Australiako azken "basatien" galera

  • 1964ko maiatzean ikusi zituzten, baina Australian aborigenez okupatzen ziren funtzionarioek irailaren 24a arte ezin izan zituzten harrapatu gizaki zuriekin harremanik gabe bizi ziren azken 20ak. Emakume, neskato eta haurrak, gizonik ez. Orduan 17 urte zituen Yuwaliren lekukotasuna bildu dute Contact filmeak eta Cleared Out liburuak.

Irudian 'Yuwali Contact' filmean, funtzionario zuriek harrapatu zuten lekuan, basamortuko gatzaga idortuan. Aborigenak, batik bat haurrak, desertutik atera eta misio kristauetan konfinatzea XX. mende osoan ezagutu da Australian. Doris Pilkington-ek Follow
Irudian Yuwali 'Contact' filmean, funtzionario zuriek harrapatu zuten lekuan, basamortuko gatzaga idortuan. Aborigenak, batik bat haurrak, desertutik atera eta misio kristauetan konfinatzea XX. mende osoan ezagutu da Australian. Doris Pilkington-ek Follow the rabit-proof fence (Untxien kontrako hesia jarraitu) liburuan kontatu zuen 1931n 14, 10 eta 8 urteko hiru haurrek nola egin zuten ihes Moor River-eko erreserbatik,Jigalong parajeko etxera itzuli nahian. Polizietatik eta hauen zerbitzuko gida aborigenetatik ihesi, 1.600 kilometroko bidaia egiteko erreferentzia nagusitzat erabili zuten Australia zeharkatzen duen alanbrezko sarea, untxien izurria gelditzeko eraikia.

Ikaratuta nengoen, dardarka. Deus ez nekien gizon zuriez. Lehenbizikoa ikusi nuenean shock bat eragin zidan”. Horrela mintzo dena Yuwali Nixon da, gaur 63 urteko amona, 1964an 17 urteko neskatila ederra. “Nigar egiten nuen eten gabe. Amari esan nion ‘esaiezu ni hemen uzteko, nire dingoa [Australiako zakurra] lagun dudala. Pena eman dit dingoak, filmean berriz ikusi dudalarik”.

Yuwali hizketan ari dela, pelikulan, tartekatzen dira desertuan oinez datozen dozena eta erdi emakume eta haurren irudiak. Denak biluzik. Neska gaztearen aurpegira hurbilduta, kopeta gaineko ile mataza egokitzeko keinua ikusi zaio; 63 urteko Yuwaliri kamera aurrean atera zaion berdina. “Yuwali bakarra dago, ez dut izen horretako beste inor ezagutzen”, eta aurpegia lokatzez igurzten du, basamortuko eguzkitik babesteko ohiturari jarraiki.

80 minutuko Contact dokumentalak kontatzen du Australian zibilizazio modernotik erabat bazter bizi ziren azken pertsonak nola lokalizatu eta misio kristau batera eraman zituzten. Filma ARTE kate frantses-alemanak eskaini zuenez, YouTuben aurki daitezke haren laburpenak. Aurretik liburu baten protagonista izana zen Yuwali, Sue Davenport eta Peter Johnson-en Cleared Aout: First Contact in the Western Desert. Ingelesez Cleare out erabiltzen da esateko soberakinak garbitzea, etxetik alferrikakoak ateratzea, txukuntzea eta baita bortxaz ebakuatu edo kanporatzea. Guztiek balio zezaketen jende haiei gertatua deskribatzeko.

Izan ere, 1964ko udaberritik aurrera Australiako gobernuak bere satelitea aireratzeko frogak egin nahi zituen. Ez ziren yankiak eta sobietarrak espazioaz nagusitzeko lehiaketan bakarrak. Australiarrek Blue Strike suziria probatu behar zuten. Woomerako basetik aireratu eta zientzialarien ustez koheteak Hondarrezko Basamortu Handiko parajeren batean lurreratu behar zuen. Native Welfare (Natiboen Ongizatea) erakundeko patruila bat bidali zuten kasualitatez zabaldi haietan inor geratzen baldin bazen handik ateratzera.

Filmean Terry Long ofizialak kontatu du maiatzean patruilak urrutitik sua ikusita lortu zuela han gizaki batzuk lokalizatzea. Ihes egin zieten ordea. Hurrengo saioa irailean egin zuten, bigarren Blue Strikea jaurtitzeko bezperetan, eta orduan bai lortu zuten harrapatzea. Hogei laguneko talde txikia zen, emakumeak eta haurrak. Gizonak ehizera-edo urrutirago joanak. Hogeietatik inork ez zuen lehenago gizon zuririk ikusi.

Benetan zen milaka urtek bereizten zituzten pertsonen arteko kontaktua. Telekomunikaziorako satelitea aireratu nahian ari zirenak batetik, eta bestetik ehizatik eta bildutakotik duela milaka urte bezala nomada bizi zirenak. Kamioak ikusita “harkaitzak bizirik daude, deabru horiek jan egingo gaituzte” esan omen zuen Yuwalik. Paleolitoa elektronikarekin tupust egiten.

