Magal bete xenda

  • Zer esango dizu hondarribiar batek, bazter eder askoak dituela bere herriak. Kontu ezaguna da, bestalde, bazterrok zapaldu dituenarentzat: alde zaharra, arrantzale auzoa, hondartza-itsasoak. Entzuna izan arren, ezezagunago izango du, akaso, edo ez hain ibilia, mendia, Jaizkibel, eta Hondarribia aldera erortzen zaizkion magalak. Herriaren zaratotsengandik aparte, hainbat xenda ditu ibiltzeko bake santuan.

Higerretik abiatuko dugu txangoa: itsasargia, bainurako kala gordeak, ikuspegi ezin ederragoa. Atzean utzi beharrekoak horiek izanik ere, sorpresa berriak eskainiko dizkigu bideak.
Higerretik abiatuko dugu txangoa: itsasargia, bainurako kala gordeak, ikuspegi ezin ederragoa. Atzean utzi beharrekoak horiek izanik ere, sorpresa berriak eskainiko dizkigu bideak.Hondarribiko Udalak utzia

Jaizkibel hortxe du Hondarribiak, atzean, giza joan-etorrien bizkarrean. Aurrera doan herria izateak hori du, atzera gutxi begiratzen dela, are atzeko horrek eguzkia behar baino lehen ezkutatzen badizu, hodei beltzak ekartzen ez dizkizunean. Batzuk-batzuk, baina, konturatu dira hor dagoela Jaizkibel eta jarri diote pintxo saritu bati bertako airea. Mendian arnastea zail eta eskerrak jartzen diguten platerean. Baina oraindik mendira joaten den idealista horietakoa bazaitugu, egizu proba, ausartu Jaizkibelekin, sartu hara-hona ibiltzen duten hainbat zainetako batean. Hartuko duzu sorpresa.

Orain urte gutxi txukundu zituzten, eta markatu, xenda horietako bederatzi, sakon ezagutzeko Jaizkibel mendiak Hondarribiari eskaintzen dizkion magalak. Itsasertzekoak batzuk, mendi-mendikoak besteak, alderik alde egingo dugu guk hegia, pare bat xendatako zatiak ibilita. Jaizkibelen ipar-ekialdetik hasiko dugu bidea, Jaizkibelek izena galtzen duen lekutik. Itsasora erortzen baita mendia, uretan sartzen lurra Higerreko muturrean. Hasi bezala buka daiteke ibilbidea hemen, atzetik aurrera egin artikulu hau, deabrua bera agertuko den beldurrik gabe.

Higer, itsasargia, bizpahiru taberna, kanpina, bainu hartzeko kala ezin hobeak. Abiatzeko leku aproposa, esango du alferrak. Asturiagako hondartza, adibidez, erromatarren garaiko portua, aztarnak daude ikusgai Irungo Oiasso museoan. Gaur egunean belaontzi, urpekari, eguzki zaleak. Bainu salbai eta lasaiagoa nahi duenak baina, aski du itsasertza apur bat kurritzea, Artzuko errotaraino, besteak beste. Eta Kai berrian gora egin badugu Higerrera, San Telmoko gaztelua agertu zaigu begien parera. Piraten gaztelua, garai bateko beharrak bazter utzita baserri lanetarako egokitua XIX. mendearen erdi aldera, ez ditu galdu gaztelu baten ezaugarriak, dorre-airea tarteko. Baina utz dezagun behingoz itsasertza, hanka zuztarrak berotzeko ordua da eta: C hizkidun xendan barrena, goazen Talaia baserrirantz.

Guadalupeko Ama

Talaia baserria beranduagokoa da, baina izango du zerikusirik antzina arrantzale kofradiakoek baleak zelatatzeko eta eguraldi txarretan arriskuaz ohartarazteko bertan zuten etxolarekin. Aurrera jarraituta, Saraberdi baserri ondotik, garai bateko auzo-eskola zegoen bidegurutzetik, Gornutzera desbidera gaitezke pixka batean, auzoari izena ematen dion baserria ikusteko. Herriko etxe zaharrenetakoa, 1462ko agiri batean agertzen da jada. Juan San Martinen arabera latineko cornu-tik heldu zaio euskarari izena, adar itxura baitu inguratzen duen lurmuturrak. Utzitako bidea atzera hartu, Nauskoarri sekula agortzen ez zen aska-iturri agortua pasa, pasa antzina sagardotegia zen Altxako baserria, Guadalupera iristeko aukeran gaude hartara.

Ikurra da Guadalupe hondarribiarrentzat. Bertako ama dute zaindari, hari gurtzen dizkiote gurtu beharrekoak, esaterako, irailaren 8an. Eliza, zelaiak, gotorlekua, tabernak, ikuspegia dira ez galtzekoak. Bidean jarri aurretik, ordea, ez ahaztu Ama Birjinari errezoa egitea, halakorik jakinez gero, behintzat. Gurutzeak ematen du aukera Jaizkibel gainera egiteko, malda pikoa, bigarren karlistadako dorreak ikusteko, edo eskuinetara, Pelloerrotako harizti, gaztainadi eta akazia arteko bidetik, Justitz baserrira iristeko. Kondairak dio Antso Abarka errege nafarra ehizara etorri zela, baina erregea bera izan zela ezustean harrapatua, hain zen ederra bertako alaba. Alegiak jatetxe, golf eskolari egin dio gaur leku.

Hegiari jarraitzeko asmoa erakutsi dugu eta aldapan behera abiatzeko tenorea da, E xendatik azkar egingo dugu azken tartea. Tristanzahar hondatua, Tristanberri hondatua, Ballestarinea joko dugu hurrena. Garai bateko harrobi, egungo taberna, Santiagotxo ermita du ondoan, Santiago bidean zaindari, eta frontoi koxkor askoa, lau t’erdikoa ere hartuko ez lukeena. Maidaneako zubirantz egitea baino ez zaigu geratzen, Amuteko futbol zelaian emateko amaia. Hemendik aurrera, ibiltari, zurea da erabakia: lokomozio erosoena aukeratu, edo bidean atzera egitea, testu honetan barrena. Deabruaren beldur bazara oraino, badaezpada, Guadalupeko Amari eskatu laguntza. 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude