argia.eus
INPRIMATU
Lazuna eta asuna
Jakoba Errekondo 2011ko maiatzaren 17a
Lazuna

Uretako astaperrexila, Cicuta virosa, bere pozoiarekin arriskurik gabe, onik, uste osoko, errio bazterreko penditzean dotore makurtzen da ur gezetara eta gazietara. Goseak amorratzen ibiliagatik, ur horietan egunero gora eta behera dabilen traineruko eskifaiak izkin egingo dio, jo eta hautsian olatuaren baga harrapatzen saiatuko da beregandik alde egin nahian. Arraunlariak ez dio ez berehalakoan kosk egingo eta jangosea beste non edo non ase beharko du. Baita ur beretako lazunak edo korrokoiak ere; bertara asko du jausi egin eta hozka heltzeko, baina beste aldera begiratu eta, zuri-zuri, lagun balu bezala, isatsaren zilarraz adio esango dio. Goseak amorratzen hau ere, astaperrexila utzi eta asunetara joan beharko du lazunak, esaera zaharrak ere hala dio: “Ezin duenak lazuna, jo begi abuan asuna”.

Ez dute hauzko-moduzko begia, ez arraunlariak, ezta lazunak ere. Bataren zein bestearen geneetan txertatutako kultura heredatuak argi dio: uretako astaperrexil pusketa ziztrin bat nahikoa da batena zein bestearena egiteko, gramo bakar bat bizipisu kiloko nahikoa da. Libra erdi batek behor eder bat ere hankaz gora jarriko luke. Zikutoxina du izena nerbio-sistema zentrala eten eta hondatzen duen pozoi malapartatuak. Malapartatu edo zorioneko? Landarearentzat dohatsu!

Behor jendeak ondo jasoa du geneetan uretako astaperrexil honen koadrila, larrean ahoratu ordurako jo eta garbituko lukeena. Era askotako pozoitzeak harrapa dezake azienda hau: apatxetako gaitza (gaztelerazko infosura edo frantsesezko fourbure) topatu izan da, adibidez, Juglans nigra intxaurrondo beltza edo amerikanoaren txirbilarekin egindako azpiak dituzten behorretan. Baina baita anemia, nefrosia edo giltzurrunak alferrik galtzea –esaterako, Acer rubrum astigar gorriaren hosto iharrak janda–, zianuro pozoidura, eta abar. Taxus baccata, hagina ezaguna da gure artzain eta behortzainen artean, amaren batean akabatzen baitu behorrik sendoena ere.