragoia eta Hontza zergatik bizi dan gabaz. Bi kontakizunak Debagoiena bailaran argitaratzen den Goienkaria aldizkariarekin batera banatu ziren, lau euskalkitan, eta gaur egun Aramaio inguruko haur askok istorio horiek ipuinengatik ezagutzen dituzte. “Oso ondo funtzionatu dute, gustu handiz egindako produktu txukunak izan ziren. Askotan esaten da berrikuntza eta kalitatea behar dituztela euskarazko produktuek eta ipuinok bete-betean betetzen dituzte baldintza horiek”.

Balak metro erdira

Bigarren jasoaldian ikusi dute hiztun bakoitzak bizipen errealak ipuin bihurtzen dituela, bizipenak literatura bilakatu dira. Gerra garaiko kontuek garrantzi handia hartu dute. Horiek kontaketa moduan ateratzeko asmoa dute orain. “Pasarte hunkigarriak entzun ditugu; bati balak nola pasa zitzaizkion metro erdira, edo kaleak nola garbitzen zituzten goitik behera”. Gertakariak kontatzeko modua deigarria egin zaie Divina Arriolabengoa eta Arantza Ozaetari, adinekoek distantzia gordez hitz egiten dute, baina aldi berean sentimenduarekin.

Aramaio

Aramaio Araba iparraldean dago, Zuiako Kuadrillakoa da. Gipuzkoarekin egiten du muga, eta herrialde horretako hainbat herrirekin du harreman gehiago, Arabakoekin baino. Garai batean, aldiz, basogintza tarteko, Bizkaia alderanzko joera zuten aramaioarrek. Gipuzkoako Arrasaten kooperatibak sortu zirenean, baserriko gizona hara joan zen lanera, eta emakumeak hartu zuen etxearen eta ganaduaren ardura. Ozaeta eta Arriolabengoaren ustez, “agian erlazioa berantiarra da, baina gaur egun Aramaiok harreman gehien herri horrekin du”.

Herritarren %82,9 euskalduna da. Herriko adinekoen kontakizunak jaso dituzten egileen hitzetan, Aramaioko identitatea ez da arabarra, izaera berezia du herriak. Elkarrizketatu edadetuek “Arabara joaten nintzen” esaten zietela diote.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude