argia.eus
INPRIMATU
Linbotik atera

Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2011ko maiatzaren 17a

Belaunaldi batekoa naiz zeinak pentsatu zuen mundua berreraikitzeko ahalmena gure eskuetan zegoela. Nerabe ginen diktadorea hil zenean, eta, adin tarte horrek ematen duen kemenaz blai, gauzak aldatu zitezkeela sinestuta geunden. Eta zeregin horretan eman genuen urte mordoa, gure alorrean ekimenak bultzatuz eta egitasmoak sortzen. Dena egiteko zegoenez egiteari ekin genion. Adorez eta baikortasunez. Eta gaur egun arte jardun horri eskaini diogu gure denbora gehiena, bizitzan dauden beste gauza inportante batzuk nahikoa berandurako utziz.

Gaur egun beste egoera bat bizi dugu baina badago hasiera hartatik bizirik mantentzen zaigun sentsazio bat: gauzak oraindik egiteko daudela, sormen arloan bederen egiteko segitzen dutela. Denbora honetan guztian herri honek lehentasunak beste leku batzuetan kokatu ditu eta sorkuntza, Eliza katolikoak berak desagerrarazi duena, linbora kondenatu du. Eskuinaren instituzionalizatzeak batetik eta ezkerraren herrigintzaren planteamenduak bestetik inoren lekua betetzera eraman du. Hori bai, denok euskararen alde. Euskara, euskarria, edukiaren gainetik kokatuz. Eta zertarako nahi dugu, bada, euskarri bat sormenik ezean, zer transmititurik ez badugu, modako hitza erabiltzeagatik?

Naizen belaunaldikoa izateagatik beharbada somatzen dut bizi dugun uneak baduela guk bizitako harekin antzik. Berriz ere aukerak zabalik ditugula. Badirudi gure banatzeko joerari batzearena gailentzen ari zaiola. Agian konturatu gara ez dagoela nahi duguna lortzeko beste biderik? Hala pentsatu nahi dut. Abertzale eta, ustez behintzat, ezkerrekoa sentituta itxaropentsu nago. Eta itxaropen hori ez zapuztea desio dut. Eta gustatuko litzaidake batzea, oraindik ere gehiago gailentzea. Bidea egiten hasi behar dugu berriro eta hainbat alor berrantolatu beharko ditugu. Motxila bidaiarako prestatu. Eta espero dut, berrantolaketa horretan, sorkuntza ez izatea motxilan daramagun soberazko pisua, baizik ahuleziak jotzen gaituenean piztu eta indarberrituko gaituzten intxaur, txokolate, edo barrita energetikoak, edo gaueko solasean entzuten diren historia eta istorioak.