argia.eus
INPRIMATU
Eskistoa, hainbat lekutan erabiltzen den gas ezezaguna

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko maiatzaren 25
Eskistoa.
Eskistoa.www.weblo.com

Euskal Herriko etxeetan erretzen dugun gasa Errusiatik eta Ipar Afrikatik datorkigu, eta gas horren jatorria erregai fosilen bera dela esan dezakegu. AEBetan, aldiz, erabiltzen den gasak, eskisto-gasak, oso gutxi ezagutzen den jatorria du. Gai honetaz luze-zabal mintzatu ginen orain dela hilabete batzuk Net Hurbil atalean (Argia, 2.260. zbkia.).

Eskistoa harri mota bat da eta munduko leku askotan topa daiteke lur azpian. Bertatik gasa ateratzeko, harria bihotzeraino zulatu ondoren ura eta hainbat katalizatzaile sartzen zaizkio. Esan bezala, AEBetan erabiltzen den gas gehienaren jatorria da eskistoa; Europan, Polonian eta Frantzian ere kantitate handiak topatu dituzte. Euskal Herrian, Bermeotik iparraldera, hogei kilometroko distantzian, kopuru handiak daude ustez. Astetik astera gero eta herrialde gehiagok aurkitzen dituzte gas mota horren putzuak.

Eskistoaren erabilera areagotu ahala, ingurumenarekiko kezka ere handitu egin da eta batez ere, gasa ateratzen den inguruetako ur-putzu edangarriekikoa. Frantzian, adibidez, Parlamentuan erabakitzen ari dira ustiapenari baimena eman ala debekatu. Antza, ustiapen-guneetatik hurbil dauden ur-putzu edangarrietako metano kontzentrazioa normala baino 100 aldiz handiagoa da. Eta ez dakigu oraindik hain kontzentrazio handiak zer eragin izan dezakeen gizakion osasunean.