Filmean funtzionariak dio andre, neska eta ume, gogo onez igo zirela kamioietara, lehorte handia zegoela han eta ezezagunen laguntza estimatu zutela. Yuwalik dio derrigortuta eraman zituztela.

Ez zebiltzan galduta

Jigalong Missionen Yuwali eta bere taldekideek topo egingo zuten Martu etniako jende gehiagorekin. Filmean ikusten da nola agintariek beztitzen dituzten ekarri berriak jazkiz eta mantaz. Zibilizazioz jantzi.

Martutarren artean haiek izango ziren antzinako gizalegean desertuan segitzen zuten bakarrak. Filmean ez ei da argi geratzen taldean falta ziren gizonen paraderoa –iruzkinen batean diote emakume berrien bila joanak ote ziren– baina gainerako senide hurbileko eta urrun guztiak aborigenentzako erreserbetan bizi ziren, asko aspalditik.

Yuwali 1982a arte egongo zen Jigalong misioan. Urte hartan bihurtu zen beste erkide andana batekin Punmu herrian kokatzera. Sastraketako fruitu eta sustraiak bildu eta hango animaliak ehizatzeaz gain, Australiako lehen biztanleen artea lantzen hasi zen Yuwali. Geroztik beregana jo dute aborigenen bizimoduaren berri jakin nahi duten antropologo, idazle eta kazetari ugarik.

 Azken filmaren aitzakiatan egindako mahainguru batean Bob Tonkinson antropologo eta irakasle erretiratuak argitu nahi izan zuen Martu jende haiek inork ez zituela aurkitu 1964an: “Ez zebiltzan galduta. Oso ondo zekiten non zeuden eta zertan ari ziren. Beren lurraldea zen”.

1964 hartan agintariei itzultzaile lana egin zien antropologo horrek berak zioenez, ordea, basamortuan antzinako moldean biziz geratzen zirenak giza talde zabalago baten azken hondarrak ziren. “Bitxia zen taldean gizonik ez aurkitzea; nabari zen taldeak ez zuela nahiko jende gizarte moduan funtzionatzeko, harremanetarako, gazteen iniziaziorako, ezkontzak antolatzeko, gizarte batek funtzionatzeko behar dituen osagai guzti horietarako”. Tonkinsoni Yuwalik aitortu zion laster laketu zirela kanpaleku berrian, senideak aurkitu zituztelako, amak, aitak eta osaba-izebak.

1788an hasi ziren britainiarrak Australia kolonizatzen. Adituek eztabaidatzen dute orduan bertan bizi ziren gizakien kopuruaz: batzuek 315.000 diote, arkeologoak 750.000z mintzo dira. 250 hizkuntzatan mintzo ziren. Ameriketako indioei gertatu bezala, kanpotarrek eramandako gaixotasunek eta hauek eragindako zanpaketak urritu zituen: 1990an 93.000 baino ez ziren.

Gaur milioi erdik aitortzen du Australian aborigena dela etniaz. Wikipediaren arabera 15 bat hizkuntza atxikitzen dituzte oraindik, beste dozena batzuk galbidean dauzkatelarik. Baina ingelesak iritsi zirenean zeukaten bizimodu paleolitikotik mundu modernorako jauzia garesti ordaintzen dute oraindik.

1960ko hamarkada helduta ere erreserbetan kokatzen zituzten bortxaz. Gobernuak eta bihotz oneko herritarrek, bizimodu basatiaren kalteak haiei eragozteko. Enpresaburuek, urre, petrolio edo uraniotan aberatsak dituzten lurrak ebasteko. Ganaduzale handiak, eremuak eta iturriak kentzeko.

1966an meatzari aborigenek egindako greba eta ibilaldia jo izan da Australiako lehen biztanleen berpizkundearen mugarritzat. Hala ere 1984an Pintupi etniako azken biltzaile-ehiztariak erreserbaratu zituen gobernuak. Geroztik eskubideak aitortu dizkiete pixkanaka. 2008an Kevin Rudd lehen ministroak publikoki barkamena eskatu zien aborigenei, estatuak baimendu zuelako urte luzez haiei umeak kentzea, familia zurietan gizarteratzeko.

Gaur Australiako aborigenen %31 hiri handietan bizi da, %45 herrietan eta %24 mendi eta basamortuetan.  Herrialdearen %4 baino ez izanik, ahalegintzen dira bazterketaren kalteak gainditzen: gaixotasunak, bizi maila apala, langabezia, komunikabideen mespretxua...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Australiako aborigenak
Australiako Egun Nazionala “inbasioaren eguna” dela aldarrikatu dute milaka lagunek aurten ere

Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.


Jatorrizko herritarrak konstituzioan onartzeari uko egin dio Australiak erreferendumean

Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.


Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan

Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.


Eguneraketa berriak daude